EB hondoratuta, euskal ezkerraren alde

Jesus Uzkudun, Josean Cuesta, Maria Luisa Sanchez, Sergio Barreiro
2011ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Mikel Aranak, EPK-k eta EPAk haustura sustatu zuten, IU Federalaren zuzendaritzako kide gehienen babesari esker, eta, horren ondoren, EBko Kontseilu Politikoak ezohiko batzar nagusi batera deitu zuen urriaren 1erako.

Erabakik, EBren sortzezko helburuak bere eginez, uste du batu egin behar dela euskal ezker guztia; halakotzat dauka PSOEren sozial-liberalismotik ezkerretara dagoena. Fronte zabal bat eratu behar da, besteak beste, aurre egin ahal izateko ekinaldi neoliberalari, «merkatuen» erasoei, autogobernuaren kontrako erasoei eta Estatuak hurrengo egin asmo dituen homogeneizazio ahalegin zentralistei.

Agiri hau sinatzen dugun EBko kideok uste dugu ezinbestean aztertu eta aurre egin behar diegula gure erakundeak behin eta berriz izan dituen porroten, krisiaren eta zatiketaren arrazoiei eta ondorioei. Gure ustez, hutsegite politiko eta etiko hauek eragin dute krisia:

—Mikel Aranaren eta haren ildokoen asmoak. Hain zuzen, ustezko eraberritze bat izateko zorian, berriro kide egiteko prozesu bati ekin nahi izan diote, IU Federalaren kontrolpean; hori estatutuaren eta legearen kontrakoa da, eta, horretaz gainera, EBren izaera baskista eta antolakuntzaren subiranotasuna desegitea esan nahi du, sukurtsal bihurtzeraino. Halako jarrera batek eragotzi egiten du, batetik, benetan eraberritzea Ezker Batua, ezker abertzale zabal eta plural gisa, eta, bestetik, pasibotasuna erakusten eta azaltzen du, ezker abertzalean izandako aldaketei aurre egiteko. Era berean, agerian jartzen du konpromisorik eza, Sortu eta Bildu legezko bihurtzeko gizartearen eskea dela eta; bazter uzten du sindikatuetako aktibistekin eta buruzagiekin gogoeta bateratu bat egitea, sindikatuen mobilizazio frontisten dinamika negargarria gainditu beharraren inguruan.

—Gure ustez, hutsegite politiko larria izan da EBk PPren esku utzi izana Arabako Foru Diputazioaren gobernua, Arabako Batzar Nagusietan emaniko botoaren bidez. Baina askoz ere larriagoak eta ezinago lotsagarriagoak izan ziren aurreko hainbat gertakari, hala nola zenbait pertsonaren aldeko prebenda ekonomikoen edo hainbat banku abalen inguruan ustez egindako negoziazioak. Oraindik ere argitzeko daude, baina gertakari horiek izan litezke, beharbada, EBren sinesgarritasun etikoaren sastakaia; haren eragileek eta akuilatzaileek, berriz, lehenbailehen alde egin beharko lukete jokaleku politikotik, aparte utzita epaitu beharreko erantzukizunik badagokien.

—EB (eta ustez haren ondorengo edo jarraitzaile izango den taldea) hondoratu egin da bai politikan eta bai hauteskundeetan. Hori, ziur asko, are eta larriagoa izan liteke, IUk ezintasun endemikoa agertu izan baitu barreneko zatiketa betierekoak gainditzeko eta lurralde antolakuntza subiranoen izaera federala modu naturalean onartzeko, eta horrek eragotzi egin du estatu plurinazionaleko ezkerreko guztien erreferente izatea.

Horregatik guztiagatik, sinetsita gaude, gaur egungo abagunean, ezker alternatiboa batzeko baliagarri izateari utzi diola EBk, hauteskundeetako espazio politiko gisa.

Azaroaren 20ko hauteskunde orokorren atarian gaude. Dirudienez, PSOEk baliatutako politika sozial-liberalek bidea leundu diote PPri, gehiengo absolutua lor dezan. Nolanahi ere, eta eskubide demokratiko, politiko eta sozialei dagokienez, aurre egin beharko diegu beste eraso eta murrizketa handiago batzuei. Behin-behinekotasun hori dela eta, inoiz baino ezinbestekoagoa da sektarismoak amaitzea eta ezkerraren sakabanaketa behingoz bukatzea; hala, gizartean berriro matxinada piztuko da, eta proiektu eraldatzaile bat sortuko, kapitalismoaren kontrako hauteskunde adierazpide politiko bihurtuta gizartearen egonezina eta herritarren haserrea —gobernuek krisiari kapitalismoaren aldeko kudeaketa baten bidez aurre egiteagatik sortua—.

ETAren indarkeria, berriz, likidazio fasean sartua da, armak behin betiko utziko dituela eta desegin egingo dela iragarri artean—bat etorriz ezker abertzalearen apustuarekin eta, beraz, bide beren-beregi baketsu eta demokratikoetatik jotzearekin—; horren ondorioz, bertan behera geratuko litzateke ezker abertzaleko hainbat adierazpideren arteko zatiketaren eragile nagusi izan dena. Gure ustez, bada, oraintxe da garaia arriskatzeko, zatiketa zaharrak gainditzeko eta hauteskunde nahiz gizarte fronte zabal baten aldeko apustua egiteko: besteak beste, langile eta herritarren borroka guztietan bultzada eta eragina izan dezan; ezker abertzalearen adierazpide politikoa (Sortu) legeztatu dadin; indarkeriaren amaiera atzeraezina eragin dezan, eta politikan, normalizazioa; biktima guztiak onar daitezen; ETAko presoak kartzelatik kanpora atera daitezen —berehala eta lehenbailehen, norbere bizilekutik hurbileneko kartzeletara lekualdatzea, gaixotasun larriak dituztenak askatzea, Parot doktrina indargabetzea—; adiskidetze prozesuak abian jar daitezen; eta erabakitzeko eskubidea onar dadin, gero eta gizarte justu eta solidarioago baterantz jo ahal izateko.

Hala EAEn nola Nafarroan, aurrez aurre dugu euskal ezkerraren fronte zabal bat eratzeko aukera, gatazka nazionala konpon dezagun, erabakitzeko eskubidea eta autodeterminaziorako eskubidea onartuta eta baliatuta. Gatazka nazionala baldintza horietan konpontzeak berekin ekarriko du hainbat energia askatzea eta metatzea beste hainbat aurrerabide eta konkista sozialetarako.

Fronte hori joera federalista edo konfederaleko indar politiko batek antolatua eta gobernatua ez izateak, berriz, ez du inolako eragozpen edo aitzakia izan behar parte ez hartzeko. Gainera, euskal ezkerraren aurrerabidea izango da akuilurik eta adibiderik onena, Estatuko gainerako nazionalitate eta eskualdeetan ere ezkerra sendotzeko eta biltzeko.

Jakitun gara hainbat arrisku, zailtasun eta kontraesan aurkituko ditugula, eta ez ditugu gutxiesten; horiexek gainditzea, baina, erronka itxaropentsutzat daukagu, eta merezi duelakoan gaude. Etorkizuneko eskarmentu politikoak erabakiko du, berriz, hainbat taktika edo estrategia zuzendu beharko ditugun, edo ez.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.