Katalanen eta euskaldunon independentzia ez da biharko. Katalan independentistak hil honen amaieran egingo den ERCren kongresura begira daude. Bizkitartean, Juntsena ez al da egitasmo independentista sinesgarriena?
Eta Junts aipaturik, ezin Puigdemont ez gogoratu. Jada zazpi urte baditu erbeste desatseginean, eta ez du etsi! Joan den hilean, justu alde bakarreko independentzia aldarrikatzetik zazpi urtera egin zen Juntseko kongresuan, alderdiko presidente izendatu zuten %90eko babesarekin. Espainiatik askatu eta estatu propio bat eratzearen alde daude, eta horretarako beharrezko izan daitezkeen baliabideak erabili nahi dituzte: negoziazioa, konfrontazio demokratikoa, erreferendum loteslea, alde bakarreko independentzia...
Zortzi senideko familia katalan nazionalista batean sortu zen Puigdemont, Gironako Amer herrian. Osaba Josep Puigdemont herri horretako alkate izan zen 1979tik 1983ra, Convergenciatik. Horrek asko eragin zion.
Beste pertsona giltzarri bat Mossén Jordi Gultresa kapilaua izan du. Hura 2007an hil zenean, Puigdemontek hartaz idatzi zuen abertzale berebizikoa zela. Independentista. Hark pentsatzen zuen ezen Kataluniarentzat onena, lehenbizi, Katalunia aske bat lortzea zela, kalitate handiko sistema demokratikoaz hornitua. Bandera katalan izardunarekin ehortz zezaten nahi izan zuen (Ikus, Josep Riera Font: Em dic Carles. Ara. 2016. Barcelona. 53 or.).
Jordi Gultresak eta beste kapilau batzuek tertulia politikoak izaten zituzten Puigdemonten etxean, eta hark bultzada eman zion JNC (Kataluniako Gazteria Nazionalista) sortzeko. Gultresa delako horrek diskurtso intelektual eta politiko indartsua omen zuen, eta politikan inplikatu zen. CDC (Kataluniako Convergentzia Demokratikoa) sortu zuen Amer herrian. Gure Aitzolen antza hartzen diot.
Puigdemontek dio, gorago aipatutako liburuan, bokazio erlijiosorik ez duela inoiz izan. Oinarrizko kristautasunaren balioak bai partekatzen ditu. Ez zaio errituala gustatzen, baina oinarriak bai. Emazte duen Marcela Topor eta bera zibilez ezkondu ziren Bartzelonan, eta Errumanian erritual ortodoxoz, emaztearen nahia errespetaturik. Politikoki, berriz, kristau-demokrata baino gehiago sozialdemokrata sentitzen da. Alde sozialetik PSCtik gertu, baina lerro gorri batek bereizten du alderdi hartatik: Kataluniaren independentzia du helburu Puigdemontek, eta PSCk, aldiz, Espainiaren batasuna.
Filologia katalanean lizentziatu zen Gironako Unibertsitatean. Han, jakina, hizkuntza eta kultura katalan zanpatuarekiko are atxikimendu handiagoa jaso zuen. Puigdemonten abertzaletasuna ez da bakarrik linguistikoa baina hizkuntza katalanak berarentzat zer-nolako garrantzia duen, praktikarekin erakusten du. Kongresuan onartu dute, hemen ez bezala, etorkinak integratzeko ardatz bat katalana ikasi beharra izango dela.
Laster ekin zion kazetaritzari. Proiektu profesionalik nabarmenenak bi izan ditu; bata, Kataluniako Albiste Agentzia (ACN) sortzea; eta, bestea, Catalonia Today ingelesezko egunkaria.
2006an hasi zuen karrera politikoa. Lehenik, Parlamentuan diputatu gisa, eta gero Gironan CiUren zerrendaburu gisa, 1979tik hirian sozialistek zuten monopolioa hausteko xedez. 2011ra arte ez zuen lortu sozialisten nagusitasuna haustea. 2011tik 2016an presidente inbestitu arte, Gironako alkate izan zen.
Irakurleak badaki Kataluniako Parlamentuak 2006an gehiengo osoz onartu zuen estatutu berria Madrilen ikaragarri murriztu izanak, eta katalanak umiliatzeak eta arlo fiskalean Madrilekiko duten defizitaren kontzientzia argiak ekarri zutela 2010etik aurrera Katalunian proces independentista famatuaren olatua, eta haren eraginpean, Artur Masek bazekien presidentetzarako Puigdemont proposatu zuenean, hura ahaleginduko zela herria independentziara bideratzen.
2017ko urtarrilaren 24an, Bruselan, Europako Parlamentuko areto batean aurkeztu zuen konferentzia. Bertan azpimarratu zuen Kataluniak askatasunez erabakiko zuela bere etorkizuna, erreferendum legitimo eta legal baten bidez, eta Europak, «bestaldera begiratu» beharrean, konponbidearen parte izan behar zuela. Ez zioten kasurik egin. Madrilgo Cibeles jauregian, Mariano Rajoyri adostutako erreferenduma eskaini zion. Alferrik!
2017ko urriaren 1ean, poliziaren errepresiopean egindako erreferendumean, %90ek baino gehiagok alde bozkatu zuten. Hautesle-erroldaren %43k parte hartu zuten. Urriaren 10eko osoko bilkuran, Puigdemontek independentzia-adierazpen partziala egin zuen, nazioarteko bitartekaritzaren zain. Berehala iragarri zuen adierazpena aldi baterako etenda geratu zela, Espainiako gobernuarekin negoziazio epe bat irekitzeko. Erantzuna: 155. artikuluaren aplikazioa!
Juntsen egitasmoa sinesgarria al da? ERCren hurrengo zuzendaritzak zer erabakiko du: Salvador Illaren gobernua babesten jarraitzea, haren inbestidura ahalbidetu ondotik, ala proiektu independentistara itzuliko da, eta Juntsekin batera 2015eko Junts pel Sí-ren espiritura?, hots, independentista guztiak elektoralki elkar-hartzera eramango dituen dinamikara? Eta hori bezain garrantzitsua: lortuko al dute hainbeste uko egite eta dezepzioren ondotik desmotibatua dagoen gizarte zibila mugiaraztea? Estatuko botere faktiko guztiak aurka izango dituzte: indar armatuak erregea buru, togadunak, alderdi espainol guztiak, enpresari askotxo, Eliza katolikoaren hierarkia (Europa begirale pasibo, onenean?), hedabideak... EAJk eta EHBilduk ere ez dakit zer jarrera hartuko duten. Une honetan behintzat PSOEk ezartzen du EAEko eta NFEko agenda politikoa, autonomismo sozialdemokrataren ildotik. Ikusiko dugu ERCn independentistak ala autonomista sozialdemokratak nagusituko diren. Zailtasun itzelak zailtasun, egungo egunean Espainiako estatuan, independentzia lortzeko egitasmo sinesgarriena Puigdemonten Juntsena da.