Egin dezagun auzolanean independentziaren bidea

Txutxi Ariznabarreta eta Esti Mujika
2013ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Joan den urteari begirako egitasmoa zehazterakoan zera planteatu zuen Independentistak sareak. (...) Gure herriaren historian eeta oroimen kolektiboan garrantzi eta eragin hain handia izan duten Nafarroaren konkistaren 500. urteurrenak eta Gernikako bonbardaketaren 75.ak eman diote izaera eta esanahi horren berezia 2012ari. Horretaz baliatuz, gure memoria historikoaren berreskurapenan sakondu eta zerbait ikasteko aukera izan dugu. Iragana aintzat hartuta, etorkizunari buruzko hausnarketaederki zabaldu da eta, gure ustetan, urrats handiak egin dira.

Aldi berean, egoera ekonomiko larriak areagotu egin du gure herriaren etorkizunari buruzko eztabaida. Krisiarekin zein krisirik gabe, ez daukagu tresna propiorik geure etorkizun ekonomiko eta soziala eraikitzeko, bainakrisiak askoz gordinago agertzen du egoera, eta euskal herritarrek ezintasunez ikusten dute gure ekonomiaren gaitasunak eta krisi egoeratik ateratzeko aukerak ihes egiten digutela eskuetatik eta hondamenera goazela.

Gure beharrak eta interesak kontuan hartu gabe, inposatu egiten dizkigute politika ekonomiko eta sozialak. Hemen, ondorioak sufritzen ditugu, eta ezin dugu ezer esan, ezer egin. Gero eta euskal herritar gehiagok ikusten du euskal estatu propioaren beharra geure etorkizuna eraikitzeko, Europan eta munduan ahots propioa izateko eta geure interesak defenditzeko.

Horrez gain, independentziaren aldeko haizeak iritsi zaizkigu kanpotik ere. Eskoziako prozesuak Europan bertan, eta gaur egun independentzia bideragarria dela adierazten du eta erreferentzia berriak finkatzen ditu estaturik gabeko nazioentzat. Quebeceko hauteskundeetako emaitzek ere, independentziaren aldeko indarren aktibazioaren berri eman digute. Azkenik, Kataluniako Diadako mobilizazio independentista erraldoiak Euskal Herrian eta espainiar Estatuan izan zuen oihartzun handiaren ostean, bertan gertatzen ari den bilakaera politikoa arreta handiz jarraitzen ari gara.

Baina, zoritxarrez, oso kezkagarriak dira egoera honen erdian espainiar eta frantziar Estatuek dituzten jarrerak. Madrileko gobernuak hartzen dituen neurri ekonomiko, sozial eta laboralak gero eta gogorragoak dira: ongizate estatuaren eta babes sozialaren deuseztatzea, zerbitzu publikoen aurkako eraso zuzena eta lan harremanak hankaz gora jartzen dituen erreforma laborala. Honek hondamendi ekonomikoa eta pobrezia dakar guztiontzat eta, gainera, espainiar nazionalismo hegemonista krisiaz baliatzen ari da egundoko inboluzio politikoa eragiteko, eta herrien eskubideak ukatu eta eskubide zibil eta politikoen aurkako erasoa azken muturreraino eramateko. Izugarrizko eraso zentralista gertatzen ari da.

Frantziar Estatuak, bere aldetik, argi uzten du, behin eta berriz, frantziar Errepublikan ez dagoela guretzako tokirik. Txobinismoaren balioak goraipatzen ditu,herrien erabakitzeko eskubideari ezertarako erreparatu gabe. Ez du inondik inora Euskal Herria aintzakotzat hartzen, ezta bere naziotasuna eta eskubideak aitortzen ere.

Herritar askorentzat, euskal Estatuaren sorrera bideragarria eta beharrezkoa izateaz gain, guztiz premiazko kontua ere bada (...)

Independentistak sareak bere deialdiek herritarren aldetik izan duten erantzunaren oso balorazio positiboa egiten du, deitu dituen mobilizazio eta ekitaldiak oso arrakastatsuak suertatu direlako, eta horrek euskal independentismoa indartsu dagoelaerakusten duelako. Independentziaren aldekotasuna aurrera doa Euskal Herrian, baita mundu osoan barreiatuta dagoen euskal komunitatean ere. Balantze oso baikorra egiten dugu, Argentina, Uruguai eta Txileko euskal diasporan bereziki.

Independentistak sarearen helburu nagusiak dira independentziaren aukera bideragarri eta erakargarria bilakatzea jendartearen aurrean, oraindik maila handi baten zenbait alorretan ikusezina den independentismoa kalera ateratzea, eta independentziaren gaia eguneroko eztabaida politikoan txertatzea. Urrats handiak egin dira hiru helburuetan; hirugarrenean, batez ere. Independentziaren gaiak zentralitate oso handia hartu du eztabaida politikoan. Aldeko eta aurkako argudioen arteko izugarrizko konfrontazioan sartuta gaude jadanik, eta areagotu egingo da aurrerantzean.

(...) Nabarmena da aspaldiko baldintzarik onenak daudela independentziaren aldeko lana handitzeko eta, 2012ak eskaini dizkigun aukerak baliatuz urrats sendoak egin ondoren, 2013. urtean urrats gehiago egiteko prest gaude. Sarea indartu, bazter guztietara zabaldu eta ekinbide independentistak areagotu behar ditugu. Argi dago erronka nagusietariko bat independentziaren lehia ideien esparruan irabaztea dugula. Euskal hegemonia eraiki behar dugu, independentzia bideragarria, onuragarria eta aurrerakoia dela zabalduz, herritar gehienok urrats natural eta arrazional gisa har dezagun menpekotasunaren kateak hausteko erabakia.

Bagoaz liburu-panfletoaren bidez, independentziarako arrazoi nagusiak auzolanean zerrendatu eta laburtu ditugu; orain, lan hori lau haizeetara hedatu nahi dugu. Horretarako, herri, auzo, lantoki, ikastetxe eta bazter guztietan independentziaren inguruko eztabaida pizteko deia egiten dugu.

Euskal Herriak, Eskozia nahiz Europako eta munduko beste herri askoren bidetik, etorkizun berriari begiratu behar dio, hots, askatasunaren etorkizunari. Ibilian egiten da bidea, egin dezagun, bada, auzolanean, independentziarako bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.