EAJ sektore publikoa eraisten ari da, gezurren atzean ezkutatuz

Jon Otegi Irastorza
2023ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Aurreko Gobernu Kontseiluan, sindikatuok EAEko sektore publikoan deitu ditugun greben aurrean Jaurlaritzaren jokabide gezurtia eta neoliberala agerian gelditu zen. Bingen Zupiria bozeramaileak gizartearen iritzia «gustura jakingo lukeela» esan zuen, baina errealitatea ondo ezagutzen du. Kontua da arazoak ezkutatzeko errealitate propio bat saltzen saiatzen dela. Hori lortzen ez duenean, «komunikazio arazoei» botatzen die errua.

Urtero bezala, langileon aldarrikapenei eskumenen aitzakia jartzen die, eta soldatak eta enplegua Madrilgo aurrekontu orokorrek mugatzen dituztela esan. Kontua da Jaurlaritza dela EAEko aurrekontuak eta politika fiskala diseinatzen dituena, Madrilgo aurrekontuak negoziatzen hasi baino lehen. Madrilekin adosten ditu mugak, langileok bazter utzita: Ertzaintzarako birjartze tasaren mugak kentzea Madrilen adostu zuen, eta harro iragarri zuen; polizia berarekin kalean duen lan gatazkaren aurrean, poltsikotik 18 milioi euro ateratzeko mugarik ez zuen topatu. EAJren zerbitzu publikoen ereduaren beste adibide bat da hau. Eroso dago Jaurlaritza berak nahi dituen mugak Madrilgo aurrekontuetan onartuta. Diseinu horretan aldundien eta udal askoren erantzukizun maila ere kontuan hartzekoa da.

2010era arte EAEko Mahai Orokorrean igoera propioak ezartzen zituen Jaurlaritzak, aurrekontu orokorren mugak gaindituz. Harrezkero, Madrilgo erabakiak txintxo betetzen ditu, eta langileok erosahalmenaren %20 inguru galtzen ari gara. Esplizituki esan zaigu kendu digutena berreskuratzeaz ahazteko. Murrizketa politikekin eta zerbitzu publikoen eraispenarekin oso ados dago EAJ.

Enplegua sortzeaz eta egonkortzeaz ere ez du eztabaidatu nahi, eta murrizketakinposatzen jarraitzen du, bere ekimenez. Ozen esan behar dugu kontsolidazio prozesurik ez dela inon adostu sindikatuekin; langileok gara prozesu txapuzero horien ondorioak pairatu behar ditugunak. Horrela behin-behinekotasuna ez da %8ra jaitsiko; badakite, eta ez da eskumen kontua, prekaritatea estrategikoa baita haientzat.

EAJk eta hark kudeatzen dituen erakundeek ez dute langileokin konpromisorik hartu nahi, eta ez dute ia inoiz hitzarmenik sinatzen. Eta ez dute gehiengo sindikalekin ezer adosten, legeak derrigortzen ez duelako; legeak soilik «borondate onez negoziatzera» behartzen ditu administrazio publikoak. Bilerak gai zerrenda itxiekin deitzera mugatzen da, eta antzerki baten ostean bere erabakiak inposatu egiten ditu, begirunerik gabe. Euskal Enplegu Publikoaren Legeak ere ez zuen sindikatu bakar baten babesa jaso, eta, hala ere, erabakiak aldebakarrez inposatzeko neurriak hartzen jarraitzen dute. Negoziazio kolektiboa ukatuta dago EAEn. Administrazio eta enpresa publiko nagusiek ez dute ez langileekin ez gizartearekin konpromisorik hartzen; propaganda da egiten dutena.

Enplegua sortzeko eta egonkortzeko ahalmena badago EAEn, baina borondatea da falta dena. Osakidetzako zerbitzuak okertzen eta husten ari diren bitartean, aseguru eta kontsulta pribatuak handitzen ari dira, eta osasun sistema publikoa pribatizatzen jarraitzen dute. Feminizatuta ere badagoen zaintzaren eremuaren %80 pribatizatuta eta prekarizatuta dago. Zerbitzu publiko bat da, baina duintzeko eta kudeaketa publikora itzultzeko aukera egon arren, ez dute nahi.

Langileok ez dugu deitzen grebara «kontubernio» bat garelako, Urkulluk sinetsarazi nahi duen bezala, baizik eta nazkatuta gaudelako eta egoerari buelta eman nahi diogulako. EAJk lanak gaizki egin ditu eta kezkatuta egoteko arrazoiak ditu, jendeak egoera lehen eskutik ezagutzen duelako. EAEko sektore publikoko ia sindikatu guztiok, aldarrikapen taula bat adostuta, urriaren 25ean eta abenduaren 19an grebara deitu dugu. Azaroaren 30ean ere hitzordua dugu greba feminista orokorrarekin, zerbitzu publikoen garapenarekin eta zaintza lanen duintasunarekin bat datorrelako.

LABek langile guztiok hiru hitzorduetan parte hartzera deitzen ditu: enplegu publikoa sortzeko eta egonkortzeko; sektore publikoa indartzeko; erosahalmena berreskuratzeko; zerbitzuen eskaintzak eta lana euskaraz egin ahal izateko; neurri feministak ezartzeko; eta negoziazio kolektiboaren eskubidea bermatzeko. Denok grebetara!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.