EAJren 'batu eta jarrai' estrategia

Joxean Agirre Ezker abertzaleko kidea
2010eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Matematiketan erabili ohi den esamolde honekin ohituta gaude EAJren jardunari erreparatuta. Izan ere, urteak joan urteak etorri bi arimadun agertu nahi duen alderdi jeltzaleak oztopoak besterik ez baitizkio jarri elkarlanari, zela oinarrizko eskubideen defentsa komunaren bila aritzeko, zela nazio ikuspegitik indar metaketa eratzeko. Sarri nabarmendu dute berezko ibilbidearen hautua, eta sarriago bilatu dute Madrilgo gobernuen itzala. Txibertatik Loiolara, Espainian eroso bizi leloarekin, batu eta jarrai.

Udazkeneko lehen hosto eroriekin batera, ordea, Gipuzku Buru Batzarreko presidentea den Joseba Egibarren ahotik lau haizetara zabaldu da Batu gaitezen izeneko manifestua. Bere esanetan, erantzuteko garaia da. Giza eskubideak, bizitzarako eskubideak, aurrerabide eta justizia sozialak, gure Herria aitortu, onartu eta errespetatzeak esanahi berezia izanik, hori guztia lortzeko erantzun demokratiko petoa emateko ahalegina behar dugu, eta horretan daude Joseba Egibar, Markel Olano eta Gipuzkoako beste burukide airoso.

Albiste pozgarria da beste era batera ibiltzen ohitua dagoen alderdiak elkarlanerako deia egitea, are gehiago une honetan non, aldebakartasunez eta adore biziz, Ezker Abertzaleak norabide horretan urrats ugari eginak dituen. Bistan daude emaitzak; ukaezinak dira askaturiko energia eta indar metaketa. Abertzale eta demokraten arteko baterakidetasuna ildoturik, uhara jarraitzen du EAJk tarteka. Bestetan, aldiz, lehengo lepotik burua. Bi diskurtso eta jokabide bakarra, batu eta jarrai.

Proposamen hau ezagutzera ematen zuten bitartean, Euskadi Buru Batzarreko presidenteak beste albotik ekiten zion kosk errealitate berari, hau da, egonkortasuna, elkarlana eta lankidetza agintzen zizkion Rodriguez Zapaterori. «Euskal Herriak osatzen duen subjektu politikoa kontuan hartu beharrean, aldatu eta urardotu nahian» dabilen estatu-buruari kidetasuna eskaintzen dio Urkulluk. Era berean, mespretxuz zuzentzen zitzaion ibilbide orbaingabea duen Adierazi EH plataformari. Bi saskitako arrautzak ezin dira aldi berean berotu. Hala eta guztiz ere, Sabin Etxeko korridoreetan galdu gabe, Gipuzkoako muino batetik bistadizoa eginez, GBBko presidentearen proposamenaren inguruko zalantzak dauzkat. Izan ere, elkar-ulertzeko borondatea aldarrikatzearekin batera, San Markoko Mankomunitean Juan Carlos Merino, PSOEko zinegotzia, jarri baitute mahaiburu, zaborren errausketa bultzatze aldera. Legegintzaldia amaitzear egonik, inon ez dute zirkinik egin ezker abertzaleari Herriak emandako bozak eserleku bilaka zitezen. Errepresioak, torturak, epaiketa politikoek eta bazterketak gure atean jo dutenean, ezikusiarena egin dute gehienetan. Azken batean, ezertxo ere batze klabean. Gipuzkoarren xoxak kudeatzeko bai, batu eta jarrai.

Nolanahi ere, EAJ lehen mailako agente politikoa da Euskal Herrian, eta milaka abertzale zintzo aterpetzen ditu. Beraz, eraiki behar dugun marko demokratikoa osatze bidean zer egin handia daukan neurrian, Ezker Abertzaleak begirunez hartzen du ideiak trukatzeko gonbitea. Hori esanda, ez Gipuzkoari baizik Euskal Herri osoari begira jardun beharko da, eraldaketa edonon hasita ere, eskubideen urraketari aurre egin eta ukazioari erantzun koherente eta osokoa ematea ezinbestekoa da-eta. Irrikaz dago Euskal Herria, ez Gipuzkoa bakarrik. Batu gaitezen, baina ez orain artekoa egiten jarraitzeko. Ildo horretatik, eskua luzatzea besterik ez dago geurea aurkitzeko.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.