El sexo de sus señorías izenburua duen liburua 1991n argitaratu zen. Liburuaren idazle Ruiz-Rico magistratu zenak Sexualidad y tribunales de justicia en España azpitituluaz, aurreko berrogei urteetan sexu-harremanen inguruko delituekin zerikusia zuten emaniko sententzien azterketa mamitsua burutu zuen berrehun orritan. Umore fin bezain garratzez, sailkapen esanguratsua: aita ona eta emakume fidela; pazientziarik gabeko gizona eta ereduzko andregaia; homosexual lizuna eta hasiberria den trabestia; emakume arinak, putak eta gainontzekobelarrak... atal batzuen izenburu iradokitzaileak. Irakurleak ederki irudika dezake aipatzen zituen sententzietan deskribatzen zena: pertsona mota ezberdinak, bizitzeko moduak, narrutan egiteko posturez informazio zabal bezain zehatza; baita gizonen apetitu ase-ezina eta emakumeon sexu-gogo eza... gaur urriak diren idazteko modu eta esamoldez, maitasunaz, pasioaz eta maitakeriaz hainbat iritzi. Orduko gizartearen argazkia osatu zuten sententziek, epaitegiak gizartearen ispilu besterik ez direla baitzioen idazleak, eta epaileen erretratua bai, baina era berean (onerako zein txarrerako zioen) gizartearen erreflexua, pentsatu, deseatu edo arbuiatzen zena erakutsaraziz.
Sententzia horietariko asko Españaren Konstituzioa indarrean sartu ondoren emanikoak izan arren, Arau Nagusi horretan oinarrizko baloretzat eman zen gizon eta emakumeon arteko berdintasuna barneratu gabe mantentzen zela nabarmendu zuen idazleak, emakumea izaki hauskor, ahul, eskarmenturik gabea, heldutasun falta nabarmeneko deskribatuz, eta gizarteak ezarritako arauetatik at sexua praktikatzen bazuen, engainuaren bidez zitekeela soilik. Emakumeek ez zuten ekimenik, ez zuten berdintasunez baimena emateko gaitasunik. Ortodoxia, ordena eta normaltasuna nagusi zen jendartean gutxiengoan ziren aukera sexualak oso gaizki tratatuak izanik ere, aztertutako ebazpenetan gutxiengoan den gehiengoa’(emakumeoz ari zen hala) ez dela hobeto irteten zioen magistratu idazleak: Babes delikatu baten aitzakian, izaki duinari zor zaiona ukatzen zitzaigun emakumeoi, abantailak ematearen itxurapean.
Azterketa plazaratu eta gutxira Zigor Kode berria sartu zen indarrean (1995) eta oraingoan sexu-askatasunaren aurkako ekintzak dira delitu, ez emakumearen ondra zalantzan jartzen zuten haiek. Aldaketa nabarmena zirudien andrazkook izaki duintzat aitortzen gaituela legegileak pentsatze hutsa, eta horren ondorioz, epaileek ere hala onartuko gaituztelakoan.
Duintasuna funtsezko balorea izanda, azken aldiotan edukiz hustutako kontzeptua dela diote hainbat adituk, apaingarrirako figura erretorikoa bilakatu omen delako. Oso bestelakoa ikasi genuen gaztetan, duintasunean oinarritzen ziguten pertsonon askatasuna, autonomia eta gure ekintzen erantzukizuna. Nazioarteko hitzarmen eta oinarrizko araudietan askatasuna eta berdintasunaren eskutik helduta dator duintasuna, pertsonarekiko errespetuaren baitan.
Ez dakit Ruiz-Ricok zer izango zuen idazteko eta sailkatzeko sexu-askatasunaren aurka burututako delituak epaitutakoan gaur ematen ari diren sententzien aurrean. Ez dut uste hain azterketa eta sailkapen mamitsua egiteko modurik izango zukeenik, baina agian babes delikatuaren atzean emakumeak duintasunik gabe uzten ote dituztenaren sentsazioa areagotu egingo zitzaion, orain eskaintzen direnabantailak ikusiz gero.
Oinarrizko giza-eskubideen errespetua zutabe duen epaiketa penal batean ekintzak aztertu behar direla erakutsi digute. Zein egitate gertatu edo burutu den finkatu. Kontatu digute ez dela fede edo sinesmen kontu bat, frogatzekoa baino. Hala eta guztiz, sexu-askatasunaren aurkako epaiketatan, emakumeari sinetsi behar zaiola diote epaile goren askok ere, lekuko pribilegiatua omen delako; horregatik (ote?) serio aztertu behar omen dira deklaratzerakoan egiten dituen keinuak, bere negarra, bere urduritasuna, baita bere kontraesanak eta zergatik ez den irmoa bere lekukotza, baina aldi berean irmotasuna baloratuko dute eta memoria ona (ezin beti kontakizun bera eman?; ala bai?), baina batez ere halako ekintza jasan duen pertsona batengandik espero den portaera bete duen salatariak: horretan atentzioa. Gaurko sententzia batzuk haratago joan, eta ekintza zehatz hori eman den ala ez esplikatzeko orduan, soziologia ariketa eta ikasbideak plazaratzen dituzte hainbat epailek, epaiketa baten helburua erabat desitxuraturik eta prozesu penal horretan parte direnen eskubideak pikutara bidaltzeko zorian jarriz.
Duintasuna errespetuan sostengatzen da, aurrean duzuna zu legezkoa delako. Babes fin horren atzean emakumeengan hainbesteko kontrol eta ikuskapenean arreta jartzea paradoxikoa dirudi. Ondorioak? Egunero ikusgai.