Egun on bat gizonen duintasunarentzat

2012ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Joan den azaroaren 25a, datorren martxoaren 8a, urtarrilaren 30a —Gandhiren proposamen ez-biolentoaren gogoangarri—, hurrengo otsailaren 14a; egun horietako edozein izan daiteke ona gizonen duintasuna aldarrikatzeko. Egun horretan, gizonek beren duintasunaren berri eman dezakete, emakumeekiko aurreiritziak, desberdintasuna eta indarkeria amaitzeko borrokatuta, horrek guztiak zirkulu zentrokidetan biltzen baikaitu, urak arrainak bezala, Norma Vasallo aditu kubatarrak adierazia duen bezala.

Egun horretan, gizartean dagokien egitekoaren kontzientziaz jabetzen has daitezke gizonak, eguneroko beren jardunaz konturatzen, zeina patriarkatuak sartua baitie buruan, menderenmendetan, emakumeak menderatzeko modu gisan. Jabetu daitezen gizon gisa iraunarazi egin diotela bidegabekeria horri historiaren joanean.

Gizon askok pentsatuko dute ez dutela inolako aurreiritzirik, eta egia izango da. Beste batzuek pentsatuko dute berdintasunean sinesten dutela, eta egia izango da. Beste askok, gehienek, esango dute ez darabiltela indarkeria fisikorik emakumeen kontra, eta arrazoi izango dute.

Orduan, zein da arazoa? Zer esan diezaiekegu emakumeok gizonei? Gauza bakar bat bururatzen zait, gogoeta eginaraztea; hain zuzen ere, berdintasunean aurrerabiderik ez badago eta emakumeen kontrako indarkeria errotik erauzterik ez badago, arrazoia da gizonek ez-egitez iraunarazi diotela bere hartan egoera bidegabe honi.

Ez-egitez, matxismoa gaindituta daukatela pentsatuta ez direlako argi eta garbi feminista gisa agertzen gainerako guztien aurrean.

Ez-egitez, aurreiritzirik ez dutela pentsatuta ez dutelako emakumeen eskubideen alde egiten eta partaidetza kuotarik bultzatzen, haiek erantzukizun handiko postuak bete ditzaten.

Ez-egitez, gizon-emakumeak berdinak direla pentsatuta oraindik ere «lagundu» egiten dutelako etxean.

Ez-egitez, emakume bat sekula joko ez balute ere uste dutelako hark ez lukeela agertu behar hainbat toki, ordu eta modu jakinetan, ezer gerta ez dakion.

Ez-egitez, emakumeen laidogarri diren txisteak entzunagatik ez dituztelako isilarazten beren lagun gizonezkoak.

Ez-egitez, hainbat publizitate, artikulu edo telebista katetan emakumeak objektu gisa tratatzen dituztela ikusiagatik ez dutelako salatzen.

Ez-egitez, desberdintasunak eta indarkeriak bere hartan dirautela ikusiagatik ez direlako gai manifestatzeko azaroaren 25ean edota edozein erailketa gertatzen denean, horiek emakumeen kontuak direla argudiatuta.

Ez-egitearen ez-egiteak duintasunik gabeko egiten ditu gizonak. Richard Sennett-ek adierazia duenez, gizarteko bizimoduan lan adierazkorra eskatzen du elkarrekikotasunak. Norbere buruarekiko errespetu handiagoa eta elkarrekiko errespetu handiagoa. Ez-egiteak ez dakarkigu inolako onurarik emakumeoi; aitzitik, bere hartan betikotzen ditu gizon-emakumeon arteko desberdintasunak.

Zer egiten gaitu gizon-emakume, ezpada geure duintasunak? Pertsona guztiok ditugu eskubide batzuk, pertsona izate hutsagatik, eta guztiei zor zaie errespetua; baina duintasuna, pertsona duin bat izatea, oso bestelako kontuada, eta bizi osoan landu beharrekoa, egunez egun.

Lana, emakumeon taldeari dagokigunez, gizartean aurrez aurre jardutea genero borrokan, ezinbestekoa da oraindik ere. Baina, hona ekarri nahi dut ezinbestekoa dela norbera aldatzea, eta orain hizpidera ekarri nahi dut gizonentzako betebehar kategoriko bat, alegia, agindu edo jokabide moduko bat, zer-nola jokatu behar dugun adierazten duena, baina gizonei berei sortu behar zaie, beren arrazoimenetik, beren burua errespetatzeko interesetik.

Giza duintasuna libreki sortzen da, egin egiten da, nahiaren nahiaz, legeaz haraindi; ez datorkigu kanpotik, ez gatoz mundura duintasunaren jabe. Koherentziazko barne prozedura bat da, barne lanketa bat, norbere buruaren balioa handitzearen ondorio, egunero jaiki eta ispiluan begiratzean nork bere buruari «baliotsu» iriztearen emaitza.

Aurrerantzean ez ditut hizpide izan nahi emakumeak, gizonen biktima gisa; hizpide izan nahi ditut gizonak, emakumeekiko duintasunik gabe jokatzen dutelako.

Ez dago oso urrutira joan beharrik ere, emakumeekiko justiziaren alde lan egiteko eta gizon gisa duinago izateko. Hain zuzen ere, hemen gauzkazue, zuen alboan, lurralde bera partekatzen, ez gaude urruti, eta asko gara, emakume asko eta asko, populazioaren erdia beste bai.

Ez dago oso urrutira joan beharrik ere, hasteko, edozein egunsenti baita on duintasunez hazteko.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.