Auzitegi Nazionalaren sententziak, Udalbitza auzia deritzonari buruz emandakoak, itxaropenez bete gaitu. Berriro ere, eta, duela hilabete gutxi batzuk Egunkaria-rekin gertatu zen bezala, ebazpen horrek errugabetzat jo ditu auzipetuak ETA erakundeko kide izatearen delituaz; eta, era berean, bereizketa bat egin du politika jardunean aritzeko eskubidearen eta terrorismoan jardutearen artean. Auzitegi Nazionalean nekez baliatu izan dute halako doktrinarik; alderantziz, orain arte, lausotu egin izan ditu disidentziaren eta terrorismoaren arteko mugak.
Badakigu zer den Udalbiltza: Euskal Herriko Udal eta Udal Hautetsien Biltzarrari dagokion akronimoa; alegia, haien elkartzeari emandako izendapena. Euskal Herriko lurralde guztietako 1.778 udal kargudun hautetsiek osatu zuten, helburutzat hartuta lurralde antolakunde bereizi gisa aldeztea eta sustatzea euskal nazioa; hala erabaki zuten 1999ko irailaren 18an, Bilbon, Euskalduna jauregian onartutako adierazpen baten bidez. EHNA Euskal Herriko Nortasun Agiria sortzea izan zen, beharbada, taldeak sustatutako ekimenik ezagunena.
2003ko apirilean, Udalbiltzako 13 kide atxilotzeko agindua eman zuen Instrukzioko 5. Epaitegiak, eta, hurrengo, beste hainbat, guztira 22 atxilotu eta epaitzeraino. Fiskalak eta Dignidad y Justizia taldeak aldeztu zuten akusazioa, eta, haien tesiaren arabera, egiaz, bi Udalbiltza daude: bata, legezkoa, hasiera batean sortutakoa, eta alderdi nazionalista euskaldun guztietako ordezkariak biltzen dituena; bestea, berriz, Kursaal jauregian 2002ko otsailean izandako bileran sortutakoa, Udalbiltza berria, ezker abertzale esaten dioteneko ordezkariek zuzendutakoa, eta hori zegoen akusatuta ETA erakundeko kide izateaz.
Egunkaria auzian erabili zuten argudioaren antzekoa baliatuta, atalez atal desegiten du akusazioaren tesia. Orduko balizko kasu hartan bezala, ETAren agiriak izanda ere—proiektuarekiko interesa eta proiektuan eragin nahia zuelako adierazgarri—, horretatik ez omen dago ondorioztatzerik Udalbiltza haren kontrolpean zegoenik; are gutxiago, ezin bada inolako ekonomia loturarik ezartzerik izan erakunde bien artean. Beste baieztapen hau ere egin ahal izan dute: «Zuzenbidean ezin onartuzko ondorio bat» da talde armatu horretako kide direla frogatu nahi izatea, kutsadura dela bitarteko; hau da, Udalbiltzaren ekitaldi eta ekimenetan agertu izan diren zenbait pertsona gerora ETArekin zerikusia izateagatik auzipetu eta kondenatu dituztela eta.
Sententzian bertan adierazita dagoenez, behin aurreko hori baztertuta, euskarri bakarra ageri zen akusazioan: Udalbiltzaren politika helburuak eta ETArenak bat zetozelakoa. Alde horretatik, lehen ere behin baino gehiagotan nabarmendua dudanez, norbait ez da talde terrorista bateko kide, haren ideologia helburuekin bat etortze hutsagatik edo haiek onartzeagatik; hortaz, bada, Udalbiltzaren nahia bazen estatu independente eta euskaldun bat aldeztea eta bultzatzea ideia gisa, helburu ezinago zilegizkotzat hartu beharko zatekeen demokrazia estatu batean, zeinetan helburu hori indarkeriaz lortzen ahalegintzeari bakarrik jazar baitakioke, estatu nazionalista espainolean indarkeriari iraunarazteko helburuari bezainbat. Beraz, gehiengoarenaz bestelako helburuak aldezteak ez du legez kanpoko bihurtzen politika proiektu edo programa bat; hala nola zilegi da errepublika aldeztea monarkia beharrean, konfesionaltasuna laikotasuna beharrean, federalismoa autonomiak beharrean, bai eta postulatu muturrekoagoak ere, baldin eta joko arauak errespetatzen badira, hau da, baldin eta indarkeriarik ez darabilten bideetatik jotzen bada.
Hain zuzen ere, halako tesiaren aldekoa da berariaz Udalbiltza auziari buruzko sententzia. Eta, horren haritik, hauxe nabarmentzen du: «Demokrazia estatu batean, zigor alorretik kanpo geratzen dira politika jarduna eta ideologia iritziak zein adierazpenak, gustukoak izan edo ez izan, gehiengoari dagozkionak izan edo gutxiengoari dagozkionak izan, partekatuak izan edo ez izan». Eta, beste abagune batzuetan eta beste araudi batzuetan adierazitakoaz guztiz bestera, honako hau ere nabarmentzen du: «Bai eta gehiengo zabalaren kontra badoaz ere, atentatu terroristak ez kondenatuta edo haien inguruan isilik geratuta». Azkenik, honako hau ere badio: «Zilegi da, bide baketsuak erabilita, edozein ideia aldeztea, bai eta sezesionistak eta subiranistak ere; horrek ez baitakar berekin ez ezein konstituzio arauren kontrako erasorik, ez hautabide legezkotzat jotzea herritarren edo kargudun hautetsien edozein bilera asanbleario. Azkenik, beste kontu hau ere ondorioztatu dute sententzia horretan: elkarte nazionalista bat da Udalbiltza, eta halako postulatuak aldezteak—ETAren helburuekin bat etorriagatik— ez dute hura elkarte terrorista bihurtzen».
ETAk oraindik orain adierazitako su-eten «iraunkor, orokor eta egiaztagarriak» sortutako itxaropenak, bada, bakea zilegi dela sinetsarazi digu, eta horri gehitu zaio orain Auzitegi Nazionalaren doktrina berria, zeinak edozein politika proiektu baketsu aldeztearen legezkotasuna bermatzen baitu. Horrek guztiak aitzakia nahikoa izan beharko luke, gure gobernariek Alderdien Legea eta terrorismoaren kontrako legeria salbuespenezkoa zalantzan jar eta alda dezaten; Nazio Batuen kontalariak berak ere behin baino gehiagotan adierazia du ez dietela inolako begirunerik herritarren bermeei eta eskubideei. Hala eginez gero, elkarrizketarako eta politikan parte hartzeko bidea ekarriko lukete, eta horrek garai itxaropentsu bat hasiko luke, ezinbestean.
(Erredakzioan itzulia)
Edozein proiektu politikoren defentsa baketsuaren aldeko epaia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu