Egiaren, justiziaren eta erreparazio eskubideen irakurketa feminista

2021eko uztailaren 31
00:00
Entzun
Giza eskubideen urraketak elkarbizitzaren haustura bortitzak dira. Horien aurrean, nazioartean egia, justizia eta erreparazioa inpunitatearen aurkako oinarriak bezala finkatuz joan dira gatazka politiko-armatuetatik edo diktaduretatik bakerantz eta demokraziarantz «trantsizioa» egiten saiatu diren herrialdeetan. Badira behintzat hiru hamarkada Nazio Batuek oinarri horiek sistematizatzeko eta estandarizatzeko prozesua abian jarri zutela. Ezin da ahaztu, ordea, ibilbide hau Estatu-indarkeriaren biktimek, haien senitartekoek eta haiekin batera aritzen diren giza eskubideen aldeko erakundeek bultzatutakoa dela, Estatuen ahazte politika ofizialen aurrean etengabe eskatu dutelako gertatutakoaren aitortza, erantzukizun penalak eta egin zaien kaltea erreparatzea.

Modu zehatzean egia jakiteko eskubideari dagokionez, biktimek eta haien senitartekoek zer eta zergatik gertatu den jakiteko duten eskubide indibidualtzat ez ezik, eskubide kolektibotzat ere hartu da, gizarte osoak duena. Zentzu honetan, egia jakitea herrien eskubide bat da Estatuak behartzen dituena; hau da, biktimei eta gizarteari dagokie egia jakiteko eskubidea, eta hori bermatzeko Estatuei dagokie memoriaren betebeharra.

Ibilbide zail honetan nazioarteko mugimendu feministaren lorpenetako bat izan da onartzea egiaren, justiziaren eta erreparazioaren bilaketan, berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioa barnean hartu behar dela biktima guztien esperientzia behar bezala jasoko dela bermatzeko. Izan ere, gatazka bortitzetan genero arrazoiengatik gertatutako indarkeria ezagutarazi den egiatik kanpo geratzeko joera dago eta honek inpaktu larria du bereziki bai emakumeentzako eta bai sexu-genero arrazoiengatik minorizatuak diren beste giza taldeentzako ere, LGBTI kolektiboa kasu. Horri buruz hausnarketa batzuk partekatu nahi nituzke, egia, justizia eta erreparazio eskubideen irakurketa feminista bati ekarpena egite aldera.

Genero-indarkeria egiturazkoa izateagatik eta ez salbuespena normalizazio maila oso altua du eta egiaren bilaketan arreta jarri ohi da hain zuzen gizartean ezohikoa edo salbuespenekoa den indarkerian. Emaitza gisa, egia jakin eta memoria berreskuratzeko mekanismoak abian jartzerakoan genero-indarkeria ez da aintzat hartu eta fenomeno honen dimentsioa eta ezaugarriak ikusezin mantendu dira. Horregatik, giza eskubideen urraketen mapa osatu bat eraiki nahi denean ezinbestekoa da zentroan kokatzea ere oharkabean igarotzen den indarkeria. Bestela esanda, bakegintzak eta elkarbizitzak eskatzen dute indarkeria guztiak salbuespenekoak bezala tratatzea.

Aurrekoarekin lotuta, egiaren bilaketan gehien bat gizonek pairatzen dituzten giza eskubideen urraketen tipologian arreta jarri ohi da, hala nola, juizioz kanpoko exekuzioak, atxiloketa bidegabeak, torturak eta desagertze behartuak. Emakume askok krimen berberak jasan dituzte eta aldi berean genero arrazoiengatik modu gehiegizkoan pairatu izan dituzte bestelako urraketak, horien artean sexu-indarkeria, behartutako migrazioa, diskriminazioa edo esplotazio ekonomikoa, bazterketa politikoa, zenbait funtsezko baliabideri sarbidean mugak (lurraren jabegoa, enplegua...), sexu-genero arrazoiengatik jazarpenak eta umiliazioak, edo genero-rol tradizionalen inposizioa, batzuk aipatzearren.

Hain zuzen, mugimendu feministaren helburu da aztergai ditugun giza eskubideen urraketen tipologiari dagokionez ikuspegi zabalago eta inklusiboago bat izatea. Horri esker lortu da, adibidez, gatazka bortitzetan sexu-indarkeria Estatuaren segurtasun indarren edo Estatuaren babesarekin aritzen diren talde ezberdinen praktika politikoa eta militarra izan dela salatzea eta egun gizadiaren kontrako, gerra eta genozidio krimentzat hartzea Nazioarteko Zuzenbidean.

Arlo honetan lan serioa egin nahi izatekotan, kontuan hartu beharko genuke gehienbat sexu-indarkeria kasuetan, badaudela hainbat faktore horri buruzko testigantza ematea oztopatzen dutenak, besteak beste: beldurra, lotsa, gertatutakoak baldintza egoki, seguru eta duinetan kontatzeko aukera falta, eta estigma sozial gogorra. Ezin dugu ahaztu sexu-indarkeria dela krimen bakarra zeinaren inguruan susmoa eta zalantza biktimarengan eta ez biktimarioarengan kokatzen den. Kasu honetan, bakegintzak eta elkarbizitzak eskatzen dute sexu eta genero arrazoiengatik gatazkaren biktima isilaraziak izan direnei ere justizia eta erreparaziorako bideak zabaltzea.

Gertatutakoaren kontakizunez ari garenean, ikus daiteke gehienetan egiaren bilaketa prozesuetan emakumeen testigantzek hartzen dutela protagonismoa, baina ez haiek bizitako gatazkaren esperientzia kontatzeko, baizik eta ia beti gizonena, modu ohikoan familiakoak (senarra, semea, anaia, iloba...). Giza eskubideen urraketen kontakizunetan beraz, gizonen esperientziak lehenetsiak izan dira; alde batetik, emakumeek beren bizipenen gutxiespen historikoa mendez-mende barneratu dutelako. Eta bestetik, sarri emakumeek euren kontrako zenbait indarkeria giza eskubideen urraketa gisa identifikatzeko zailtasuna izan dezaketelako, gorago aipatu dudan genero indarkeriaren normalizazio edo naturalizazio maila altuagatik.

Mugimendu feministarentzat gakoa da emakumeek lehen pertsonan eta ahots propioarekin hitz egiteko baldintzak jartzea, horien subjektibitate politikoa indartzeko eta bizi dituzten eskubideen urraketak eztabaida sozial eta politikora eramateko. Jakin badakigu egia bilatzeko prozesuetan parte-hartze zuzena izatea, entzunak eta sinistuak sentitzea, zenbateraino laguntzen duen biktimek haien duintasuna aldarrikatu eta birgaitzeko pausuak eman ditzaten. Hala, bakegintzak eta elkarbizitzak eskatzen dute kontakizun guztiei balio sozial bera atxikitzea biktimen artean generoa, sexu orientazioa, arraza, klasea edo bestelako faktoreengatik hierarkiarik eta bazterketarik eragin gabe.

OHARRA Artikulu hau ekarpen bat da, Foro Sozial Iraunkorraren Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko konpromiso soziala prozesuari eginikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.