Urte askoren hautsak eta, batez ere, trantsizioan egindako adostasunek geruza lodi eta astunaz estali dute frankismoaren garaipen militarrak eragin zituen pairamenduen oroimena. Horrekin batera, justizia eta osatzea ehortzi genituen. Bai, genituen, zeren eta guk ere, frankismoaren aurka ari ginenok, gogoan izan behar genuena ez genuen azaleratzen jakin, trantsizio urteetan eta jarraian etorri ziren garaietan.
1930. urtean Argentinara emigraturiko Dario Rivas Cando galiziarraizan zen kereilaren bidea garbitzen hasi zena, aitaren heriotza argitzea erabaki zuenean. Galiziako Castro de Rei udalerriko alkatea eta Darioren aita, Severino Rivas, Falangek erail zuen 1936an, eta 2010. urtera arte isiltasunak estali zituen hilketa haren egia, justizia eta osatzea. Urte honen jorrailaren 14an Maria Servini de Cumbria epaile argentinarrak jaso zuen Dariok aurkeztutako kereila. Oztopoz oztopo kereilak bere bidea egin du, gizadiaren kontrako krimenak ikertzeko aukera ematen baitie argentinar legediak herrialde hartako epaitegiei.
2013an itxaropen udaberri bat iritsi zaie espainiar trantsizioak lurperatu zituen krimenek, beren senideengan eta beraiengan eragindako pairamenduak egia, justizia eta ordaina jaso ditzaten, kereilan azken-aurreko aukera ikusten dutenei. Buenos Airesko Kriminal eta Zentzagarri Nazio Epaitegi Federal 1.-eko buruak, lehenengo hamabi kereilatzaileen adierazpenak hartuz, urrats garrantzitsua egiten ari da, zeren eta deklarazio horien ondorioz, Rodolfo Martin Villa, Fernando Suarez eta Jose Utrera Molina frankismo aldiko ministroak eta garai bereko hainbat polizia eta epaileak inputatu izan litezke.
Lehen aldiz aukera hori eskura dute haien bizitza ia osoa beren pairamenduaren zamarekin bizi behar izan dutenek. Espainiar, katalan, galiziar eta euskaldun asko daude haien artean, errepide bazterretan eraildakoen senideak, zigor batailoietan lan egiten derrigortuak, espetxeratuak, erbesteratuak, haien seme-alabez gabetuak izan zirenak eta bizitza osoan haien maitatuen izenak zikinduak izatea jasan behar izan dutenak. Baita frankismoaren aurkako borrokan erailak, torturatuak eta espetxeratuak izan direnak ere.
Horien guztien erabakiak eragin du lehen aipatutako ministro, polizia eta epaile ohiak inputatzeko eskakizuna. 1976ko Gasteizko gertakizunetan polizien jipoiaren ondorioz larri zauritua izan zenak, Andoni Txaskok, urte luzeetan ukatu dioten eskubidea gauzatzeko aukera izango du egunotan. Harekin batera, beste euskaldun batek, Jon Etxabek, 1970eko Burgosko epaiketan 50 urteko espetxe zigorra jaso zuenak eta hainbat katalan, galiziar eta espainiarrek argentinar epailearen aurrean aletuko dute euren egia.
Asko aurreratu dugu azken urte honetan. Aurreko 36 urteetan baino askoz gehiago. Baina hurrengo egunetako kereilatzaileen adierazpenak eta Hego Euskal Herriko biztanleriaren herena ordezkatzen duten erakundeek kereilari adierazitako babesa hasiera baino ez dira izango. Frankismoaren krimenen aurkako Euskal Plataformak bide beretik tinko jarraitzeko asmoa du. Baina frankismoaren edozein motatako zapaltze pairatu duzuenen laguntza eta lekukotasuna behar ditugu. Adoretu eta ausartu zaitez, zigorgabetasuna hausteko.
Egin duten kaltea osatzeko garaiz ote?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu