Egia erdiak

Miren Gorrotxategi
2020ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Gabonak datoz, eta haiekin batera, asmo onak. Gabonak dira egun batzuk non hurbilagoak izan nahi dugun, akordio gehiagotara iritsi nahi dugun eta aurrean daukaguna ulertu nahi dugun. Gabonak dira egun batzuk zeinetan saiatzen garen berriz hasieratik hasten. Batzuek Gabonetako izpiritua deitzen diote horri, baina, zintzoak izanik, onartu behar da denok heltzen garela egun horietara motxila biziki kargatuta. Egun batzuetan karga baztertzen dugu, baina guztiz performatiboa da. Nekeak, bete ez diren promesek eta desilusioren batek urte berriari mesfidantzaz eta zuhurtasunez aurre egitera eramaten gaituzte.

Sentsazio horrekin egiten diogu aurre Eusko Legebiltzarrean aurtengo aurrekontuen eztabaidari. Asmo onekin baina mesfidantza apur batekin. Egokiena Azpiazu sailburuak ostegun honetan aurkeztu zizkigun aurrekontuen edukiaz soilik mintzatzea litzateke, baina, 2020koek zapore txarra utzi digutenez, atzera begiratu eta abiadura moteltzeko beharra ikusten dugu. Podemosek aurrekontuak onartu zizkion joan den urtean Eusko Jaurlaritzari, erantzukizunagatik eta akordioa beteko zutela sinesten genuelako. Gaur da bete ez diren eguna, eta hori motxilan daramagu.

Jakin badakigu 2020a oso urte zaila izaten ari dela, eta Urkullu lehendakariak esan zigunean akordioaren partida batzuk COVID-19ari aurre egiteko desbideratu zituela, benetan poztu ginen. Argi dugu zeintzuk izan behar duten lehentasunak. Halere, ez gara inozoak, eta jakin badakigu baieztapen handiek beti letra txikia ezkutatzen dutela. Baieztapen horiek egitera behartuta sentitzen zarenean, are gehiago. Eusko Jaurlaritzak denbora asko behar izan du akordioarekin zer gertatzen ari zen kontatzeko; beraz, susmoa bagenuen letra txikia egongo zela.

Eusko Jaurlaritzak Elkarrekin-Podemosekin adostutako zuzenketa batzuk COVID-19ari aurre egiteko desbideratu dituen bitartean, urgentziakoak ez ziren beste asko mantendu ditu, momentuak eskatzen zuen babes soziala bermatu gabe. Argia da. Esate baterako, Cohousing eta etxe konpartituentzako adostutako bost milioiak ez dira exekutatu; Donostiako metroaren obretarako gutxi gorabehera 50 milioi euroko gainkostua hartu dute bere gain, ordea. Etxe prekarioak eta bidegabeko obrak. Eredu kontua da.

Subijanan gasa esploratzeko kontratuak gauzatzen dituzte inolako begirunerik gabe, eta klima larrialdiari aurre egiteko partidetan, ordea, betetze txikia dagoela aitortzen dute. Horren adibidea dira Uraren Euskal Agentziarako aurreikusitako hiru milioi euroak. Green kapital izatetik Gas kapital izatera. Eredu kontua da, berriz. Beste adibide bat: ba al dakizue zenbat enpresa erreskatatu dituen Ezten funtsak? Bi. Soilik bi. Oso zaila egiten da funtsak ez direla erabili azaltzea kalean geratzen ari diren langileei; baina, noski, eredu kontua da.

Bete gabeko akordio baten kronika da hauxe, eta gobernuak nahiago izan du egia erdia kontatzea. Egia erdiak kontatzea, batetik, eta pertsonen bizitzaren hobekuntzan betebetean eragiten dutenak ez betetzea, bestetik. Guri motxila betetzen zaigu.

Halere, badakigu Euskadik behar duen ekologia, zaintza eta eraldaketa ekonomikoa gauzatzeko adostasun zabalak lortzeko aukera —eta premia— badagoela. Horregatik, aurrekontuen atea ez dugu itxia. Itxita ez dago, baina etxe barruan ez dago denentzako kaferik. Marra gorriak, berdeak eta moreak ditugu. Ez dago txeke zuririk ezta mendekotasunik ere; berdinen arteko negoziazioa eta tratua da dagoen aukera bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.