Etetera doan pitzaduraz jositako pareta. Oxigeno lagungarriarekin bizirauten duen gizarte aztoratua. Metronomo baten zehaztasunak neurtutako atzera-kontaketa kaotiko bat. Egiaren bilaketa hutsala, komunikabideen gainbehera, politikagintzaren kiratsa eta kiloka zaborrek lurperatutako bi bizitza. Txinatik datorkigun birus arraroa, denok etxeratzen gaituen dekretua. Heriotzak non-nahi, kolapsoa ospitaleetan, zabortegian, gure arimetan. Dolua, bikoitza zenbaitentzat. Katastrofe bat, katastrofe handi bat.
Zaila zait Hondamendia-ren emanaldian jasotako guztia sintetizatu eta lerrootan azaltzea. Beti da gertakizun berezia Artedrama eta Axut! konpainiek elkarlanean ondutako lan baten bira. Oraingo honetan, Dejabu talde gipuzkoarrekoak ez dira gehitu abenturara, eta, ondorioz, inoiz baino aurpegi berri gehiago topa ditzakegu taula gainean. Hor mantentzen dira, bestalde, Fuchs anaiak —Ximun zuzendari gisa eta Ander Lipus, euskal eszenak dituen izen propioetako hiru. Idazkeran ere aldaketa nabarmena, azken lau aldietan bidelagun izan dituzten Igor Elortza eta Unai Iturriagaren ordez Harkaitz Canori eskaini baitiote elkarlan iraunkor honen atal berria idazteko aukera eta erantzukizuna. Ohituak gauzkate tragedia latzak erabiliz humanitatearen miseriak, pena eta ezinak indarrez islatzen dituen ispilua ikuslegoari begi bistan jartzera. Langileen egoera prekarioa Hamlet-en, frankismoak gizartean eragindako zauri oraindik biziak Francoren bilobari gutuna-n edota heroinak gure herriari ezarritako ziztada mingarria pandemiak erditik moztu zuen Zaldi urdina-n. Oraingoan, nire ustez, are krudelagoak diren gaiak dituzte aktoreek mintzagai, izen eta abizen konkretuak dituzten bi ezbeharrei, guztiok azpian harrapatu gintuen koronabirusaren pandemia gehitu baitiete. Gogorra koktela, zapore erabat garratzekoa eta irensteko desatsegina.
Material narratiboaren gordintasunaz jakitun izanik, Canok eta lantaldeak geruzaz osatutako diziplina anitzeko obra bat eskaintzen digute. Eszenaz kanpoko elementuak presente daude pantaila desberdin eta marrazki zein proiekzioen bitartez. Zabor artean gelditzen diren egurrezko lau plataforma soilei gehituta, baliabide teknologiko hauek istorioa indartzen dute. Paisaiek, hemerotekako argazkiek, mugitzen diren mezuek eta abarrek ikuslea gidatzen dute kontakizunean barrena. Bestalde, nabarmentzekoa da piezaren erritmo sutsua. Cano ez da tragedian ezartzen, pertsonaia talde zabala sortu du horretarako eta berauetako bakoitzari funtzio jakin bat eskaini die. Hor aurki dezakegu komedia puntua eskaintzen digun aktore frustratuaren pertsonaia eta bere bikotekidearekin duen sestra kotidianoa. Lipusek gorpuzten duen kazetari gaixoaren pertsonaiak, berriz, ideia sendoz jositako elkarrizketak eskaintzen dizkigu bere erizain hegoamerikarrarekin batera. Berak diosku zenbakiek ez dutela guztia kontatzen, edo amaiera punturik ez duela onartzen egiak. Canoren momenturik iradokitzaileenak hauek. Euskal kanta ustez arinak, inauterien erreferentzia, Laika txakurra, aerobika... Ugariak dira oholtzan gertatzen dena digeritzen eta onartzen laguntzen diguten elementuak.
Ertz ugariko lana da Hondamendia, ezbairik gabe. Txirikordatzen dituen bi gai mardulenen azpian, beste hainbat hausnarketa topa ditzake ikusleak. Politikagintzari leku nabarmena eskaintzen zaio, tragedia kudeatzeko erabilitako traizioak, mehatxu, trikimailu eta gezurrak hainbat pertsonaiatan hezurmamituz. Ahotsa eta autoestimua urraturik dituen kazetariarekin komunikabideen egoera azaldu nahi da, egiaren prestigio falta, egia ostearen zein sare sozialek hauspotutako buloen garaiotan. Kulturaren arnas lehendik prekarioa pandemiak nola larriagotu zuen eta zaintzen ez dugun osasun sistemak gu artatzeko dituen zailtasunak ere azaltzen dira piezan zehar.
Aktoreen lan korala izugarria da, narrazioarekin jarraitzeaz gain taula gainean duten argiteria mugitzeaz eta atrezzoa moldatzen joateaz ere arduratzen baitira. On egiten die istorioaren sekuentziazio eta hierarkizazioak bi konpainiek batera sortutako proiektuei. Zaldi urdina-n aukeratu zuten kontatzeko modu klasikoago zein linealagoak indarra eta ikusgarritasuna kentzen zion taularatzeko garratza zen gai hari. Hobe eduki onezeta komedia aringarriz jositako esketxak irudi plastikoekin, ikus-entzunezko materialarekin eta beste hainbat estrategiarekin uztartzea, tragedia ardatz duen collage narratiboa sortuz. Pertsonaietako batek zioen moduan, gizartearen samina irudikatzen duten gai hauen atzean dagoen egia saiakera bat, topatu ezin litekeen kateorratz bat. Ireki itzazue begiak eta sarreran banatuko dizueten orritxoan agertzen den galdera-ikur erraldoiaz jabetu zaitezte ongi. Ez baita erantzun itxirik antzerkiak proposatutako galdera amaigabean.
Egia, saiakera bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu