Aurreko artikulu batean (Egokitze ideologiko hirukoitza, BERRIA 2012-06-20) proposatzen nuen Espainiako Gobernua egiten ari dena, egokitze ekonomiko soila ez-ezik, egokitze ideologiko bat dela, hots, eredua liberalismo basatiaren ikuspuntutik aldatzeko saio bat eta zerbitzu publikoen aldikako pribatizazioa.
Nire ustetan, une hauetan bizi dugun egoeraren deskribapena egina, galdetu ahal da sozialdemokrazia prest dagoen edo ezkerreko pertsonak egokitze hirukoitz honi aurre egiteko prest gauden.
Uste dut sozialdemokraziaren berrarmatze ideologiko bat falta dela, baina, batez ere, alde batera utzi behar direla konplexuak eta jakin behar dela baietz, egin dezakegula. Ardatz bikoitz baten oinarritu beharko litzatekeen ekintza bat behar da, nire aburuz: alternatiben eskaintza egin eta kalean arreta jarri.
Alde batetik, alternatiba sinesgarriak eskaini behar ditugu Estatuaren arloan Rajoyren gobernuk proposatzen ari zaigun egokitze ideologiko-ekonomikoaren aurrean. Ezin dugu etsi beste alternatibarik ez dagoela ideiaren aurrean, badagoelako. Alternatibak, egon badaude.
Gure herrian alternatiba fiskal bat eraiki ahal eta behar dugu, Ongizate Estuaren zerbitzu publikoak mantentzea ahalbidetuko diguna, eta unibertsaltasuna bermatu. Eta horretarako, bidezkoagoa izan dadila egin behar dugu. Espainiako langile soldatadun batek, manufaktura langile batek adibidez, Suedian ordaintzen den baino zerga gutxiago ordaintzen ditu (hogeita sei puntu gutxiago) edo Europako Batasuna 15ean ordaintzen den batez bestekoarena baino gutxiago (hamalau puntu gutxiago). Halere, begiratzen badugu diru gehiago dutenek zer ordaintzen duten, hau da, errenta gehien duten %1ek, orduan ezberdintasuna handiagoa da (Suedian baino laurogei puntu gutxiago edo berrogeita hamar gutxiago Europako Batasuna 15eko batez bestekoarena baino). Norbait ausartzen al da esatera gure fiskalitateak ez duela ezberdintasunik ezartzen gizarte klaseen artean? Jar gaitezen horretara zeren eta, Vicenç Navarro irakaslearen aurreikuspenak erabilita, Espainiak Suediak duen zerga-sistema izango balu, Estatuak berrehun mila miloi gehiago jasoko lituzke eta horiekin bost milioi lanpostu sortuko lirateke. Hau dela eta, Ongizate Estatuaren zerbitzuen bermea izan lezaketen langileen kopurua lau aldiz biderkatuko litzateke.
Estatu Autonomikoa defendatu ahal eta behar dugu (gure kasuan, bereziki, euskal autogobernua, lehendakariak egin ohi duen bezala), honen erreforma proposatuta; azken hogeita hamar urteetan izan dituen argi eta itzalen berrikusketa kritikoa eginez. Federalizazio maila handiago bat izan dezala, egungo eskumenen banaketa baloratu eta birplanteatu dezala, lurraldeko Ganbera bat sortuz… Soilik sisteman sinesten dutenek bere erreforma proposatzen dute. Arrazoi honengatik, beharrezkoa da mahai gainean alternatiba bat jartzea.
Populismoa eta ezarri nahi diguten estremismorako egokitze diskurtsiboa borrokatu ahal eta behar dugu. Txartelik ez duten pertsonei osasun zerbitzua bermatzeko, nahikoa litzateke, zer edo zer murriztea hornikuntza militarren gastua. Baina diskurtso xenofoboa erasotzeko besterik ere behar da, zer edo zer oinarrizkoagoa berreskuratu behar da. Nik ez diot neure buruari uko egiten, ez dut nire gurasoez edota nire jatorriaz arnegatzen. Eta alderdi gisa ez genuke inoiz egin beharko. Azken garaietan gehiegitan egin izan dugula sentitu dut, geure buruei uko egiten geniela. Ikuspuntu horretatik uler zitekeen, beti defendatu izan ditugunak defenditzen jarraitzeari uko egin diogula hainbatetan: pertsonen duintasuna, xumeentzako aukeren berdintasuna. Jendeak zigortzen ditu euren buruei uko egiten dietenak, arnegatuen proposamenekin bat etorri ala ez.
Eta bestalde, bukatzeko, kaleari arreta jarri behar diogu… Zer diot! Kalean egon behar gara! Oraindik ere ezkerreko arduradunen ahoetatik «horiek ez dira geure jendea», edota «Gobernutik bota gintuzten», «euren proposamenak ez dituzte zehazten» bezalako esaldiak entzuten diren, hamarretik zortzi boto emaile sozialistek, M-15 mugimenduak planteatzen dituen helburuekin bat egiten dute. Uste dut gizartearen lidergoa izateko gai izan behar garela, berdin diola non aurkitzen den gizarte hau, lantokietan, erakundeetan edo kaleetan. Zeren eta sozialdemokraziak ez badu bultzatzen, populismoak gizartea bultzatzeko arriskuarekin topo egingo dugu. Populismoaren jatorria ezkerrean egon daitekeen arren, beste muturreko eskuinean lekutzen buka daitekeelako. Baditugu duela gutxiko adibideak.
Egokitze ideologiko hirukoitzaren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu