KRITIKA. Artea

Egiteen ariketak

VARIOPINTAS KOLEKTIBOA
ARTEA. Variopintas kolektiboaren 'Korrespondentzia' erakusketako zenbait pieza, Iruñeko Ziudadelako bolborategian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iruñea
2024ko urtarrilaren 23a
05:05
Entzun

'KORRESPONDENTZIA'

Artistak: Variopintas kolektiboa. Non: Ziudadelako bolborategian, Iruñean. Noiz arte: Otsailaren 11 arte.

Sormen prozesuek, askotan, ingurutik edaten dute, eta horrek bideratzen dituen gogoeta, harreman edota elkarrizketetatik. Halaber, jakin badakigu egiten den hori konpartitzeak azkenengo emaitzaren aukerak handitzen dituela; batez ere, egite horretan noraeza loratzen denean. Horra hor sortze prozesu kolaboratiboek ahalbidetzen dituzten aukerak, hartu-emanen bitartez batak bestearen hutsuneak bete, edota ehuntzeko bideak eraikitzen baititu. Nolabait, hori da Variopintas kolektiboak Iruñeko Ziudadelan egindako erakusketa ikusi ostean burura datorkidana.

Zortzi emakumez osatutako kolektiboko kideek pandemia garaian egindako sormen ariketaren emaitza baita Korrespondentzia erakusketa. Egile bakoitzak gai jakin bati lotutako hausnarketa eta pieza eraiki beharra zuen, eta ondoren, kideei bidali. Hala, emaitza zortzi gairen inguruan sortutako hirurogeita lau pieza dira: basoa; istorio txikiak; emakumeen begiradak; lekua; aulkia; haurtzaroa; Villa Domencata; eta nahastea.

Bada, deigarria da ikustea nola, gai bera abiapuntu izanda ere, erantzunak askotarikoak izan daitezkeen. Era berean, aipatzekoa da egile bakoitzak teknika ezberdinak erabiltzen dituela: ilustrazioa, collagea, assemblage-a... Piezen euskarriak askotarikoak dira, eta horrek nolabaiteko erritmoa ematen dio ikusten dugunari; edonola ere, irudi guztien tamaina eskala txikikoa izanik, erritmoaren bizitasuna apaltzen dutela sumatzen da.

Esan bezala, artisten sortze prozesuen abiapuntuak gai zehatzak eta horiei lotutako kontakizunak izan dira. Horren ondorioz, piezen ildo narratiboaren eta estetikoaren arteko tentsioak sumatzen dira. Izan ere, artelan batzuetan, kontakizuna lehen planoan kokatzen da, irudiaren konposizioa bigarren planora eramanez; eta, kontrara, besteetan, konposizioaren potentzial estetikoak harrapatzen gaitu.

Alabaina, erakusketa egituratzeko orduan bideratu den eredu museografikoa da narratibitatearen eta estetikaren arteko balantzan lehenengoaren alde egiten duena. Piezen eskala txikien aurrean, kartelak eta gaien ildoa mantentzeko helburuarekin hormetan ikusten ditugun biniloek espazio handiegia hartzen dute. Horren eraginez, piezek beharko luketen espazioa galtzen dute eta, zenbaitetan, pilatuta sentitzen dira.

Halaber, kontakizun prozesu horretan gaien arteko loturarik ezak, sail batetik bestera mugitzeko orduan, aurrekoa ahaztera bideratzen gaitu. Moduren batean, erakusketa bat atzean utzi, eta beste batean murgilduko bagina bezala. Orduan, kasu batzuetan ikusten ari garenaren inguruko azalpen zehatz eta espezifikoa dagoen bitartean, badira gaien inguruko hausnarketa sakonik egiten ez dutenak ere.

Horren ondorioz, nolabaiteko desoreka sumatzen da, irakurketak bideratzeko erak oso ezberdinak baitira espazio batetik bestera salto egiten dugunean. Dena den, litekeena da hori ez izatea kolektiboaren sortze prozesua gidatu duen helburua, egileen azalpen testuek sormen prozesuari eta horren bitartez zerbait egitera bideratzen dituzten gaiei egiten baitie erreferentzia. Hala ere, erakusketaren ildoa era bateratuan aurkeztea interesgarria litzateke, pieza askoren konposizioak deigarriak baitira gehienetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.