Sustrai Erakuntza fundazioaren izenean

Dubaiko COP28: gailurrak ez dira bidea

Nerea Martiarena eta Martin Zelaia
2024ko urtarrilaren 6a
05:00
Entzun

Klimaren Goi Bilera berriak, eta dagoeneko 28 izan dira, beste behin ere etsipen eta engainu hondarrak utzi dizkigu. Ahots askok utzi dute agerian klima aldaketari aurre egiteko anbiziorik eza. Askok nabarmendu dute erregai fosilen ustiapenarekin aberasten direnen eta berauek murrizteko edo desagertzeko bultzadaren arteko bateraezintasuna.

Argi dago azken urteotan kliman ikusten ari garen aldaketak giza jardueren ondorio direla, bereziki Ipar Globalarenak, erregai fosilak erretzearekin eta neurrigabeko etekin ekonomiko pribatua lortzearekin lotuta daudenak. Klima krisiaren bortizkeriak erregai fosilak oso tarte laburrean erabiltzeari uztera behartuko gaitu. Hala ere, aspaldian planifikatu behar zen bide hau, Ipar Globalaren eta Hego Globalaren arteko justizia eta ongizatea bermatuz. Batez ere, erregai fosilak agortzearen sintoma larriak sumatzen ari diren honetan. 29 urte itxaron behar izan ditugu, Dubaiko Goi Bilerara arte, azken ebazpenean, lehen aldiz, «erregai fosilak» modu lausoan izendatuak ikusi ahal izateko. Eskandalu horrek erakusten du giza eta natura biktimek eragin oso txikia dutela sistema kriminal horri eusten diotenen poltsikoetan.

Goi bilera horren azken ebazpenaren edukia aztertzen badugu, garrantzitsua iruditzen zaigu «erregai fosilak atzean utzi ahal izateko» bide orriaren inguruko zehaztapen falta, «zazpi urtean energia berriztagarriak hirukoizteko» estrategiaz haraindi. Hortxe baitago gakoa. Erregai fosilak kentzeko, Dubain zein Nafarroan, eskaintzen zaigun bide ia bakarra elektrizitatean oinarritutako energia berriztagarriekin ordezkatzea da. Eta inoiz ez da zalantzan jartzen neurri horren eraginkortasuna, edo berriztagarriek gaur egun erabiltzen ditugun energia moduen erreleboa hartzeko aukeraren bideragarritasuna.

Ez dugu ahaztu behar gaur egun munduko eta Nafarroako energia kontsumoa erregai fosiletan oinarritzen dela gehienbat. Nafarroako Gobernuaren 2021eko azken balantze energetikoaren arabera, erregai fosilak gure erkidegoko energia primarioaren kontsumo guztiaren %79a izan ziren. Beraz, kontsumitzen dugun energiaren ia %80a erregai fosilak dira, eta beste %20a energia berriztagarriak. Eta estatuan, Europan eta mundu mailan kopuruak are okerragoak dira berriztagarrien kasuan.

Horrela, egin nahi den «trantsizioa», hau da, urte gutxiren buruan erregai fosilak kontsumitzeari uztea eta berriztagarriak kontsumitzen hastea, ezinezkoa iruditzen zaigu Ipar Globaleko herrialdeetan egiten dugun energia kontsumo handiari eusten saiatzen garen bitartean, etekin ekonomiko pribatuaren logikak bultzatuta. Eta ez bakarrik aurreko paragrafoan aipatu ditugun kopuru ikaragarriengatik, baita energia berriztagarriek dituzten konponbide zaileko arazoengatik ere. Gure ustez, beharrezkoa da energia berriztagarrietarako trantsizioa proposatzen duten botere politiko eta ekonomikoek aztertzea energia horiek kontsumo elektrikoan integratzeko zailtasuna, baita elektrizitatea egungo kontsumo energetikoetara ez egokitzearen arazoa ere, zientzialari garrantzitsuak informatzen ari diren bezala.

Energia berriztagarrien gabezia eta arazo horiek ikusten ari gara dagoeneko Nafarroan, aitzindaria baita energia mota horietan. Datu ofizialetara jotzea besterik ez dago: mota horretako energiak biltzeko industrialde handiak —gure lurraldea gero eta gehiago suntsitzen ari diren bitartean— eta berotegi efektuko gasen emisioak ez dira batere murriztu. Hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuaren 2021eko datuek erakusten dute CO2 isuriak %11,88 igo direla 1990etik, eta 2021ean %8,61 handitu direla 2020arekin konparatuta. Era berean, isuriak gehien handitu dituzten sektoreak jasangaitzenekin bat datoz: garraioa (%15,39 hazi da), non errepide bidezko garraioa trenbidearen gainetik hobesten den, aldi berean, bidaiarientzako AHT bultzatzen delarik; eta nekazaritza eta abeltzaintza (%17,96ko igoera), non ustiapen intentsibo eta makroetxalde handiko nekazaritza eta industria eredua bultzatzen den.

Argi dago, beraz, elektrizitate berriztagarria ekoizteko azpiegitura gehiago jartzeak ez duela balio isuri mailak murrizteko. Eta, beraz, beharrezkoa da zerbait gehiago egitea; ez du balio «berriztagarriak hirukoiztu» behar direla esateak bakarrik, hori egitea erraza izango balitz bezala, mundu mailan eskalagarria, giza beharretara egokitua eta isuri kutsagarriak murrizteko balioko balu bezala.

Horregatik, ezin dugu ostrukarena egin. Klima aldaketari aurre egiteko, benetan erreakzionatu behar badugu, erregai fosilen erabilerari amaiera eman behar diogu, egungo produkzio eta kontsumo neurriei eusteko Kapitalismo Berdeak planteatzen dizkigun konponbide faltsuetan erori gabe. Herrialdeen arteko elkartasunak, geure burua ekosistemetan integratu behar izanak eta ongizatearen arloan Iparraldearen eta Hego Globalaren arteko orekak gure kontsumo materiala eta energetikoa murriztera garamatzate. Horrek guztiak jarduera guztietan izan behar du isla, jarduera produktiboetan zein erreproduktiboetan. Eta Nafarroan ez goaz bide egokitik.

Ez da lan erraza, baina beharrezkoa eta egingarria da. Horrek esan nahi du ezin garela besoak gurutzatuta geratu gizartearen eta ingurumenaren degradazioaren aurrean. Klima larrialdia eta desberdintasun sozialak are gehiago areagotzen dituen egungo aukera kapitalistaren ordezko balio eta praktika kolektibo berriak eraikitzen eta esperimentatzen joan behar dugu.

Ildo honetan, itxaropentsua da hainbat esparrutatik datozen alternatiba berriak planteatzen dituzten dinamika eta proposamenen sorrera. Sustrai Erakuntza fundazioa ere hainbat jarduketa proposamen aztertzen ari da, egungo sistemaren eraldaketan eta planetako bizitzaren zaintzan arlo konkretutik eta kolektibotik jarduteko aukera emango digutenak. Proposamen horiek bere garaian zirriborratu genituen, eta orain sakon aztertzen ari gara. Hori baita bidea, eta ez kapitalismoak igoarazi nahi dizkigun gailurrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.