Oin-hotsak elur gainean bezala entzuten dut hurbiltzen, orriak hostoak balira bezala Argia-ren egutegiari erortzean. Otsailaren 20a elurrez eta hotzez markatua geratu zaigu oroimenean Euskaldunon Egunkaria ixteko operazioan atxilotutako lagunoi, eta zuri-zuri, ez gorri eta ez beltz, BERRIAren egutegian.
Kontatua dago biharko egunez duela bederatzi urte gertatutakoa.
Txio batean esanda: Aznarren PPren gobernuak Euskaldunon Egunkaria itxi zuen.
Txioa blog bihurtuz gero, zabalduko litzateke hamar atxilotu gintuztela, inkomunikatu, torturatu eta kartzelatu.
Prentsa askatasunaren aldeko aldarriren bat ere zabalduko litzateke webguneren batean: euskaldunon eskubideen aurkako atentatua, adierazpen askatasuna, informazio eskubidea, herritarron hizkuntz eskubideak…Eta amonaren arrosarioan bezala harilkatuko lirateke eskubide guztiak ordenagailuaren pantailako listarian.
Egunkariren bateko artikuluren batean ere aipatuko lirateke eskubide zibil eta politikoak hankaz gora bota zituztela, eta oso kalitate demokratiko eskaseko erresuma dela operazio juridiko-militar hori agindu zuena.
Euskaraz izango lirateke, gainera, txio, blog, web eta egunkari aipamen horiek. Nekez iritsiko lirateke telebistara edota bertako beste hizkuntzadun hedabideetara.
Kontua ez da urtero kontu bera gogora ekartzea otoitz baten moduan. Jakina. Kontua memoria egitea da euskal herritarrok Euskal Herrian euskaldun gisa bizi ahal izateko. Kontua da kontu bera era askotan, une askotan eta gune askotan kontatu beharra dagoela euskaldun gisa eta herri gisa aurrera egin nahi badugu. Duela bi urte Xabier Lekuonak kontatu zuen bezala, Egunero operazioa izenburu jarrita: «Bihar, zazpi urte Egunkaria-ko langileek erabaki zutela ezetz, mutu ez zirela geldituko. Bihar, zazpi urte, Egunero operazioa martxan jarri zutela, egun argiz. Hamahiru urteko esperientziaz baliatuta, tripako tximeleta guztiak uxatu eta lanari ekin zioten. Kazetariak, produkziokoak, administraziokoak... guztiak lanean. Egoitza bila, mantxeta bila. Segurtasun kopiak agertu ziren, informatikariek sistema egokitu zuten... eguna amaitzerako operazioaren lehen zatia borobil amaituta. Egunero errotatiban zen. Banatzaileek arrakasta osoz amaitu zuten operazioa. Guardia Zibilari aurre egin nahi izan zioten milaka eta milaka euskaldunek Egunero eskuratu zuten goizean.
Egunkaria-ko langileak ere ausartu ziren. Operazio zibiko borobila.
Aznar eta Acebesen operazio militarraren aurreko herri operazioa. Bat-batekoa, zabala, sendoa eta iraunkorra.
Mina sortzen dit gure historiako pasarte honen oroimenak. Oroimina bihurtu zait oroimena, memoriaren paisaia elurtuan. Jakina da oroimen laburrekoak garela eta ahaztu egin behar izaten ditugula minak eta oroitzapen txarrak. Gizartean nagusi diren komunikabideetan eta erakunde politikoetan, Memoriaren eta errelatoaren garra piztu den garai hauetan, Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera lehen lerrora ekartzea ezinbestekoa iruditzen zait, aurrera begira egin behar ditugun lanak ondo egin ditzagun. Biktima izan gara. Turkiaren estiloko estatu baten indarkeria biktima. Indarkeria gure gain erabili dutelako gara biktima, biktima papera aldarrikatzen ez bagabiltza ere.
Kazetari, historialari, euskaldun oinezkoen esku dago geure memoriaren kontakizuna ere egitea. 'Egunkaria Aurrera!' manifestazioarekin batera Egunero argitara eman zen modu berean edo besteren batean. BERRIA eta ondoren Hitza-k sortu ziren modu berean edo besteren batean. Kontua da orain herri aldizkarietan, Hitzetan, BERRIAn, Argia-n, Hamaikan edota euskal irratietan zabiltzaten gazte askorentzat erreferentzia handia dela duela bederatzi urte PPren gobernuak egin zuena eta orduan 25-35 bitarteko adina izango zuen kazetari multzo batek euskal herritar gehienen bultzada eta laguntzarekin egin zuena.
Jakin behar dugu hemen, Kurdistanen bezala, posible dela egunkariak agintekeriaren indarrez ixtea. Jakin behar dugu hemen Jabier, Teresa, Karlos, Jesus Mari, Xabier, Jose Luis, Isidro eta beste batzuk kartzelan dituztela oraindik 1998an Egin egunkaria itxi ondoren.
Jakin behar dugu Reporteros Sin Fronteraseko kazetari espainiarrek Birmaniakoak, Txinakoak edota Turkiakoak adoptatzen dituztela, nazioartean euren babesa eskaintzeko.
Jakin behar dugu kartzelan diren bitartean preso jarraituko dugula kalean, egunkariak itxi ondoko komunikazio egitasmoei ekinez.
Biharko eguna, uztailaren 14arekin batera, Adierazpen Askatasunaren Eguna izendatu beharko genuke gure memoriaren egutegian.
'Egunkaria'-ren memoriaren argitan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu