Orokortze guzti-guztiak, definizioz, okerrak dira. Eta erdizkako egiak interesaturiko gezurrak baino ez dira. Bien pean erortzen da Aitor Bilbao, Kristau Eskolaren izenean, legebiltzarreko egoitzan eskola-plaza berberak itunpeko sarean publikoan duen kostuaren erdia duela baieztatzen duenean.
Baieztapen hori argudiatzeko gure erkidegoko aurrekontuetan oinarritzen da. Itunpeko ikastetxe pribatuei eskaintzen zaien aurrekontuetako berariazko partida gauza bat da, eta erabat bestelakoa da benetan esku artean orotara izaten duten dirutza. Hori horrela, itunpekoena soilik den eta adierazten dituen diru funts horietaz gain, ikastetxe hauek, hainbat kontzepturen inguruan (uniforme eta hornikuntza, materiala, eskolaz kanpoko jarduerak eta bestelako kuotak, batzuk gutxienez legezkotasun zalantzagarria dutenak) familiek egindako diru-ekarpenez finantzatzen dira. Askok eta askok, bestelako diru-laguntza publikoak ere jasotzen dituzte hezkuntza programa eta proiektu zehatzak ezartzeagatik; beste batzuek, fondo pribatuak dituzte (fundazio eta erakundeak), eta batzuek, oraindik ere bestelako diru-sarrerak dituzte eskainitako hainbat zerbitzuren truke (leku eta instalazioen lagapena, igerileku eta kiroldegien ustiapena, prestakuntza enpresa paraleloak...).
Inolako ikastetxe publikok, aldez, ezin du bestelako finantzaketa iturririk erabili, soilik eta baldin soilik Hezkuntza Sailak aurrekontuetan ezarritakoa ez bada. Eta hezkuntza publikoari dagokion diru-atal bakar horretatik finantzatzen dira hezkuntza laguntza zerbitzu guztiak ere. Azpimarratu behar da hezkuntza publikotik hornitzen diren hezkuntza laguntza zerbitzu hauek eskaintzen duten zerbitzu hori ikastetxe guztientzako zerbitzu bat dela, izan itunpeko izan publikoko ikasle zein irakasleengana: 19 Berritzegune, Hezkuntza Ikuskaritza, ISEI-IVEI edota Hezkuntza Lurralde Ordezkaritza bakoitzak guztientzako zerbitzua eskaintzen dute. Gauza bera gertatzen da irakasleen etengabeko prestakuntzari dagokionez (Irale, Garatu, nazioarteko zein nazio-ikastaro edota banakako diru-laguntzak), guztientzakoa baita (gainera, azken zerbitzu honek, euren urteroko deialdietan ikastaroak eskaintzen dituzten ikastetxe pribatuentzat, beste finantzaketa iturri erantsia dakar, bertako irakasleek jasotako prestakuntzagatik ez baitute ordaintzen eta, aldez, bertakoak ez direnengandik dirua jasotzen baitute).
Itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasle/ikasgela ratio orokorra publikoetakoa baino txikiagoa da, hots, ikasgela bakoitzeko ikasle gehiago dituzte. Beraz, haien errentagarritasuna handiagoa da (beharbada, ikasleriaren banakako arretaren galeran bada ere, eta azken finean, irakaskuntzaren kalitatearen kalterako). Ikastetxe hauek, gainera, hirigune eta leku jendetsuenetan kokatuta daude, non merkatu kuota ona duten. Landa inguruneetako herri txikietan, bestetik, bertako biztanleria eskasaren (eta, beraz, errentagarritasun txikikoa) hezkuntza eskubidearen bermea ikastetxe publiko baten eskutik emandakoa izan behar du ezinbestean, zeinek proportzionalki baliabide gehiagoerabili behar dituen nahi eta nahi ez.
Era berean, hezkuntza behar bereziak dituzten ikasle gehienen trataera sare publikoko ikastetxeei dagokie. Hau da, sare publikoak bere gain hartzen du baliabide gehien behar duten ikasleen eskolatzea (ikastetxe pribatuetatik bideratuak askotan, eta ez betiere modu etiko eta solidarioan): ikasle etorkinak, heziketa berezikoak, ijito etnikoak, ikasketa eta portaera eragozpenak dituztenak, eskola atzerapena daramatenak... Sare publikoko irakasleek hartzen dute beren gain, era berean, gaixotasunen edo bestelako arrazoiak direla medio eskolara joan ezin diren ikasleen zein ospitalean daudenen arreta, izan eskola publikotik izan itunpekotik eratorria.
Eta sare publikoaren barnean daude, halaber, helduen etengabeko hezkuntzako ikastetxeak, hizkuntza eskolak, musika kontserbatorioak... Eskola publikoak gizarteak eskatzen dituen lekuan bertan eskaintzen baititu bere zerbitzu eta baliabideak nahitaez; eskola pribatuak, berriz, komeni eta interesatzen zaion lekuetan soilik eskaintzen ditu.
Bukatzeko, aipatu behar da, baita ere, itunpeko sare pribatuko irakasleen soldata diru publikotik ordaintzen dela bete-betean, irakasle-funtzionario publikoen soldatarekin %95ean legez homologatua egonik. Alabaina, itunpeko irakasleen lan baldintza objektiboak nabarmenki okerragoak dira (ideologia-kontrola bezalakoak ez aipatzearren). Logikoki, horrek ere errentagarritasuna areagotzen du: gutxixeago kobratzen dute, lanordu gehiago egiten dituzte, askoz ikasle gehiago artatzen dituzte, kontrolatuagoak daude eta ezin dira kexatu/protestatu (garai hauetan, NDF, EBZ eta CEOEren gozamena!).
Egia erdiak erdia ustel
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu