EH Bilduren gezurrak edo egia erdiak

2014ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
EH Bilduren erasoa kontra etorri zaio. Iragan asteazkenean, Legebiltzarrean, agerraldia egin zuen Euskadiko EGAB Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeko presidenteak. Agerraldia Enplegu, Gizarte Politika eta Berdintasun Batzordean, azalpenak emateko «2013-2016 aldirako Enplegu Planari buruz EGABek egindako irizpenaren gainean».

Jaurlaritzak Enplegu Plana aurkeztu zuen. EGABek plan hori aztertu zuen, eta horri buruzko txostena bidali zuen abenduan. Hori azaltzeko agerraldi-eskaera EH Bilduk egin zuen. Txosten horrek hainbat gomendio orokor egiten zituen, eta beste batzuk zehatzagoak. Horietan, bere irizpideari jarraituz, hainbat hutsune, gabezia edo zehaztasun falta aipatzen zituen. Dokumentu horren ondorioz, zenbait titulu ilun eta interesatu egin zituzten, eta EH Bilduk titulu horiei probetxu atera nahi izan zien. Horretarako, EGABeko presidentearen agerraldia eskatu zuen. Bere helburu bakarra Jaurlaritzari kalte egitea zen. Baina ez zuen lortu.

Bere hitzaldian, EGABeko ordezkariek argi utzi zuten Jaurlaritzak beren gogoeta guzti-guztiei erantzun ziela. Gainera, kasu gehienetan, modu pozgarrian. Azaldu zutenez, planteatutako helburuetako asko «literalki» gehitu ditu Jaurlaritzak bere Planean, eta Jaurlaritzak «sintonia» erakutsi du proposatutako aldaketekin. Halaber, nabarmendu zuten Enplegu eta Gizarte Politika Sailak zer-nolako harrera egin zien bere gogoetei, Planaren balorazioari, jarraipenari eta ebaluazioari buruzkoak.

Agerraldia bere asmoetatik urruntzen zela ikusi zuen Belen Arrondok, EH Bilduren ordezkariak. Orduan, hainbat iritzi irakurtzen hasi zen, hain zuzen ere Planari buruz sindikatu batzuek egindako iritziak. Hori guztia, agerraldiaren helburuetatik nahiko urrun.

Arrondo anderea behin eta berriro saiatu zen EGABeko ordezkariak Jaurlaritzaren 2013-2016 Enplegu Plana kritika zezan. Baina ez zuen lortu, inondik inora. Argi erakutsi zuten hori. Izan ere, gertatutakoari buruzko interpretazio erabat interesatua egin zuten, Batzordearen ondoren prestatutako prentsa-oharrean. Bide batez, esan beharra dago ohar hori hedabide bakar batek argitaratu zuela.

Ez da egia EGABek esan duenik Lakuak Enplegu Planerako jarritako baliabideak nahikoak ez direla. Agerraldian zehar, une bakarrean ere ez zuen halakorik esan. Nahiz eta onartu beharra dagoen txostenak jasotzen duela finantzaketa hori lortzeko beharrezko dirua nola lortuko duen hobeto azaldu beharko litzatekeela.

Zilegi da nahi beste agerraldi eskatzea. Baina arduragabekeria galanta iruditzen zaigu EH Bilduk interpretazio interesatua egitea, agerraldian gertatutakoaren aurkakoa erabat. Hori egia ez esatea da, alegia, engainatzea.

Agerraldian ez zuen bere helburua lortu. Hortaz, eskaera egin zuen taldeak behartua ikusi zuen bere burua, EGABeko ordezkarien esanak zeharo manipulatzera. Hori egiazta daiteke, bai bertan egon zirenei galdetuta, bai Legebiltzarreko webguneko transkripzioa irakurrita.

Ikusitakoa ikusirik, Arrondo andereari eta bere taldeari eskatuko nieke horrelako estrategiak alde batera utz ditzatela. Ez daramate inora. Zentra daitezela bere Legebiltzarreko lanean, oposizioko lehen talde gisa egokitzen zaien moduan. Enplegu Planaz hitz egin eta eztabaidatu nahi baldin badute, egin dezagun. Baina, mesedez, ez ditzatela beste batzuen agerraldiak erabili iritzi publikoa manipulatzeko.

Gaia jorratzeko aukera luze eta zabala izango dugu datozen hilotan. Espero dugu EH Bilduk behar duen jarrera izango duela, eta alternatiba eraikitzaileak egingo dituela. Hala egin beharko luke, Jaurlaritzaren proposamenarekin ados ez balego. Izan ere, egia erdiak eta gezurrak erabiltzen jarraitzen baldin badute, eraso horiek bere kontra etorriko zaizkie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.