Arrakasta eredua da Durangoko Azoka gaur egun euskaldunok bizi dugun sistema orokorrean. Ezin dugu, tamalez, beste horrenbeste esan, oraindik behintzat, euskal kultura eta nazio barruko beste osagarri eta arlo garrantzitsu batzuei buruz, hala EITB nola EHU eta NUP, hala Ertzaintza nola Osasunbidea edo Osakidetza, hala euskalduntzea nola gobernantza, hala justizia soziala nola genero berdintasuna, hala hezkuntza nola zaintza, hala etxebizitza nola enplegua, hala laborantza nola turismoa, hala energia iturriak nola klima larrialdia, hala bake iraunkorra ziurtatzea nola gerra zitalak geldiaraztea… Eta horiek guztiak hobetzeko bide egokian ari garenik ere ezin dugu baieztatu.
Durangoko Azokaren arrakasta, aldiz, neurgarria da eta goraka doa. Dagoeneko 59. azoka da aurtengoa, eta urtero egote hutsak frogatzen du euskara, euskal kultura, euskal nazioa egiteko modua dela Durangoko Azoka. Azokaren izena eta izana aldatuz joan dira, baina norabidea zehaztuz. Aspaldiko 1965. urtean sortu zenean Euskal liburu eta disko azoka zekarren kartelean, gero izena murriztu egin zaio, Durangoko Azoka, baina izana zabalduz joan da, eta Kulturaren Plaza ere deitua izan da. Azken urteetan DA akronimoak laburbiltzen du izena, baina edukia zabalduz eta sakonduz doa, norabidea zehaztuz.
Zer dakar aurten Durangok? Abenduko lau egunetan, 5etik 8ra, 200 ekitaldi, 724 erakusmahai Landako gunean, 153 partaide eta 933 ekoizpen berri. Liburutik eta diskotik euskal kulturaren arlo desberdinetara salto egin du XXI. mendearekin batera. Izan ere, euskal komunitatearen etorkizuna aurretik prestatu eta trebatzeko laborategia kontsidera daiteke Durangoko Azoka. Liburu eta diskoetatik hasi bazen, ikus-entzunezkoen eremura hedatu da gero, musikara, teknologia berrietara, pantaila eta plataforma desberdinetara, eta adimen artifiziala ere ate joka dauka. Euskal kulturaren eremuan habitus bihurtu zaigu azoka, baina laborategia izaten jarraitzen du, gune zehatz batean eta egun kopuru mugatuan. Frogatu egin du euskal kultura gai dela bere kultur polisistema propioa osatzeko, horretarako ezinbesteko diren osagarriak badituela: sortzaileak, instituzioak, errepertorioak, produktuak eta merkatua, eta azkenik hartzaileak, aurten modu berezian zainduko dituztenak. Sortzaileek, beren aldetik, oraingo egoeraren larritasuna agertu dute Euskararen Nazioarteko Egunean plazaratu agirian, sorkuntzaren egoera kontuan hartu eta plangintza eta egintza zehatz eta indartsuak erreklamatu dituzte administrazioetatik. Arrazoi osoz.
Etengabeko berrikuntzan eta aurrerabidean, uste dut urrats bat aurrera egiteko moduko baldintzak agertuko direla aurten. Kulturaren eremutik harago salto bat emateko puntuan dagoela Azoka esango nuke, eta saiatuko naiz hori azaltzen.
Laborategiko entseguaren emaitzak baikorrak dira, bai. Baina orain eguneroko bizitzara jauzi egin behar da. Euskal Herri osoan, euskaldunon komunitatearentzat habitategokia sortzea da ezinbesteko urratsa orain. Horixe izango da pauso erabakigarria. Eta zer izango da habitat hori, bada? Euskal nazioa bera. Euskal nazio demokratikoaren antolaketa burutu beharra dago. Eta uste dut norabide horretan mugitzen hasiko dela Durango aurten. Zergatik diodan hau? Azken urteotan Azokaren programazioak dimentsio oso handia hartu du, kultura polisistemaren neurri zabala agertzen duena, eta aurten kulturatik nazio antolaketara jauzi hori iragartzen duten arloak agertu dira Azoka inguruan.
Lehen aldiz, Naziogintza elkarte eraginkorrak abenduaren 5etik erakusmahaia jarri du eta lanen aurkezpenak burutu ditu abenduaren 6an. Horrez gain, gaur bertan, abenduaren 7 honetan, eguerdiz Bat Gara Euskal Herri osoan garatzen ari den prozesuak nazio mailako lehen agerpena egingo du Durangon, eta arratsaldez Euskal Herrian Euskaraz erakunde herritarrak mobilizaziora deitu du, mailan gora egin eta espresuki eta argi azalduz: «Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika behar dugu».
Liburu eta disko azokatik euskal kultura polisistema osatzera, habitus izatetik habitat propioa osatzera, eta Durangoren arrakastatik Euskal Herriaren nazio antolaketa demokratikora doan bidean abiatu nahi dugula dirudi.
Euskal gizarteak hamaikatxo ekimen zabaldu ditu euskara gure nazio osora hedatu eta euskal herritar guztion hizkuntza unibertsala bihurtzeko asmoz. Hor ditugu lanean hainbat azoka, laborategi, gogoetagune, kluster, foro, kontseilu, topagune, biziberritze plan, erakustaldi eta ekimen, instituzionalak zein herritarrak.Hortxe euskaraldiak, euskararen egunak, ibilaldiak, kilometroak, herri urratsakoinez eta euskaraz, errigora,bai euskarari, loraldia, korrika, eta hainbeste auzolan bikain eta indartsu. Orain, Durangoko Azokaren irakaspenen bidetik, horien guztien arteko sinergia, lotura eta nazio mailako auzolana garatu behar ditugu.
Euskara bera eta euskal kulturaren polisistema durangarra euskal nazioaren korronte nagusian sartu eta txertatu beharra daukagu. Nolabait esatearren, gure kulturaren piszina klimatizatu bikaina dugu Durango, eta euskal nazio osoa den itsaso zabalera jauzi egin behar dugu. Herri honen energia baliatuz horretarako. Euskara da energia berriztagarria, gaztelera eta frantsesa erregai fosilak dira, gure ekosistema kutsatu eta kaltetu egiten dutenak. Estatu bien biolentzia sistemikoari aurre egin, larrialditik indarraldira jauzi eginda. Erdarak utzi eta euskararen eta euskal kulturaren korronte printzipala indartu Euskal Herri osoan.