Bi irudi indartsu agertzen dira The Look of Silence (Isiltasunaren begirada), Joshua Oppenheimer errealizadorearen azken lanaren abiapuntuan. Lehenean, kamioi zerrenda dator—armadakoa, itxuraz—, tropikoko ilunabarrean baldar, zuloz jositako pistan barrena. Buru doanak argiak itzalita, atzekoek piztuta, itzal-argi jokoek giro espektrala sortuz. Bigarrenean, eserita eta biluzik dagoen agurea bainatzen ari da emazte bat, keinu sendo eta maitekorrez. Agure horzgabeek ematen diguten hilotz-itxura du agureak, begiak itxita, bere ume-marrutxoengatik ez balitz. Berehala jakingo dugu elbarria dela, itsua eta gorraz gain. Aski dira bi eszenok eta aurreko The Act of Killing (Heriotza emateko ekintza) gogorarazten dizkiguten borreroen hitz eta imintzio groteskoak ikuslea aprentsioz betetzeko. Baina berehala jabetuko gara hark ez zuen giro poetiko eta barnerakoian murgilduko gaituela zuzendariak orain.
Urruti geratzen zaizkigu 1965eko Indonesian CIAk bultzatu estatu kolpea, baita ondorengo hilabeteetan izandako sarraskia ere: bi miloi eta erdi erailketa erregimenaren kontrako ezein susmagarri akabatzeko: sindikalistak, lurrik gabeko nekazariak, intelektualak edo txinatar etniako edozein, «komunista» izatearen akusaziopean. Gauza da, Gerra Hotzaren garaiak ustez amaitu direnean, erregimen hark indarrean jarraitzen duela bertan, eta orduan sarraskiak gauzatu zituztenak goratuak direla egun heroi nazional gisa. Heroi hauei hitza ematea izan zen The Act of Killing filmak egin zuena, eta zur eta lur utzi gintuzten borrero aguretu haiek beren hitz eta errepresentazioekin, ez baikaude ohituta maila hartako lotsagabekeria putzarekin, inpunitate kriminalaren arrandia espektakulo bilakatzeko joerarekin.
Estreinatu berri den The Look of Silence honetan, berriz, orduan eraildako baten anaiak du rol nagusia. Anaia hil eta bi urte beranduago jaioa, hildakoaren itzalean hazi zen. Orain, erailketa haren detaile makabro guztiak ezagutu ditu eta erabaki bat hartu du: banan-banan bisitatuko ditu borreroak anaiarengatik galdegiteko. Ondorioa, agure arro hiltzaile zenbaiten erretratu zerrenda da, baina baita protagonistaren familiaren kontrapuntu samur eta sakona ere: aita elbarritua, ama indartsu eta argia, haren atrebentziagatik kontuak eskatzen dizkion emazte kezkatua, haur maitekorrak... Artelanaz baino ezin lortu bi adar horien lotura orekatua, eta maisuki egin du Oppenheimer-ek.
Horrelakoetan gertatu bezala, geruza asko ditu irudien sinfonia horrek, eta hitzen oso gainetik erakusten den diskurtso hedatu baten erakusketa gordina da. Ezen pasa dira hilketak, eta borreroek —baina baita milagroz salbatu zen batek ere— lelo bera errepikatzen dute: «Zertarako gogoratu?; iragana, iragana da, horrekin jarraitzeak kaltea baino ez digu ekarriko...». Eta horretara behartuak direnean, mehatxuka: «Jarraitu, jarraitu horrela... matxinatuak ageri dira egunotan ere bazter guztietan, eta horrela jarraituz gero, berriro gertatuko da ordukoa. Zuek bilatu duzue!».
«Ez zaitut mindu nahi» errepikatzen du galdegileak, «baina, ez al duzu ardurarik gertatutakoan?». Ahobatezkoa erantzuna: «Ez, komunistak gaiztoak ziren, fedegabeak, besteen emazteekin oheratzen ziren, akabatu behar genituen ordena berriro ezartzeko, Estatua eta Erlijioa salbatzeko». «Baina hori propaganda hutsa da, ondo dakizue errugabeak modu krudelenean akabatu zenituztela», gizonaren arrapostua. Isiltasun deserosoa orduan, eta mehatxu gisa erabiltzen diren bi argumentuak. «Ez hasi politikarekin, ez dut politikaz ezer jakin nahi...» edo, «horrela da politika, ideal batzuen gauzatzea, medioak zeintzuk diren erreparatu gabe». Finean, argumentu «erlijiosoak»: «Mahomak ez zuen inor hil, baina etsaiak eta fedegabeak akabatzea zilegi eta egin beharrekoa da». Bada filmean 60ko hamarkadako elkarrizketa bat, bertako baten eta amerikar baten artekoa, orduko NBL news kateak zabaldutakoa: «Bali irla paradisiakoa da, zer dela eta tamaina horretako sarraskiak?», galdetzen du amerikanoak. «Komunistak berak etortzen zitzaizkigun erail genitzan, onartua baitzuten beren erratzea, eta mesedez akabatzeko eskatzen ziguten». Tamaina horretakoa bota eta paseoan jarraitzen dute biek tropikoko arrastiri zoragarrian...
Ezer berririk ez, beraz, baina ausartuko nintzateke esatera filma honetan gauzak inoiz ez bezala agertuak eta erakutsiak direla. Eta harridura gaindiezineko unez beteriko deklarazio eta keinuen artean, batekin geratuko naiz: «Jende asko akabatzen baduzu burua galtzeko zorian egongo zara; hori bera gertatu zitzaion gure arteko zenbaiti. Palmondoetara igotzen ziren goiznabarrean, otoitzera deitzeko oihuka! Hori saihesteko modu bakarra eraildakoaren odola edatea da». «Hildako bakoitzarena?», galdetzen dio gizonak txunditurik. «Ez, nahikoa da bi basokada egunean. Baso bat generaman lepoa egiten genienean bertatik jasotzeko. Gazia eta gozoa da giza odola...».
Interpretazio bat baino gehiago izan lezake ekintza eta sinesmen horrek: mundu eta kontzientzia magikoaren indarretik hasita, eukaristia kristauan mantendu dena, besteak beste. Baina badu guri dagokigun eta indarrean jarraitzen duen erro sakonik ere: norbait akabatu behar baduzu, bere odola edan behar duzu ez erotzeko. Ez modu literalean, Asian bezala, baina bai modu sinbolikoan: hori izango baita zure eskuz hil duzunaren indarra eta boterea eskuratzeko erritoa, muturreko harreman erabatekoan. Odol horren bidez bestearen biziaren erabateko agintza bereganatuko duzu, baina baita zeure burua immunizatu ere egindako gehiegikeriaren aurrean. Ez dago «buru osasuna» mantentzeko beste aukerarik.
Edan zure biktimen odola
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu