Egitasmo poliedrikoa

2019ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Izan ziren garaiak non batzuen ustetan «lehenengo etxea —nazioa— eraiki behar genuen, eta geroago ikusiko zer koloretan pintatu» (sozialismoa edo bestelako gizartea). Zorionez, ETAren bosgarren biltzarrean askapen nazionala eta soziala «txanpon bereko bi aldeak» zirela aldarrikatu zen, eta horrela izan da gaurdaino. Horren aurrekaria genuen Hirugarren Internazionalean: Mundu guztiko langileak eta herri zapalduak, elkar gaitezen! Aldarri egin zuenean Lehenengo Internazionalaren aldarri proletario hutsa zuzenduz.

Duela gutxi sortu berria den gazte mugimendutik, badirudi sintonia aldatua datorkigula, arazo sozialen lehentasunaren aldarriarekin.

Nire uste apalean, txanponaren bi aldeko metafora hori zaharkitua geratu zaigu. Balio izan zuen bere garaian, baina egun, irudi hori baino gehiago, izaera poliedrikoa duen emantzipazio proiektua aldarrikatuko nuke. Alde batetik, aipaturiko bi mugimendu nagusiak (langile mugimendua eta nazio askapenekoa) asko aldatu direlako, gurean eta munduan, eta batez ere, emantzipazioaren egitasmoa askoz transbertsalagoa edo zeharkakoagoa delako, non mugimendu berrien garrantzia asko handitu den (batez ere feminismoa eta ekologismoa), eta besteen protagonismoa apaldu.

Bestea, jakina, lehentasun sozialekoa, desorekatuagoa iruditzen zait. Hau da, Euskal Herriko eraikuntza nazional demokratikoa, ezkerrekoa, ekologikoki jasangarria, ikuspuntu feministatik emantzipatzailea. Eta proiekzioz internazionalista izango dena.

Hots, emantzipazio prozesuaren irudi geometriko horrek alde guztiak hartzen ditu bere baitan, batak bestea baldintzatuz eta aldagaien interakzioa lortuz: lurraldea, energia, elikadura, ekologia, zaintza, gorputza, baldintza materialak eta esplotazio ekonomikoa... beraz, interakzioa eta borroka desberdinen artean amankomunean dutena artikulatzea lortzean datza gakoa.

«Guda-zelai desberdinetan borrokatzen tematzen gara, ohartu gabe zelai horiek ez daudela elkarrengandik hain urruti, ageriko eta ezkutuko zubiak eta gurutzaguneak daudela haien artean, ñabardurak ñabardura eta ikuspegiak ikuspegi, guztiok etsai beraren kontra borrokatzen garela» (Feminismoetatik ahizpatasunera. A. Astobitza BERRIA). Edo Gaurgero jubilatuen asanbladan esan bezala: «Politika hauek aldatzeak zera eskatzen du: pentsionisten mugimenduak gizarteko mobilizazio erraldoia gauzatzea, langile mugimendu emakume eta beste sektore sozial eta herrikoiekin batera».

Alabaina, adi! Misio hori ez da modu naturalean sortuko den egitasmoa.

Esango nuke, Mariategiren metafora maileguan hartuz, egitasmo edo misio hori eraikuntza heroikoa dela; oso konplexua eta tentuz harilkatu beharrekoa. Izan ere, XX. mendearen hasieran, sozialismoa eta nazionalismoa bi mugimendu historikoen sorrera Euskal Herrian uztartu ezinak ziren, elkarrekiko baztertzaileak batean edo bestean kokatu behar. Edo PNVkoa edo PSOEkoa zinen. Geroago sortu ziren ANV (aurrerakoia eta abertzalea) eta PCE-EPK (komunista baina, leninismoaren tradiziotik herrien autodeterminazioaren aldekoa).

Zer esanik ez, feminismoarekiko harremanak, kontuan izanik ezkerra emakumeei boto eskubidea ematearen aurkakoa izan zela urte askotan, eskuinari emango ote zioten aitzakia merkearekin.

Adibideak historian ere ez dira izan beti aldekoak. Hego Irlandak independentzia lortu zuen, baina barne gatazka izugarri baten ondoren, ezkerreko IRAk galdu egin baitzuen; eta eskuin elizkoia nagusitu zenemantzipazio sozialaren kalterako.

Jugoslaviar federaziotik sorturiko abertzaletasun nazionalak garbiketa etnikoak burutu zituzten; zapalduak ziren zenbait nazio zapaltzaileak bihurtu ziren. Eta egun, ustez giza eskubideen erresuma den Europa, osoko eskuin muturreko gorakadan oinarritzen da.

Ezkerretik ere izan dira akats larriak, Sobiet Batasuneko Komunismoak, hasieran asmatu zuen nazioen eskaerei erantzuten, baina langileen izenean inperialismo errusiar berri bat sortu zuen, hizkuntza gutxituak suntsituz eta nazio asko zapalduz. Zer esanik ez, Kataluniari begira estatuko ezkerrak duen itsukeria.

Proletarioen Internazionalismoaren izenean Varsoviako Itunak beren menpekoei «burujabetasun baldintzatua» inposatu zien, zinezko internazionalistari min eginez. 68an Praga zapaltzea oso mingarria izan zen.

Feminismoarekin eta ekologismoarekin ere, badaude kontraesanak. Feminismo postkolonialaren ikuspegitik kritika asko daude feminista laikoekiko Chadorraren inguruko arazoarekin, eta abar. Ekologismoarekin zer esanik ez. Badira kapitalismo berdean sinesten dutenak. Eta langile mugimenduak, askotan, lanari eusteagatik bost axola eragin ekologikoa (autogintza kasu).

Alabaina, nire ustez, eta zailtasunak zailtasun, inoiz baino beharrezkoagoa dugu emantzipazio globalaren alde egiteko internazionalismoa eta burujabetza uztartzea. Eta hauek feminismoa eta ekologiarekin, eta laurak antikapitalismoarekin.

Izan ere, mosaiko horren zimendua antikapitalismoa da, ez klase borrokak, ustez besteak baino garrantzi handiago duelako. Azken finean, kapitalismoa delako zapalkuntza guztietan presente dagoen osagai toxikoa. Kapitalismo basatiak gobernaturiko munduan bizi gara, hiru krisi elkarlotuen barnean (ekonomikoa, ingurumenarena eta elikadurarena), jendarme orokontrolatzailearen mehatxupean, herri eta nazio gehienen burujabetza murriztuz edota ezabatuz batere lotsarik gabe, eta gizadia, horrela, amildegiaren ertzean jarriz.

Horregatik da garrantzizkoa askatasunaren aldeko mugimendu guztiak antikapitalistak izatea, edo gutxienez, sektore eraginkorrenak hori garbi ikustea. Izan ere, mugimendu zabalak inoiz ez dira ideologia jakin baten aldekoak, anitzak baizik. M-8ko greba orokorra antikapitalista da norabidez, baina bertan parte hartzen duten milaka emakumeren ideologiak askotarikoak izan daitezke, beren burua feministatzat (ez da gutxi) izateaz gain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.