Enpresaburua

EBko hizkuntzei buruz

Borja Irizar
2024ko otsailaren 13a
05:00
Entzun

Utzidazue etorkizunaz berba egiten, behintzat etorkizun posible bati buruz. Disruptibo puntu batetik. Hamar-hogei urtetan EBko hizkuntza ofizial bakarra ingelesa izango da. Jada de facto da, eta laster de iure izango da ere. Munduan ez dago 30 hizkuntzatan funtzionatzen duen beste erakunderik. Ez dauka zentzurik. Lau, bost hizkuntzatan, agian, EB kudeatu ahal da. Jada hamabi, aldiz, gehiegi dira.

Nola ez, EBko hiritar bakoitzaren eskubidea mantendu eta babestu behar da, baina hiritar horren berezko erakundeek aitortu behar diote eskubide sakratu hori. Noiz idatzi zenion azken aldiz EBri?

Oraingo mundua ingelesez eraiki da, aukera posibleen artean ez da txarrena izan. Ez dago modurik profesional arrakastatsua izateko ingeles barik. Lehenago edo geroago hizkuntza «madarikatu» horrekin topo egingo duzu. Eta bai, profesional arrakastatsua izan zaitezke, baina zirkulu profesional horietan elkarrizketa, hitzaldi eta dokumentu bakoitza ingelesez dago. Egia esan, gaur, 2024an, zientzia eta IT arloan ez da sortuko eskuliburu txiki bat ere gaztelaniaz. Espainiako IT enpresa batek dokumentazioa ingelesez sortzen du. Europan ia inork ez du gaztelaniaz berba egiten. Ministerioan agertzen diren datuak faltsuak dira. Lau urte bizi izan naiz Irlandan, eta lau urte horietan ez dut gaztelania menperatzen duen pertsona bakar bat ere aurkitu.

Bilaketa sinple bat egiten badugu academia.edu webgunean, zientifiko guztiek beraien paperak argitaratzen dituzten lekuan, munduko benetako errealitatea ikusten dugu. Adibidez, zerbait neutroa, Nuclear adibidez, bilatzen badugu, 95.000 artikulu inguru aurkitzen ditugu, eta horietako 90.000 ingelesez daude. Human bilatzen badugu 764.000 artikulu daude, 735.000 ingelesez, baina Humano bilatzen badugu 20.000 artikulu daude, eta bakarrik 13.000 gaztelaniaz. Sare sozialetan errealitatea oso antzekoa da. X sare sozialean, lehenago Twitter, egunero ingelesez  450.000 txio egiten dira, bigarren postuan 130.000 ingururekin japoniarra dago, eta gaztelaniaz pixkatxo bat gutxiago, 125.000 inguru. Lehiaketa horretan euskara 22. postuan dago, 22. planeta osoan! Ez dago hain gaizki, ezta?

Europan, edozein lekutan, dena ingelesez kudeatzen duzu, baita munduan ere, baita, nahiz eta espainiar batek ez duen onartu nahi, Hego Ameriketan ere. Errealitate horretan zein motatako abantailak dauzka gaztelania ikasteak/jakiteak/menperatzeak? Benetan, Mexikoko enpresa batean zer garrantzi dauka berba egiten duzun hizkuntzak? Ez dizkizute zure produktuak erosiko ez duzulako beraien hizkuntzan berba egiten?

Zintzoa izanik, ume euskaldun batentzat, gaur, gaztelania menperatzea ez da abantaila, ingelesa menperatzeko oztopo bat baizik. Aztertu dezagun esan dudana. Euskarak ez du bete nahi ingelesak bete behar duen lekua. Herri txiki baten nahiak ditugu, herri independente bat izango bagina ez genituzke Hollywood film guztiak euskaratuko. Gure hizkuntza-politika Europako iparraldean egiten dutenaren oso antzekoa izango litzateke. Eta hain zuzen ere, hor dago gakoa, zergatik ume finlandiar baten ingeles maila gureena baino bi aldiz altuagoa da 15 urterekin? Badirudi finlandiar hizkuntza ez dela arazoa, ezta euskara ere, gaztelania da.

Gaur, Lehen Hezkuntzan, gaztelania gutxienez astero bost ordu ikasten da. Zenbatzen baditugu gaztelania ikasiko dituzten orduak, ez dira 2.000 baino gutxiago izango. Helburua zein da? Autore guztiak, testu guztiak mendeetan zehar, Garcilaso-tik Gongora-ra, mozarabeen jarchetatik Bequerren kondairetara birpasatzea, ingeles akademia pribatu batean bukatzeko. Errealitate horretan ez duzu sekula komunikazio gaitasun nahikorik lortuko bilera batean ingelesez parte hartzeko. Ez dut esan nahi ume batek gaztelania jakin behar ez duenik, baizik eta gure etorkizunean ez dira sartzen hiru hizkuntza gure hezkuntzan. Eta, momentu batean edo bestean Europan bagaude eta Europako hiritarrak bagara, zerbait aldatu beharko da.

Gure kasuan, euskaldunok behar duguna ez da euskararen ofizialtasuna EBn, ezta katalanera ere, baizik eta aske izatea bi hizkuntza, euskara eta ingelesa ikasteko. Zergatik ez? Europari begirada bat ematen badiogu, Madrilgo ume batek bi hizkuntza menperatu behar ditu eta guk hiru? Gaztelaniaz gure seme-alabek egiten dituzten orduak, Madrilgo ume horren gurasoek onartuko al lukete beraien seme-alabek euskaraz egitea? Erantzuna badakigu zein den. Beraz, desabantaila sakon batean gaude. Modu batean edo bestean ume euskaldun bat, Europako hizkuntza ofizialaz aparte, beste Europako ume baten hizkuntza ikastera behartuta dago. Europan ez dira jaiotzen ume guztiak aske eta berdin? Geureak ez.

Euskaldun bat euskalduna izateko aske izan behar da. Ez dago munduan hizkuntza bakar bat lehiatu ahal duenik hirugarrena izan behar bada. Horrek ez dauka zentzurik ezta etorkizunik ere. Europako edozein lekutan bi hizkuntza eskatu ahal dira. Hiru eskatzen diren lekuetan, bat desagertuko da. Gure mugimenduak hurrengo urteetan norabide horretan joan behar dira. Europan ia 200 hizkuntza berba egiten dira, 24 ofizialak dira. Minorizatuta dauden beste hizkuntzekin landu behar dugu ideia hau EBko parlamentuan.

Aldaketa horren ostean euskara ez da sekula arriskuan berriro izango. Zin egiten dizuet.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.