Egia erdiak = gezurrak

Iñaki Arrizibita
2013ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Oraindik gure artean dugu Enrique Goñik,CANeko zuzendari ohiak, Nafarroako Parlamentuan eginiko agerpenaren oihartzuna. Baliteke aurretik ezagutzen ez zuten pertsonek harriduraz hartzea haren mintzaldiaren luzea, baina CANen lan egin dugun pertsonok ez gaitu ustekabean harrapatu. Esaten dutenez, 13 ordu luzez aritu zen justifikaezina dena zuritu nahian.

Duela urte asko, Euskadiko Aurrezki Kutxen Lan-hitzarmena existitzen zenean (laurogeiko hamarkadan), bazegoen «tumba lobos» deitzen zuten sindikalista bat, zeina, hitza hartzen zuenean, gai baitzen, bere goitizenak adierazten duen bezala, otsoak gogaitzeko. Gaixoak, egun horretan «tumba lobos» berri hori jasan behar izan zuten politikariak! Egun horretan (bakarra izango ez delakoan nago), bere soldata merezita kobratu zuten.

Nik adorea izan nuen Enrique Goñiren azalpenak entzuteko. Datu uholde bat eman zuen, aurretik esan bezala, justifikaezina dena zuritzeko. Mintzaldiaren une batean, finantza-krisiaren erantzule eta, berez, CANri gertatutakoaren erantzule diren elementu exogenoetan zentratu zen. Hemen, geure buruari galdera bat egin diezaiokegu: faktore horiek CAN finantza-entitatearen desagertzearen errudunak badira, zergatik ez da gauza bera gertatu gainontzeko aurrezki kutxekin? Esan zuen, halaber, FMI delakoak bere aurreikuspen ekonomikoetan huts egin zuela. Espainiako finantza-sektorearen berankortasun tasaz ere mintzatu zen; haren arabera %10, 11, 12 eta 13koa ere bada. Urte horietan bitartekotza marjina %0,50 arte murriztu zela baieztatu zuen. Datu horiek errepikatzen ari naiz horietan baitago tranpa, legelarien antzera, egia erdiak erabili zituen CANen egindako kudeaketa defendatzeko, erantzukizuna bere gain hartu gabe.

Arestian aipatutako datuetan zentratuko naiz. Baliteke egiazkoak izatea (ez dut ziurtasun osoa hala denik). Egia da berankortasun tasa handia dela finantza-sektorean (entzun ditudan datuen arabera, oraindik ez da %13ra ailegatu), eta egia da, halaber, bitartekotza marjina nabarmenki jaitsi dela; ez dut daturik %0,50 dela baieztatzeko. Hori aipatu zuenean, CANen zegoen bitartekotza datuaz ari zen; baina berankortasun tasaz hitz egin zuenean, Espainiako finantza-sektorearen batez besteko tasa aipatu zuen. Hortxe dago tranpa: batetik, CANen inbitartekotza tasa aipatzen du, eta, bestetik, finantza sektorearen berankortasun tasa. Datu horiek ematean, gogorarazi zigun aurreko finantza-krisialdian, 90eko hamarkadan uste dut, bitartekotza marjina %3 zen. Hori izan da aurrezki kutxek egoerari aurre egin ez izatearen arrazoi nagusietariko bat, emaitza ekonomiko txarrei (eskasa) esker.

Tranpari helduko diogu berriro. Esan dudan bezala, CANen bitartekotza marjina erabiltzen du, eta gero finantza-sektorearen berankortasun tasaz hitz egiten digu. Enrique Goñik aski ongi daki CANen berankortasuna bere defentsarako erabili zuen zifra baino askoz txikiagoa zela. 2011ren bukaeran, bere azalpenetan aipatu zuen %10 horren erdia baino gutxiago zenCANen berankortasun tasa. Datu hori inongo zalantzarik gabe berresten dut, garai hartan nik berankortasun-departamentuan lan egiten nuen eta. Goñi jauna: zu ez zinen Espainiako finantza-sektorearen zuzendaria (imajinatzen dut gustukoa izanen zenuela kargu hori), zu CANen zuzendaria zinen, eta zuri ez zaizkizu Espainiako finantza-sektorean gertatutakoaren erantzukizunak eskatu, zuri CAN 1921ean sortutako kutxa eta zuzendaritza hartu arte estatuko solbenteenetariko bat zen entitatea desagertzearen kudeatzailea izateagatik eskatzen ari zaizkizu erantzukizunak.

Horrexegatik, nik gezur bat harrapatu badiot, zenbat bota zitzakeen bere mintzaldian? Hori adibide bat baino ez da, demostratzeko Enrique Goñiren agerraldiak ez duela balio CANen eginiko kudeaketa argitzeko; haren egolatria agerian uzteko bakarrik balio izan du, baita esku-trebe bat dela frogatzeko ere. Pertsona batek Enrique Goñiri buruz esan zuen esaldi bat ere ekarriko dut. Medikuak dio: «Emakume, ebakuntza ongi joan da, baina zure senarrak begi bat galdu du». Nik hauxe esanen nuke: «Emakume, ebakuntza ongi joan da, baina zure senarra zendu da». Alegia, «nire kudeaketa CANen ona izan da, baina bai bitxia, CAN zendu da (dagoeneko ez da finantza-entitate bat), CAN bere arrakastan hil da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.