Lehenik eta behin, argitu dezagun kontu bat: zuzenketa honen eztabaidaren harira, bada argudiatzen duenik lege-proiektuak hizkuntza-ereduak indargabetzen ez dituenez gero, dagoen horretan onartuko balitz, hizkuntza-ereduak indarrean leudekeela, eta, ondorioz, hizkuntza-ereduak legearen zioetan aipatzeak ez dakarrela aldaketarik, indarrean legokeena aipatu baino ez litzatekeela egingo.
Bada, hiru iritzi juridiko ezagutu ditugu azken boladan kontrakoa esaten dutenak (Juanjo Alvarezena Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean, Iñigo Urrutiarena EH Bilduren hezkuntza-jardunaldian eta Sabino Torre Diezena Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren irizpenean): lege-proiektuak hizkuntza-ereduak indargabetu, desplazatu edo gainditu egiten dituela. Ñabardura juridikoak gorabehera, hirurak datoz bat lege-proiektu hau lege bilakatuko balitz 138/1983ko dekretuak eragingo ez liokeela esatean. Hau da, hizkuntza-ereduak arautzen dituen dekretuak ez lukeela inolako eraginik hezkuntza-jardueran, eta ez litzatekeela inolaz ere baldintzatzaile legearen garapenerako: Hezkuntza Legea eta Euskararen Legea banatu egiten dira. Hori horrela bada, Euskararen Legea Hezkuntza Legearen zioetan aipatzeak aldaketa kualitatibo bat dakar: aipamen horrekin, orain bai, 138/1983 dekretuaren printzipio juridikoek Hezkuntza Lege honi eragin egingo diote: Hezkuntza Legea eta Euskararen Legea lotu egiten dira.
Printzipio juridiko horien artean, gakoa irakas-hizkuntza hautatzeko eskubidea da. Bosgarren zuzenketak esaten duenez, hizkuntza-proiektuak hizkuntza-ereduen sisteman oinarritzen dira; hori horrela bada, hizkuntza-helburuak edo irakas-hizkuntza hautatzeko eskubidea, zein dago gainetik? Hori da bosgarren zuzenketa honek gehitzen duen ziurgabetasun juridikoa, eta horrek lau ondorio konkretu izan ditzake, gure ustez, epe laburrean:
1.- EAJ eta PSEren 26. zuzenketak proposatzen duen Xedapen Gehigarriak agintzen duen erregelamenduzko garapena egiten denean, PSEk planteatzea hizkuntza-helburuen gainetik (edo parean) dagoela irakas-hizkuntza hautatzeko eskubidea, eta, ondorioz, hizkuntza-proiektuak Isabel Zelaak proposatutako eredu eleaniztunean oinarritu behar direla. Hau da, ikas-denboraren portzentaje esanguratsu batean irakas-hizkuntza hautazkoa izan behar dela, irakas-hizkuntza hautatzeko eskubidea bermatu egin behar delako. Hortik, PSEren asmoa izan daiteke ingelesaren presentzia areagotzea euskara gutxiagoren truke, hizkuntza-helburuak bigarren mailan utziz. Uste dugu EAJ ez dela arrisku honetaz kontziente izan zuzenketa aurkezteko unean.
Ohar gaitezen zein diskurtso darabilen PSEk: arrakasta akademikoa euskararen gainetik dago; falazia bat aditzera emanez: euskara oztopoa dela (izan daitekeela) ikasleen arrakasta akademikorako. Hizkuntza-eskakizunen kontrako epaien aurrean, berriz, honakoa adierazi du: lan-eskubidea hizkuntza-eskubidearen gainetik dago; aditzera emanez euskara oztopoa dela (izan daitekeela) lan-eskubidea egikaritzeko. Hain zuzen ere, PSE epaileek euskararen kontra darabiltzaten argudio berberak birproduzitzen ari da.
Hainbat estamentu sozialetatik entzuten dira antzerako argudioak: «Datozen urteetan lan-indarra beharko da, eta, gure egitura demografikoa kontuan izanda, jende asko etorri beharko da kanpotik bertan lan egitera; eta ez soilik kualifikazio baxuko langileak, beharko dira, baita ere, ingeniariak eta medikuak, adibidez. Jende hori guztia beharko badugu, eta, beren familiekin etorri beharko badira, euskara oztopo izango zaigu. Jar dezagun arreta ingelesean, hori bai baita lan-munduan baliagarria izango dugun hizkuntza».
2.- Gasteiz, Bilbo, Ezkerraldea edo Donostiako ikastetxeetako guraso batzuek(A eta B ereduak zonalde hauetan kontzentratzen direnez gero) aldarrikatzealegeak A eta B ereduetan jarraitzea bermatzen diela, hain zuzen ere, irakas-hizkuntza hautatzeko eskubidean oinarrituz.Ondorioz, bestelakorik agintzen bazaie (hizkuntza-helburuak lortzeko gai diren hizkuntza-proiektuak garatzea, eta, helburuak betetzen ez direla egiaztatzen den kasuan, proiektuok egokitzea), guraso batzuek legeari helegitea jartzea, euskal hezkuntza judizializatuz (ohar gaitezen Voxek estrategia argia duela horretarako, Udal Legea azken adibide). Epaitegiek ondorengoa ebatz dezakete: irakas-hizkuntza hautatzeko eskubidea hizkuntza-helburuen gainetik dago. Horrek Legearen IV. Titulua hankaz gora botako luke, gaur egun gauden leku berean utziko gintuzke. Hizkuntza-eskakizunen araubidearekin gertatzen ari denak nahikoa argi ematen digu epaileen interpretazioa zein izan daitekeen jakiteko.
3.- A eta B ereduko ikastetxeek Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren osaketa oztopatzea. Zer gertatuko da, adibidez, esandako zonaldeetan, eskola-segregazioari aurre egiteko, eragin-gune bakoitzeko ikastetxeek Hezkuntza Konplexutasun Indize bera izan dezaten (legeak hala agintzen du) ikasleak ikastetxeen artean banatu beharko direnean? Zer gertatuko da D ereduan matrikulatu den ikasle bat B ereduko ikastetxe batera bidaltzen bada, edo alderantziz? Non bukatzen da hau ez bada epaitegietan, irakas-hizkuntza hautatzeko eskubidea eta gizarte-kohesioa kontrajarriz? Edozein kasutan, A eta B ereduko ikastetxe horiek segregazioaren katalizatzaile izango dira migrazio-fluxuen areagotze-garaian (ikus Silvan&Miracleren azterketa soziodemografikoa).
4.- Kasurik onenean, hizkuntzen ikas-irakaskuntzak eskatzen duen bultzada motelduko du. Legeak ezarritako hizkuntza-helburuetara hurbildu nahi badugu, eraldaketa handia behar da hizkuntzen didaktikan, ikastetxeetan jarraitu beharreko estrategia soziolinguistikoetan, landu beharreko dimentsioetan, irakasleen formazioan, hezkuntza formalaren eta ez-formalaren arteko uztarketan eta abar, noiz eta hezkuntza-sistema aldaketa-aro handi baten erdian dagoenean (aniztasun soziolinguistikoa, digitalizazioa, jaiotza-tasaren beherakada, aldaketa metodologikoak). Ez da aldaketa inkrementaletarako garaia, jauziak behar ditugu; legeak ez du egiten utzi behar, baizik eraldaketa bultzatu, eskala handiko erreakzio baterako garaia baita, ez eboluzio positibo natural baten esperantzari eustekoa. Eta horrek argitasuna eta determinazioa eskatzen du, hain zuzen ere, bosgarren zuzenketa honek kentzen duena: hizkuntza-helburuek irakas-hizkuntza hautatzeko eskubidearen gainetik behar dute, bestela legeak ez baitu helburuok lortzera bultzatzeko gaitasun arautzailerik.
EAJ eta PSEren bosgarren zuzenketaren ondorioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu