Egotearen garrantzia

2017ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Egon behar dudan lekuan egongo naiz» erantzun zion Urkullu lehendakariak Oihana Etxebarrieta legebiltzarkideari, galdetu zionean ea Irungo alarde mistoari babesa ematera joateko asmorik al zuen. «Ikusiko duzu non egongo naizen» esan zuen, ezkutaketan jolastu nahi izan balu bezala, sorpresa bat eman nahi izan baligu bezala. Baina ni Irunen egon nintzen egun osoan, eta nik behintzat ez nuen ikusi.

Non zegoen gure lehendakaria San Martzial egunean? Non zegoen Alarde parekidea bere Jeneralaren zain zegoenean San Juan plazan? Ez zegoen berdintasunaren alde udaletxeko balkoian harrera egitera ateratako emakume eta gizonen artean, ezta arkupeetan ere. Ohituta gaude udalaren burua den José Antonio Santano ez ikusten bere etxeko balkoian Alarde egunean; izan ere, Betiko alardeari harrera egin ondoren San Martzial mendira joaten da, bizitzan behin kantinera ateratzen diren emakumeekin santuari arrosa bat emateko, erromerian dantzatzeko, argazki polit bat ateratzeko.

Non zegoen lehendakaria alarde publikoan parte hartzen duten neska eta mutilei bizkarra ematen zietenean hainbat irundar zahar eta gaztek? Non zegoen Kale Nagusian eserita geratzen ziren gazteak ez ikusiarena egiten ziotenean berdintasunari? Agian beste urte batean ere etorri ziren ertzainen artean ezkutatua zegoen zamarra gorri berri batekin, txapel gorri bat buruan izan ordez? Izan ere, hogei urteren buruan berdintasunak babes poliziala behar baitu, kaleetan pasatuko bada.

Eta non zegoen Iñigo Urkullu EAJko batzokiaren beheko balkoian bildu ziren emakumeek desfile parekideari bizkarra eman ziotenean? Goiko balkoian zegoen, txaloak ematen zituzten beste hiru lagunekin?

Horregatik da hain garrantzitsua gure presentziarekin besteen jarrerari eragitea. Ez da nahikoa adostasuna adieraztea, ez da nahikoa ordezkariak bidaltzea; egon behar dugu guk, gure gorputzarekin espazioa betetzen, gure eskuekin txaloen zarata egiten, gure irribarrearekin ikusten gaituztenak alaitzen.

Euskal Herrian ni baino hobeto jakingo duzue zer garrantzi duen egoteak. Bizitzaren une zoriontsu zein latzetan egoteari garrantzia ematen dio euskal gizarteak; esaterako, iragate errituetan, haur bat jaiotzen denean, norbait hiltzen denean, egon behar da, ondokoekin ospatzeko edo negar egiteko. Ez da nire herriaren kasua, non intimitatea errespetatzeari lehentasuna ematen dion, non mezu edo kuttun baten bidez gure sentimenduak edo gure solidaritatea adierazten ditugun. Hemen ez dut zalantzarik egoteak lehentasuna duela.

Egon edo ez egon, horretan datza galdera. Kasu honetan zalantza ez da izan edo ez izan; galdera hori Hamleti utziko diogu, bere garrantzia ukatu gabe. Kasu honetan egotearen garrantziaz ari gara. Hau da, ez da bakarrik iritzia izatea, ideiak konpartitzea, batzuekin bat etortzea. Eskatzen ari dena da: egotea. Posizionamendua gorpuztea. Baloreak haragitzea. Adostasuna materializatzea.

Eta lehendakariaren presentzia ez da edonorena, eta horregatik bera egotea oso esanguratsua izango zen. Ez dugu eskatzen Iñigo Urkullu gurekin egotea —atseginez gonbidatzen dugun arren— baizik eta Urkullu lehendakari jauna egotea: bere pertsonak oraingoz honetan Euskadiko agintari gorena irudikatzen baitu. Instituzio baten kargua okupatzen dugunean, gure presentziak, gure pertsonak, gure gorputzak ozenki hitz egiten du. Eta gatazka honetan lider politikoen absentzia azken bi hamarkadetan zehar nabari izan dena da.

Nor egoteaz aparte, non egon ere inportantea da. Erritualak, politikagintza bezala, sinboloz osatuak daude. Lekuak oso esanguratsuak dira. Alarde egunean, ez da berdin Ajuria Enean egotea —nahiz eta Alarde mistoarekin ados izan— edo Irungo udaletxeko balkoian egotea, Jeneralaren sarrera ikusten, berarekin batera emakume eta gizonez osatutako tropak agurtzeko. Balkoiak ez dira bakarrik agintariak bertan ikus ditzagun, aukera pribilegiatu hartaz balia daitezen; balkoiek ematen dute hor agertzen direnek handik ikusten dutena baieztatzeko, legitimitateko gaitasuna.

Bidasoaldekoon Alardeen aferaz ari garelako, presentziak hitzek baino ozenago hitz egin dezake. Azken bi hamarkada hauetan zaila izaten zaigu gatazka honi buruz hitz egitea, eta askotan keinuek, egiten ditugun jestu txiki horiek hitzak baino askoz gehiago esaten dute. Gatazka bat enkistatzen denean, arazo bat tabu bihurtzen denean, negoziazio mahaia hutsik gertatzen denean, egitea eta egotea izatea eta esatea baino garrantzitsuagoa izan daitezke.

Bukatzeko, zeu zara, lehendakari jauna, keinu hori egiteko pertsona aproposena. Zeu zara balkoian egon behar zena. Ez da berdin Emakundeko buru den Izaskun Landaidak zure agintea ordezkatzea. Ezta Manuel Lezertua Arartekoa ere. Ezta EH Bildu, Ezker Anitza-IU edo Ahal Duguko ordezkariak, nahiz eta haien presentzia estimatu eta eskertu. Eta zer esanik ez, ez da berdin Denis Itxaso PSE/EEren partetik alkatearen lekuan egotea.

Alarde egunean, arratsaldeko desfilearen bukaeran euri zaparrada batek harrapatu gintuen. Bustita blai, baina alai bukatu genuen. Une batez, nire alaitasuna handitu zen, lagun batek esan zidalako goizean norbaitek ikusi zintuela. Urkullu lehendakaria, plazan, Alarde parekidea ikusten. Egia ote? Azkenean, horrek esan nahi al zuen «ikusiko duzula» esan zenuenean? Ba, ez, gutxi iraun zuen nire pozak... Lagunak gaizki ulertu omen zuen, ez zen Urkullu, ez. Eta oraindik nik ez dut ikusi non zegoen eta ez dakit non egongo den. Baina espero dut hurrengoan berdintasunaren alde egin behar duenean, giza eskubideen defentsa jokoan denean, jakingo duela lehentasuna ematen egoteari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.