Azken asteotan hamaika bider ikusitako Michel Piccoliren irudiak gogora ekarri digu munduko festibalik glamourosoena jazo dela. Planeta guztiko pribilegiatuenek, bedeinkatuenek, zorionekoenek eta cool-enek Palais des Festivalseko eskailerak igo dituzte zinemaren jairik arranditsuenean. Piccoli gorantz abiatzen da, zeruertz amaigabera. Mundua proiektatzen den pantaila erraldoia bailitzan, Piccoli gora doa, eta, haren itzalpean ezkutaturik, Godard bera, bere ametsa betetzen: mundua (eta zinema) menderatuko dutela ematen du. Hainbeste glamour, jende ziratsa, jende cool-a, jende guay-a ikusteak eta medioetan hainbeste pelikularen kronikak eta albisteak irakurtzeak zinema jaialdiez hausnartzera animatu gaitu.
A. Jodorowskyk azaldu zigun artisten hiru gaitzak alkohola, tabakoa eta egoa direla. Axioma ergel bat dirudien arren, azken batean bestelako ogibideei ere lot dakieke; neurri batean, errepikatzen den arketipoa dugu. Alkohola eta tabakoak gure osasunerako mingarriak badira, oso, ego neurrigabea izatea are mingarriagoa da, nahiz eta askotan ekidinezina suertatzen den. Orain dela hilabete bat, jaialdi batean nengoela, hoteleko igogailuan liskar bat ikusi nuen. Pertsona batek (antza, zinema ekoizle batek) zuzendari bati honela esan zion, irmo: «Garrantzitsuena hemen pelikula da, ez zure egoa». Huskeria bat ematen duen esaldi horrek zer pentsa eman dit ondorengo jaialdietan. Leave your ego at the door esamolde ospetsua behin baino gehiagotan erabiltzen dugu, baina, jakina, gizakiok gure egoa aitortua izateko eta zaintzeko joera naturala dugu, eta hori ukatzea bai, hori zurikeria litzateke. Zinemaren kasura bueltatuz, eta berdin du munduko zer txokotako zinema jaialdia den, oso interesgarria suertatzen da eratzen den esfera edo ekosistema propioa eta amankomuna.
Zinema bera eta jaialdiak esfera gorputz geometrikotzat hartuko bagenitu, bere diametroaren inguruan biraka dabilen zirkunferentzia batek sortutako gainazal itxia izango lirateke. Alegia, zinema bere inguruan konektatuta dauden agente eta eragileek osatzen eta sustatzen duten esfera litzateke: pelikulek, zuzendariek, produktoreek, programatzaileek, banatzaileek, kritikariek eta, nola ez, publikoak osatutakoa. Are gehiago: elementu horiek guztiek, Deleuzek hain ondo defenditzen zuen egitura errizomatiko bat bailitzan, aldez aurretik ezarritako hierarkiarik ez dagoen egitura konplexua, elkarri eusten eta elkar elikatzen duten elementuak lirateke. Azken finean, neurri batean, aipatutako agente guztiek esfera sasiendogamiko bat eratzen dute.
Eta esfera hori osatzen duten elementu eta nodo guztiek badute gauza amankomun bat: Egoa. Halaxe da, eta ez da txantxetan hartu beharrekoa: egitura errizomatiko horretan, arte eta parte garen eremu irristakor honetan, zuhurtziagatik, interesagatik, adiskidantzagatik edota lotsagatik ez dugu apenas egoaren inguruko hausnarketa publikorik egiten.
Egoesfera horretan jaialdiek, jakina, pelikularik ospetsuenak nahi dituzte. Programaziorik berriena, bereizgarriena, erakargarriena eta cool-ena izateko borrokatzen dira, zuzendari eta produktore ospetsuen presentzia izateko, eta, noski, medioetan presentzia nabarmena izan eta kritika onak jasotzeko. Eta egoesfera horren erdian programatzaileak aurkitzen ditugu. Umore pixka batekin aztertuz, ez da erraza programatzailea izatea. Primizian pelikulak ehizatu behar dituzte, zinemako influencer-ak bilakatzen dira, eta eurek arras ondo dakite boterea dutela; ongi dakite aukeratutako pelikulek aukera asko dituztela jaialdietako zirkuituetan sartzeko eta munduko beste hamaika txokoetan erakusteko. Eivissako musika elektronikoko DJ ospetsuak bailiran, programatzaileak oso kontziente dira zinemako trendsetter-ak direla.
Programatzaileen egoa elikatzeko, zuzendariak eta ekoizleak ditugu. Zuzendari eta ekoizleentzat ere ez da lan makala pelikula aukeratua izatea, aitortza izatea eta beste zuzendari ospetsuen pelikulekin lehiatzea. Gainera, elkarrizketak eman beharra, jarraitzaileak izatea, groupie-ak ekiditea, jaialdietako giro sozialean murgiltzea... oso estresagarria izaten omen da euren egoa gustura gelditzeko. Eta, bide batez, ez dezagun ahaztu badaudela zuzendariak jaialdietarako espresuki pelikulak egiten dituztenak. Oso ongi dakite zein den jaialdi zirkuitu jakin batzuetan funtzionatzen duten lengoaiak eta estetikak, eta hain in eta cool direnak.
Are gehiago, zuzendarien eta ekoizleen egoa elikatzeko, kritikariak ditugu. Zuzendariek sobera dakite zein medioekin harremanetan ipini behar duten pelikulaz ondo hitz egiteko. Hortaz, eragina duten kritikariekin eta euren egoekin ere topo egiten dugu. Denok oso kontziente gara medioek duten indarraz eta botereaz, eta kritikariek badakite jaialdien egoesfera sasiendogamiko horretan funtsezko papera jokatzen dutela.
Hala ere, ez gaitezen inozoak izan. Noizean behin gure egoa elikatzea denoi gustatzen zaigu, erdi instintiboa suertatzen zaigu, baina badakigu, eta ingurune cooltural honetan modu nabarmenago batean, ego gehiegi izateak hil egin dezakeela, eta artearen hilerria egoz beteta dagoela. Eskerrak, eta hori ere badakigu, hainbeste jaialdi cool, zuzendari cool, programatzaile cool, kritikari cool, jende guay, jende cool... dagoela, baina gure pasta betaurreko postmoderno eta cool-ek ere ez gaitzaten engaina honetan, egoesfera horretatik kanpo badaude bestelako esferak, txikiagoak, umilagoak, ez hain endogamikoak, pelikula interesgarriak ikusteko aukera eskaintzen digutenak. Gure modako betaurreko sasimodernoek lagundu behar digute ikusten mundua ikusteko (berrikusteko), ulertzeko (ahalegintzeko) eta neurri batean aldatzeko (eta eraldatzeko) artea dela zinema.
Egoesfera 'coolturala'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu