Egin dezagun bidea: Bilbotik Atarribiara

Uxue Royo
2011ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Preso dagoen senide, lagun edo maitearen irribarrea ikusteak ez dauka preziorik. Preziorik ez du haren eta zure arteko distantzia fisikoa milaka kilometrotan neurtu arren, haren gutun bat jasotzeak sortzen duen gertutasunak. Ez dago munduan dirurik bisita hasi baino lehenagoko minutuetan sentitzen dugun ilusioa ordain dezakeenik. Askok agian ez dute ulertuko, baina guk, dauden lekuan daudela, ez ditugu inoiz bakarrik utziko. Haiekin egoteak ez duelako preziorik.

Baina, zoritxarrez, eta errealitatera etorrita, sakabanaketa politikak prezio ikaragarri handia du. Bizitzetan, azken 30 urteetan 37 pertsonaren bizitzak lapurtu dizkigu politika kriminal honek (16 senide eta lagun, eta 21 preso). Pezetatan lehen, eurotan orain, kontaezinak dira senide eta lagunek bisitak egin ahal izateko ordaindu izan dituzten milioiak.

Gastu horiei aurre egiten laguntzeko eta gizartea horren aurrean sentsibilizatzeko sortu zen 1999an Hatortxu Rock elkartasun jaialdia. Hatortxu ez da kontzertu bat soilik, ehunka boluntarioren artean egiten dugun jaialdia da, hilabeteetan prestatzen dena, eta helburu argia daukana: mundu guztiari oroitaraztea senide eta lagunek inoiz baino kilometro gehiago egin behar dituztela haiekin egon ahal izateko, horrek dakartzan arriskuekin eta sarraski ekonomikoarekin. Aldi berean, odoluste ekonomiko hori arintzen saiatzen gara Hatortxu Rocketik ateratzen diren etekinekin. Eta 13 urte pasatu diren honetan, hemen gaude berriro: betiko alderdi eskuin muturrekoen ahaleginak izanda ere, leku aldaketa amaigabea ezagutu behar badugu ere, eguraldi kaxkarra jasanda ere, sasi guztien gainetik, Hatortxu Rock bertan da.

Dakigunez, Hatortxu Rock urtarrilaren 6an eta 7an egingo dugu. Aurten Atarrabian da hitzordua. Urtarrilaren 7an, ordea, beste egiteko bat daukagu Bilbon. Ehunka atxikimendu jaso duen manifestaldira joateko deia egin nahi dugu, euskal preso politikoen eskubideen defentsa irmoa egiteko. Manifestazioa bukatuta, aukera ederra izango dugu eguna borobiltzeko Atarrabiara gerturatuz, erabat bateragarriak direlako bi ekitaldiak. Izan ere, Hatortxu goizaldera arte irauten duen jaialdia da, nahiz eta arratsaldeko zazpietarako martxan egon.

Gutun honen bitartez gogora ekarri nahi genuen, bada, hurrengo asteburuan Euskal Errepresaliatuen aldeko bi ekimen nazional egingo direla, bata Bilbon eta bestea Atarrabian. Biak beharrezkoak, biak arrakastatsuak izan behar dutenak, inoiz baino ozenago oihukatzeko Euskal Errepresaliatuen eskubideak errespetatu behar direla.

Bilbon zein Atarrabian, zure zain gaude.

Egin dezagun urratsa, Hatortxu rock bertan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.