Atzera begiratzen dugun aldiro ugari zamatzen zaizkigu minak eta mirak.Iraganmina, ezagutu duenari egokitzen zaio; ezagutu ez duenari, berriz, mira. Biak ala biak amiltze tentagarriak dira, labarreratze arriskutsuak. Eta, noski, Eguna egunkaria zabaldu eta itxi (itxiarazi) zutenetik 80 urte bete diren honetan, minik ez baina mira kasik itsugarri.
Euskal PEN Klubaren ekimenez, egunkari honek Eguna-ren hamaika editorial, iritzi-artikulu eta albiste ekarri ditu aurten, urtarrilaren 3an hasi eta 17an amaitu, asteartetik larunbatera. Sei hilabetez, Armiarmako fakzimilak arakatzen jardun dugu, egunero 4 edo 6 orritako berripaperak irakurtzen eta aurrez ezarritako karaktere-kopuruaren araberako berriak eta iritzi-artikuluak aukeratzen, atontzen eta, orduko moldean, kopiatzen.
Urte hasieran, Eguna gogoratzeko eta omentzeko zurrunbiloan, neu ere irentsi ninduen miraren sindromeak. Izan ere, testuinguru ezin zailagoan sortu zuten kazeta: 1937an gerra betean, oso baliabide urriekin eta euskara baturik gabe. Baina, gainera, bultzagileek barne-trabak ere gainditu behar izan zituzten, batek baino gehiagok uste baitzuen egokiagoa zela albiste bakan batzuk ematea Euzkadi eta El Dia erdarazko egunkarietan. Lauaxeta, Lizardi eta beste euskaltzale batzuek, aldiz, garbi ikusten zuten euskara hutsezko kazeta baten beharra. Hartan ibili ziren kazetari Alejandro Mendizabal, Eusebio Urkiaga, Agustin Zubikarai eta Jose Maria Arizmendiarrieta. Eta haiekin batera kolaboratzaile Inazio Eizmendi Basarri, Julene Azpeitia Arritokieta, Jesus Insausti Uzturre, Julia Gabilondo Maite eta beste asko.
Urte berriarekin batera jarri zuten martxan egunkaria. Lehen zenbakiek kazetan fijo izango ziren atalak ekarri zituzten: Euzkadi e/ijetatiko izpa/ak; Atzerriko izpa/ak; Naskaldija; Eritxi-Miritxi; Bilbao'ko izparringijak diñuena; Euzko guda-oñetan; Kaleko marmarra; Euzko emakume maitia; Españar gudea erbestean; Au, ori ta bestea; Nere bordatxotik; Eguneko jarduna; Zer-esanak; Loretxo eleberri-edestia; Eusko lugiñen aldez; Argazki ingoskia... Eta egunero editoriala.
Urtarrilaren 1eko editorialean, «Emen gara!!» izenpean, lortutakoaren garrantzia azpimarratu nahi izan zuten: «Ezin dogu ziñestu. Euzkeltzale ta euzkeldun gustion ames zoro ta ezintzat uste zana, egi ta ixatean biurtuteko agindu zindua artu dogu gozetik gabera». Baita asmo nagusia adierazi ere: «Amesez ganezka ta itxaropen bixiz gatoz, euzkerea erabilkatxa dala uste dabenei arpegi emoten dautsoegu eta gure abe/kidiei atsegin yakezan izpa/ak euzkeraz baka/ik, argi-argi eta ziatz-ziatz emoteko ustietan agertuten gara».
Nahi, behar, asmo eta desio haiek ugari agertu zituzten, lehen asteetan batez ere. Editorial eta iritzi-artikulu mordoa idatzi zituzten gaiaren inguruan. Gogorrena, agian, urtarrilaren 3koa, Miguel Unamuno zendu berri: «Unamuno il da euzkerea erabili ta zabalduko daben egunerokua jayoten dan egun berbertan. (...) Bere itzen eta iragarkixun naigabetsu ta zitalen au/ian Eguna'k bere burua agertuten dautso, Eguna'k euzkerearen sendotasun eta bixitasuna erakusten dautso, euzkota/en izkuntzearen gaitasuna. (...) Go/otozko itz batik eztogu geure eriotzia iraga/i ta nai ixan ebanantzat. Bera ilotz geratu da guri bixitza-eguna argitu yakunian».
Eta kezka ere bazegoen. Txomin Arruti Mendi Lautaren artikulu batek ezin gordinago erakutsi zuen: «Ez dakit zenbat iyeki saltzen diran, baño bildur naiz saldu bear litzaken baño gutxigo saltzen dirala. Nik, nai aña ez det entzuten txaidetan ziar. Ez da ere batzoki abertzaleetan. Au bai dala tamala. Neri min ematen dit euzko batzokietan... ¡Bilboko euzko batzokietan! —batzuetan beintzat— ez dakust egunkari euzkeldun abertzalea. Euzko batzoki batean euzkel egunkari abertzalea ez ba dakust nun ikusiko ote degu ba? Uste det Eguna'ren zabalkunde arazoa abertzale orok gogor artu bea/ean gerala. Ez dezagun uste izan, orain arte bezela, euzkel idazlanak «por sport» egin bear dirala. Abertzale oro ez gera ba jardun ikastetxe nagusi, ikastolak eta abar euzkeldunak bear ditugula? Bai ote aldezle bikañagorik euzkel egunkari abertzalea baño?».
Baina Eguna ororen gainetik egunkaria zen. Eguneroko gertaeren berri eta neurri ematen zuen. Euskaraz gain, gerra zen gai lodia, albiste eta artikulu gehien hartzen zituen. Europak eta, bereziki, ingelesek abandonatu zituztelako ustea aski zabaldua izan arren, kazetan jardun zutenek azken unera arte sinistu nahi izan zuten garaipena posible zela. Eta gai lodiekin gai meheago asko zeuden, bestelako albiste eta iritzi-artikuluak, eta haietan ikus dezakegu zer gertatzen zen herrietan, zer informazio zuten munduan gertatzen ari zenaz (Europako faxismoaren gorakadaz, adibidez) edo nola ikusten zuten emakumea emakume kolaboratzaileek eurek.
Eguna-ren 80. urtemugan oroitzeko ospakizunetan hotsandiko berbak aditu ditugu, meritu latzak aitortu zaizkie gizon-emakume ekintzaile haiei. Eta aitorpena beharrezkoa da, baina irakurketa eta gogoeta ekarri beharko lituzke aldean. Berripaperaren beraren albisteen eta artikuluen irakurketaz ari naiz. Noizean behin Armiarmaren fakzimiletan miatu eta berri txikiez blaitu. Eta, bestetik, hausnartu. Orduko kezkak eta moldeak guganaino heldu baitira palimpsesto gisa, déjà vu baten lez kasik: abertzaleen erdarazko egunkariak, euskara hutsezko kazeta indartsu baten beharra... Aski ezaguna zaigu.
'Eguna': min eta miretatik harago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu