Egunen batean

2013ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Batzuetan, harritu egiten gara oraindik ere bere hartan dirauelako emakumeen kontrako hainbat jokaera maskulino indarkeriazkok. Ezin ulertu dugu nola zenbait gizon, itxuraz normalak, gai izan daitezkeen ustez maite zuten huraxe erailtzeko.

Sexu indarkeria, berriz, desira ustez ezin eutsizko batzuen barruan sartu ohi dugu. Erokeria, kontrolik eza, gainezkaldia edota antzeko zerbait begitantzen zaigu. Zuribide psikopatologikoren baten bila jo ohi dugu, geure kontzientziak lasaitzearren, geure erantzukizuna apaltzearren, «indultuaren ilusioa» sentiaraztearren geure buruari. Nire etxean berdintasuna praktikatzen dugu, berdintasunean hezten ditugu etxekoak. Zenbat bider entzungo ote genituen halako esaldiak. Matxismoaren ondorioetatik salbu sentiarazten gaituzte.

Haserrarazi egiten gaitu norbaitek gure jarreran ezaugarri matxistaren bat nabarmentzen baldin badigu. Funtsean, zera gertatzen zaigu: geure burua zalantzan jarria ikusten dugu, eta geure baitan iltzatzen eta giltzatzen gara. Geure praktikak babesten ditugu, baina, agian, geure praktiketatik babestu beharko genuke geure burua.

Jokabide diskriminatzaileak naturaltzat harrarazten digu gizarte inposizioak, norbere praktika desberdin horretaz haragokorik ez bereizteraino. Hau da, kontzientziatze bat gertatzen da, praktika hori sexu jakin baterantz bideratzen baldin bada; baina, ohituraren ohituraz, praktika hori normaldu egiten da. Horrek eredu sexistak gararazten dizkigu, oharkabean. Hala eta guztiz ere, ziur nago jende askok feminismoa praktikatzen duela, ezjakinean. Matxismorik gabeko bizitza bat nahi dugu, baina gero moduren bat bilatu beharra daukagu aldaketarako borondate hori burutan ateratzeko. Zera pentsatzen dugu, «tira, ez da hain garrantzitsua ere», zerbait hautatu beharko bagenu bezala, edota diskriminazioaren alderdi bati aurre egiteak bateraezin bihurtuko balu bezala beste hainbat alderdi diskriminatzaileri aurre egitea. Bai, indarkeriarik basatienaren kontra borrokatu beharra dago, baina txorakeria bat da hizkera barneratzailea.

Desberdintasunak gutxiesteko joerak berekin dakar horiekiko tolerantzia. Erradikalak izan beharra daukagu, sexismoa errotik erauzi behar dugu geure burutik eta egintzetatik. Matxismoaren erroraino jota baino ez dugu lortuko berdintasunerako espazioak sortzea.

Bizi garen jokalekuak aldatu egin dira, baina gutxi aldatu dira joko arauak. Ezin bereizi ditugu gure egintzak eta haien gertaleku den harreman esparrua, zeina desberdintasunezkoa baita oraindik ere. Harremanen esparrua aldatu egin da, baina ez halako tasunez «gabetzeko» lain.

Gure haurtzaroko iruditeria kolektiboak, Disneyk sustatua izaki, heroien eta printzesen mundura garamatza, eta, hor, kasu bakan batzuetan baino ez dira desegiten estereotipo zaharkituak; aitzitik, oro har, indartu baino ez dira egiten genero rol tradiziozkoak.

Oraindik ere, printzesen gisa jantzi ohi ditugu gure neskatoak, eta horrek mugatu egiten die esploraziorako eremua; are okerrago, geure printzesa izan daitezen nahi dugu, eta esan egiten diegu, behin eta berriz berresten.

Ideia, aurreiritzi eta kode horiek guztiak beste usadio eta ohitura batzuekin batera bizi dira, elkarren bazka dira, sexismoa «egokiro» barneratu dadin. Mapa emozionalak sortzen dituzte maitasunerako, «benetako maitasuna» bizi izateko modu bakar eta esklusibo bat. Eragozpenez, minez, sufrimenduz, jaieraz eta sakrifizioz betetakoa, eta bizi osorako maitasun gartsu bat izango duena ordainsari. Borrokaldi bihurtzen dugu maitasuna, maitasunez hiltzera behartzen gaituen borrokaleku. Non gizonek emakumeak konkistatu behar baitituzte, eta emakumeek, hasierako erresistentziaren ostean, erabat meneko izan behar baitute, gizonezkoen borroka saritzearren eta haien bizia zentzuz betetzearren.

Gainera, Espainiako Estatua, zoritxarrez, monarkikoa da, eta erakusteko moduan gaude errege-erreginen familiek ondorio kaltegarriak dakarzkiotela egiazko emakumeen munduari eta ikusezin bihurtzen dituztela.

Egunen batean, emakume —hala baldin bazara—, joango zara lanera, eta baliteke entzun behar izatea ezinago ederra zarela, baina ez zeure lanbidean ezinago baliotsua.

Egunen batean, erakusleiho baten aurrean geratuko zara, eta, hari begira zaudela, berehala jakingo duzu zer oinetako dagozkizun—emakumea baldin bazara—, eta barneratu egingo duzu pinpirinaren mina; edo, gizona baldin bazara, ondo bezain eroso ibili beharra.

Egunen batean, morrosko bulartsuen gisara txaloka hasiko gara, gure heroi partikularrek egindako futbol balentriak direla eta.

Egunen batean, emakumez josita ikusiko dituzu telebistak, haien gorputza kontsumo pizgarri, edo ez dakit zer produkturen sustagarri, eta edozeinek esango luke emakumeen gorputza bera dagoela salgai.

Egunen batean, emakumeen kontrako indarkeriara bultzatzen duten kantak kantatu eta dantzatuko ditugu.

Egunen batean, jostailu berberekin —hori bai, sofistikatuagoekin— jostatuko gara, panpinak ere hainbat beharrizan «fisiologikoak» izaten hasiak baitira.

Eta are okerrago: egunen batean, normala irudituko zaigu hori guztia.

Beldurra ematen digu hainbat iruditeria aldatzeak, askoz erosoagoa baita ezaguna zaigun horretan goxo egotea. Aldatzeak berekin dakar kontzientziatzea, hainbat erantzukizun hartzea eta prest egotea gizartearen jarrerari eta tradizionalisten erresistentziei aurre egiteko.

Berdintasun maila gehiago konkistatzeak askotariko erantzunak eragin ohi ditu: indarkeria gaiztotzea, hainbat lege aldatzea (abortatzeko eskubidea), emakumeei ospea galaraztea (salaketa faltsuak), desberdintasuna ukatzea eta, are arriskutsuago, pentsatzea dena egina dagoela. Ukazioa mekanismo bat da ez jarduteko, pasibo izateko edo aldaketari kontra egiteko.

Berdintasunaren aldeko aktibista izateak berekin dakar, ezinbestean, jakitea zein jokalekutan izango diren zilegi harreman berdintasunezkoagoak. Horiek nekez izango baitira zilegi ez baldin badugu desegiten emakumezkoen kontuak eta gizonezkoen kontuak bereizi egin behar direlako ideia. Eta inor baldin bada sinesten duenik hori gainditua dagoela, doala bateko eta besteko zinema aretoetara, dendetara, parkeetara, ikastetxeetako patioetara; ikus dezala telebista; entzun ditzala irrati tertuliak; eta abar.

Egunen batean, bizitzaz hitz egingo diegu gure neska-mutikoei, bizitzako arriskuez; baina gai izango al gara gure neska-mutikoak sexismotik babesteko eta sexismorik gabeko bizitza libre batean hezteko?

Hartara, agian, egunen batean, beste ikuspegi batetik begiratuko diogu munduari, eta ez zaigu normala begitanduko matxismoa.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.