EAJren sorpresak Gipuzkoan

Judith Garcia
2013ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Sistema bidezko batean, Euskal Herriko jendarte ideala euskalduna izango litzateke (elebiduna ere bai), baliabide naturalen kudeaketa orekatuan oinarritutako aberastasunaren sorkuntza izango genuke, aberastasunaren banaketa bidezkoa, emakume eta gizonen eskubideen arteko berdintasuna, nazioarteko herrialdeekiko elkartasuna… izango genituzke. Gobernantza bidezkoari dagokionez, gardentasuna, herritarron parte hartzea eta baliabide publikoen kudeaketa zuzena eta efizientea, etekin ekonomiko hutsa izan beharrean, herritarrok izango baikinateke erdigunea.

Gobernantza idealaren oinarriak elkarrekin lotuta daude, eta batek kale egiten badu, gainerako bietan gabezia handiak egoten dira: baliabide publikoen kudeaketa interesatua (interes pribatu jakin batzuen alde) aurrera eraman ahal izateko, herritarron parte hartzerik ez da planteatu ere egiten, kudeaketa arduragabeak porrota dakar eta erantzukizuna saihesteko emaitzak estali egiten dira.

Bilduk Gipuzkoako Aldundian eta bere enpresa publikoetan aurkitu duen egoera ekonomikoa ideala ez den beste erabateko gobernantza ereduaren seinale da. Bidegi (bide azpiegituren ustiapena, eraikuntza eta mantentzerako enpresa publikoa) eta Etorlur (etxebizitza babestuaren eta zoru industrialaren promoziorako enpresa publikoa) hala zuzendu eta kudeatu dira.

Etorlurren kasuan, Bildu gobernura iritsi arte, herritarrok ez gara ezertaz enteratu: tasatu gabeko lurrak erosi zituzten, eta, tasatu direnean, 17,5 milioiko desoreka aurkitu dugu!; Etorlurrek egindako proiektu urbanistikoetan 9 milioi euro galdu ditu; Etorlurren egoitzako eraikinaren proiektuko bulego, kafetegi eta abarren inguruan egindako operazioaren saldo negatiboa 3 milioikoa da. Galera horien guztien eraginez, enpresa kolokan dago, eta posible da desegin behar izatea. Herri Kontuen Euskal Epaitegiak enpresa horren jokabidea azpimarratu du hainbat informetan.

Bestetik, Bidegi-Bidelanen kontratuak ditugu; bi enpresa horiek lehenengo kontratua (operazio eta ustiapenerako) sinatu zutenerako, adjudikazioan izan ziren ustezko faboritismoak salatu zituen Aralarrek prentsan. Baina larriena gero etorri zen, sinatutako akordioen baldintzak atzera-eragite efektuarekin aldatu zirenean. Aldaketa horren ondorioz, lau urteetan Bidelanek 15,6 milioi gehiago jaso ahal izan zituen kutxa publikotik; horrela, enpresa pribatuak etekin gehiago atera zuen, administrazio publikoaren kalterako.

Bidegi enpresaren kasua are eta larriagoa da. Enpresaren zorra 895 milioikoa da, urteko fakturazioa 100 milioira justu-justu iristen delarik, eta zorraren abalista Gipuzkoako Foru Aldundia da. Bidegiren kudeaketapeko bide-azpiegituren kostuen desoreka 295 milioikoa da. Batez beste, desorekak %50 eta %65 tartean kokatzen dira, eta Europan, berriz, batez besteko desbideratzeak %20ra ez dira iristen. Foru Aldundiko azkeneko obra, esate baterako, Hernaniko saihesbidea, %9,1eko desbideratzearekin bukatu da 2013an; kudeaketa zuzena posiblea da.

Horrez gain, 2015etik aurrera enpresa publikoaren inbertitzeko ahalmena hutsa izango da. Kasu horretan, harridura ez da Herri Kontuen Euskal Epaitegian gelditu, baizik eta Espainiako Herri Kontuen Epaitegiak kudeaketa aztertuko du, «azken muturreraino iristeko».

Berri horiek ordezkari politiko batzuen jokabideei buruzko hausnarketara garamatzate, hain zuzen ere, behin eta berriz kudeaketa txarra dohainik ateratzen delako eta herritarrek aukera gutxi dutelako erantzukizunak eskatzeko. Baliabide publikoen kudeaketari dagokionez, erdiez ez gara enteratzen, eta politikagintzan jokabide interesatu eta ustelak oso ohikoak bihurtzean, herritarrek etsi egiten dute maiz, halabeharrez politikagintzak eta ustelkeriak loturik joan beharko balute bezala.

Begi bistakoa da egungo sistema neoliberala eta gure agintari batzuek burututako kudeaketak egoera ekonomiko eta sozial oso larrira eraman gaituztela. Zenbat lanpostu sor zitezkeen administrazio publikoak bi enpresa publikoen bidez galdu duen diruarekin, eta zenbat lanpostu iraunkor sortu dira?, zenbat proiektu burutu zitezkeen Gipuzkoako ehun produktiboak indartzeko?, zenbat sorpresa gehiago izango ditugu baliabide publikoekin egindako kudeaketan? Errauskailuari dagokionez, zorionez, garaiz gelditzea lortu dugu, proiektuaren eraikuntza bermatzeko kontratatutako produktu finantzario espekulatzaileekin irekitako bideak antzeko kudeaketa zeukan eta.

Bidegi, Etorlur… lau haizetara zabaldu beharreko kudeaketaren berri eman digute komunikazio hedabide batzuek. Gipuzkoako egunkari guztietako portada izan beharko liratekeenak, interes politiko-ekonomiaren gainetik informazioa eskaintzea baldin bada helburua, behinik behin. Estilo horiek salatzea eta politikagintzatik behin betikoz baztertzea ezinbestekoa da, baldin eta sistema demokratikoei dagokien bezala, herri eraikuntzan herritarrok ilusioz parte hartzea lortu nahi badugu.

Ustekabe zein sorpresa horiek gainditzeko eta zimendu berriak kudeaketa publikoan ezartzeko, EH Bildun beste gorbernantza eredu baten aldeko apustua egiten ari gara, herritarrek horretarako aukeratu gintuzten eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.