'Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta'

2022ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Adinean aurrera goazenoi, besteak beste, gure hautu kultural eta politikoei errepasoa emateko aukera bikaina eskaintzen digu Joan Mari Torrealdai Nabearen liburu postumo honek; gazteago direnei, berriz, historia hurbilaren berri gehiago izateko, eta egungo egoera politiko-kulturala hobeki ulertzeko gako batzuk.

Frankismo luzean, euskalgintza guztia zen estatu botereetatik independenteaEuskal Herri penintsularrean, baina 1978ko Konstituzioaren eta 1979ko autonomi estatutuaren onarpenaren ondoko erakundetze garaian, euskalgintza bitan banatu zen, eta Torrealdai eta Azurmendi eta beste askoren iritzian, erakundetze horrek errespetu gutxi erakutsi zuen frankismo garaiko euskalgintza merezimendu handikoarekiko, eta arrakalak sortu zituen. Eta arrakalak gehiago zabaldu ziren Ajuriaeneko Ituna sinatu zutenean 1988ko urtarrilean.

Pantxoa eta Peio kantariekin ikasi eta kantatu genuen Telesforo Monzonen lelo abertzale izan ezkero gaur, gauden denok anai hura, guztiz higatu zen, eta abertzale/espainolista dikotomiatik demokrata/biolentora igaro ginen. Demokrata izateak ez zuen esan nahi Espainiako estatua onartzea eta autonomiarekin etsitzea hori orain garbiago dakusagu, baizik eta politikoki errealista izatea eta etiko-moralki zintzoa, eta demokrata ez bazinen, HBkoa zinen edo ingurukoa, eta ETAren aldekoa hortxe nonbait; eta, beraz, onenean, erromantiko txoro bat eta moralki guztiz gaiztoa. Eta erdian egotea ia ezinezko bilakatu zen, ekimen kulturaletan ere.

Politikari eta hedabide indartsuenen mantra horrek guztiz mendean ez hartzeko Joan Mari Torrealdairi Joxe Azurmendik ireki zizkion begiak (eta beste askori, neuri barne):

Euskal gizartea bi frontetan polarizatua dago. Franco-ren ondorengo historia errepasatzen bada, niretzat PSOEren, konkretuago Jauregui-ren, sekulako exitoa kontsideratu behar da hori (eta azken urteotako daturik inportanteena politikan): Euskadiko gizartean halako eboluzioa eragitea, kontraesan politiko nagusia bizitza publikoan abertzaletasunarena izatetik, orain demokratismoarena izatera. (Abertzaletasuna bera lau alderditan laurkituta dagoela, gainera, eta lau sektak herio-suharki elkarri kontrajarrita.) Horrela nazio-arazoa praktikan bigarrentiarra da «abertzale»-entzat berentzat: indar politikoak polarizatzen, edo elkartzen/kontrajartzen dituena, «demokrazia» da. «Marxista» batzuen kontra lehenago «abertzale»-ok sutsu ahalegindu ginen, nazio-arazoa ez zegoela klase-borrokaren planteamenduari subordinatzerik. Erakundetxo kultural eta politikoetan, ikastoletan, ETA-n bertan, borroka gogorra izan zen. Begira, bada, subordinatuta dago.

(b) Ez askatasunagatik. Bakeagatik. Bakea absolutu bihurtu da. (...)

(«Abertzalea» deritzon mugimendu baten balio-sisteman, egon ote daiteke bakea askatasuna baino lehenago? Zein modutako logikarekin? (55 or.).

Kontu horiek aspaldikoak bezala ematen dute, baina kondenamania ez, egun ere bizirik baitago, politikoki oso etekintsua gertatzen ari baita. Isilik gelditzea, konplize izatea:

Nire tesia oso sinplea da: bortxaren kondena esijitzea ez da demokratikoa, eta hori esijitzen ari direnak ez dira demokratak, mentalitate inkisitorial fanatizatuak baizik. (Dela amorru politikoagatik, galdatzailearen olde fundamentalistagatik, edo jarrera erlijioso-moral legitimo baten zabalkunde faltsuagatik esijentzia publikotara). (...)

Euskal independentziaren kontrakotasuna, bortxa erabiliz bada ere (Konst., 8.art.), morala da, demokratikoa da eta konstituzionala da. Alderantziz, Euskal independentzia eta sozialismoaren alde egotea, batez ere bortxaz baldin bada, baina ez orduan bakarrik, ez da razionala (XIX. mendeko erromantizismoa), ez da morala (herrien arteko solidaritatearen aurka dihoa, etab., edo eskluientea da, etc.), antidemokratikoa da (nazionalismoa eta demokrazia elkartezinak omen dira), eta antikonstituzionala ere bai apika, azken helburuetan behintzat (...) (60-61orr.).

Testuinguru politiko hori gabe ezin ulertu Egunkariak 1990etik 1994ra izan zituen arazoak Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailarekin lehen hitzarmena adosteko. HBk ez zuen Ajuriaeneko Ituna sinatu, eta ez-demokrata bihurtu zuten. Botere autonomikoari uko egin eta herri mugimenduetatik aritzea erabaki zuen. Eta horregatik Egunkaria aurrera atera nahi zutenek ere herri mugimenduen joko-zelaian jokatzen zutenez, instituzioei erraza gertatu zitzaien euskalgintza ezker abertzalean «urtu» zela sinetaraztea, politikak kulturak baino erresonantzia-kaxa indartsuagoak dituelako. Baina, benetan, ezker abertzalea erabat engaiatu al zen Egunkaria-n? Hona Torrealdairen hitzak:

Nire uste apalean, erakunde autonomikoei uko eginez [HB], uko egin zioten, halaber, hizkuntza politika bizkorrago eta erabakigarriago bat indarrean jartzeari, esaterako. Esan izan nien gurekin pankartan baino nahiago nituela aginte-bulegoan ikusi gurekin batera egitasmoak sustatzen eta elikatzen. Diruz, baina ez diruz bakarrik. Iruditzen zait huts egin digun «konplizitatea» hizkuntza alorrean lortu ahal izango genukeela (59 or.).

Liburuaren muin batera etorriz bestea, dudarik gabe, denok dakiguna da: Guardia Zibilen txosten lotsagarriak eta haien sinestamendu-emaile Del Olmo epailearen jokabidea, torturak, epaiketa eta Egunkariarekin egindako bidegabekeria alimalekoa, hots, Jaurlaritza eta Egunkariaren ordezkarien arteko bilera tirabiratsuetara, oinarrian bi helburu aski kontrajarriak zeudenez: Egunkarikoen nahia botere publiko eta alderdiekiko independentzia begiratuz diru-iturria bermatzekoa; eta, aldiz, Jaurlaritzarena, diru-ordainetan Egunkaria kontrolatzekoa, Ajuriaenekoaren gurpilera eramatekoa; gailurra laugarren kapituluan harrapatzen du liburuak, Joseba Arregiren deskargua Ardanza lehendakariari ardatz duela. Ikusi baduzue Borgen telesail daniarra, berehala esango duzue zeuen artean: horra euskal Borgen, maila ttipian!

Liburua amaiturik, Torrealdairekin esan dezakegu Egunkaria gizarte zibilaren arrakasta izan dela, baina astelehenetan ez da ateratzen, eta prentsari dagokionez, oro har, euskaldunok ez daukagu harrotzeko moduko panoramarik, beste hainbat arlotan ez daukagun bezala, baina horren errudun ez da Egunkaria eta liburu hau ere ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.