Guztion ahotan daude jada «larrialdi klimatikoa» eta «krisi ekologikoa», Madrilen egin zen COP25ean ere onartu zuten «gure bizitza arriskuan dagoela eredua aldatu ezean». Horren aurrean aukera bi ditugu, aldaketa modu ordenatuan egin edo errealitateak gaindituta zaplazteko baten bidez. Munduko puntu batzuetan hasi dira jada ingurumen krisi horren zaplaztekoa nabaritzen. Gurean, adibidez, ohikoa bilakatu da plastikozko ontzi zatiak aurkitzea hondartza, itsaso eta hainbat animaliaren organismoetan. Erosi-erabili-bota kontsumo ereduaren hondakinak dira. Herritarroi kontsumitzen dugunean eredu horren zati bat inposatuta datorkigu, produktu zehatz bat kontsumitu nahi dugunean biltzen duen estalkia ere erosi behar dugu, plastikozko botilak, plastikoan gordetako barazkiak... Egunero, erabilera bakarreko milaka ontzi arin erabiltzen ditugu eta horiek murrizteko ahaleginak apalegiak dira gaur-gaurkoz.
Klima aldaketaren aurka altxatu den olatu hau baliatu behar dugu, hondakinen inguruko beharrezko eredu berriak martxan jartzeko. Ontzi arinen kasuan, gaur egun edukiontzi horian bildu beharko lirateke, Ecoembes enpresak duelarik horiek kudeatzeko erabateko monopolioa. Ecoembes 1996an sortu zen, ontzien kudeaketa integrala egiteko sistema gisa, elikadura eta ontziratze enpresa handiek bultzatuta (Coca-Cola, Nestle...). Garai haietan hondakinen lege berria indarrean sartzekoa zen eta lege hark enpresak behartzen zituen beraien jardunak sortutako kutsadura kudeatzera. Ecoembesen benetako xedea, beraz, atxikitako enpresek hondakinen legea betetzea da, beraien aktibitate ekonomikoaren jarraipena bermatu ahal izateko.
Puntu berdea
Ecoembesek puntu berdea duten ontziak kudeatzen ditu soilik. Kontsumitzaileok kanon bat ordaintzen dugu puntu berdea daukan produktu bakoitza erostean, ontzi horren kudeaketa gastuei aurre egin ahal izateko. Alegia, erabilera bakarreko ontzi eredua inposatzeaz gain, elikadura eta ontziratze industriek bere gain hartu beharko luketen gastua herritarrok ordaintzen dugu. Birritan ordaintzen dugu: lehena, produktua erostean, eta bigarrena, udaleko hondakin zergak ordaintzean.
Kudeaketa eredu honekin gauza bitxi bat gertatzen da: kudeatzen ez den ontziak gastu gutxiago dakarrenez, hondakin bilketaren eraginkortasuna txikiagoa den heinean irabazi handiagoak dituzte. Izan ere, nor egiten da kargu ontzi horiek erreka, itsaso edo bide bazterrean amaitzen dutenean? Hori dela eta, une oro birziklatzearen aldeko kanpainak abiatu behar dituzte beraien ereduaren onurak saldu ahal izateko.
Berrerabili eta murriztu vs birziklatu
Ecoembesetik soilik birziklatzea bultzatzearen beharraz aritzen dira. Birziklatzea, murriztea eta berrerabilera bateraezinak izango balira bezala. Baina, noski, salmentetan gora egin nahi duten enpresei buruz ari gara. Ahalik eta produktu gehiago merkaturatzen duten heinean, beste hainbeste ontzi arin merkaturatzen dituzte. Ondorioz, egiten dituzten kontzientziazio kanpainak gehiago dira greenwashing proposamen serioa baino.
Proposamen sendo batek murriztea eta berrerabilera izan beharko lituzke xede, horrek beraien ohiko negozio eredua aldatzea ekartzen duelarik. Ontzi motak eta haien materialak aldatu beharko lituzketelako. Hori dela eta, plastikoaren lobbyek euren interesak mehatxatuta ikusiko lituzkete, eta, gainera, produktuen garraioen kostuaren gorakada ekar lezake material pisutsuagoen erabilerak. Ondorioz, aldaketak irabazien beherakada bat ekar liezaieke.
Kutxa beltz bat
Edukiontzi horia kutxa beltz bat da; produktua merkaturatzen den momentutik ontziaren trazabilitatea galdu egiten da. Ez dakigu zenbat ontzi merkaturatu diren, ezta zenbat jaso diren edukiontzi horietan eta horietatik zenbat birziklatu diren. Ondorioz, ez dago birziklatze datu fidagarririk. Ecoembesek estatu osorako %78,8ko birziklatze tasa aipatzen duen bitartean, Zero Zabor Aliantzak %30eko birziklatze tasa aipatzen du. Izan ere, Ecoembesek edukiontzi horira heltzen diren eta euren sistemara atxikitako ontziak kontabilizatzen ditu soilik.
Beste konparaketa bat metalezko ontzien birziklatze tasari dagokiona da: Ecoembesek %85,4ko birziklatze datua ematen duen bitartean, metalezko ontzien Europako elkarteak (Metal Packaging Europe) %62 aipatzen du.
Birziklatze datu horien datntza hein batean gertatzen da enpresak berak aitortutako datuetan oinarritzen delako, atzetik inork auditatu gabe.
Bizkaian urrats berrien beharra
Honekin guztiarekin ez da nire asmoa inondik ere birziklatzearen inguruan zalantzak sortzea. Baina Ecoembes eta Zabalgarbiko erraustegiaren ereduan oinarrituta dagoen gure Bizkaian, hondakinen kudeaketaren eredua aldatzeko eztabaida sakona behar da.
Ontzien kudeaketa gardenago eta osoago bat behar dugu, gure naturguneak zaborretik libratzeko. Erabilera bakarreko ontzien murrizketa bultzatzen duten politikak eta ontzien itzulera ahalbidetzen duten ereduei bidea ireki behar diegu. Ontzien itzulketan oinarritutako sistemek emaitza hobeak erakutsi dituzte Europako zenbait tokitan. Ontzi mota batzuekin has gaitezke itzulketa sistema aplikatzen, beste urrats batean beste batzuei zabaltzeko.
Bizkaiko II. BUHKPI (Bizkaiko Hondakinen Uri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integrala) berrituko den honetan urrats zintzoak eta sendoagoak egiteko aukera ireki da. Bestela zertarako deklaratu zuen Urkulluk larrialdi klimatiko egoera?