Iritsi da eguna. Ezkontzerakoan, antza, modu eta intentsitate desberdinez bada ere, saihetsezina omen da bikotea «ezkon aurreko estresa» deitzen den krisialdian murgiltzea. Nik neuk ezer gutxi dakit horretaz, baina estres fase hori bikoteak, ezkondu ondoren, bere gatazkei aurre nola ekingo dion egoeraren isla da. Hain garrantzitsua (izango) omen den «gertaeraren» aurrean, zera hauek azaleratzen dira: ezbaiak, galderak eta bere garaian esan beharrekoa zena baina isildu zen guztia. Ezkon osteko estresa ere oso arrunta da: «hemendik aurrera, zer?» galderari erantzutea eta partekatuko den bizimoduaz hausnartzea ez baita lan erraza. DSS2016ren eguna ere iritsi da. Danbor hotsek eta ondorengo jaiek eta algarek «gertakizuna» heldu dela iragarri ziguten, eta ezkon aurre-osteko estres horiekin gertatzen den legez, datorrenaz hausnartzeko parada egitera gonbidatu digute.
Orain dela aste batzuk, eta Elkarrekin bizitzeko kultura lelopean, bideo promozional sasipostmoderno eta eztabaidagarriak DSS2016 jada errealitatea zela gogorarazi zigun. Oztopoak oztopo, polemikak polemika, bost urte igaro dira Donostia Europako Kultur Hiriburutzarako hautatu zenetik. Ez da lan makala izan honaino iristea. Goraipatzekoa da hasierako momentutik parte-hartze, elkarrizketa eta kulturaren aldeko apustua eginez elkarbizitza hobetzeko asmo eraikitzaile eta irmoa.
DSS2016k bere buruari proposatutako Elkarrekin bizi=X ekuazioa ebazteko unea heldu zaio: «Elkarrekin bizitzea zuk eta nik bat egitean sortzen dugun espazioa». Orain ere ezbaiak agerian: espazio hori elkar taxutzeko eta elkar banatzeko prest azaltzeko konpromisoa izan edo ez. Are gehiago, batzuetan gai izanda ere, ez gaude prest edo ez dakigu oso ondo zertan datzan bizikidetza hori.
Gizartearekin konprometitutako pertsonak izan nahi badugu, pentsamendu (auto)kritiko indartsuaz hornituak, kulturak eta arteak eskaintzen diguten hausnartzeko ahalmenaz baliatu behar dugu, eta proiektu eta proposamen sortzaile eta berritzaileak irudikatu. Ez dago zalantzarik kulturak eta arteak elkar ulertzen eta gatazkak gainditzen lagunduko digutela. Baina bistan da, «makrogertaerez» eta «makroproiektuez» ari garenean, industria, negozioa, sektorea... bateratzen direnean galderak eta zalantzak izatea saihetsezina dela. Nolanahi ere, zalantza eta galdera guztiak erronka eta aukera bilakatzeko abagunea aprobetxatu behar da, eta horretan ez dago inolako ezbairik.
Erronka eta aukera, arteaz eta kulturaz ari garenean, gainera, EBE Sindromea deitu dudana ekiditeko, hau da, kultura Elitista, Baztertzailea eta Endogamikoa zokoratzeko benetako gogoa izatea. Borondaterik bada, bada tokia denontzat.
Erronka eta aukera, hiritar guztien parte hartzea bermatzeko. Hots, inklusioa, errespetua, elkartasuna eta kolektibitatearen garrantzia azpimarratu bada behin eta berriro, hiriko bestelako proiektu sozial eta kultural kolektiboak, xumeak eta autogestionatuak ere aintzat hartzea. Elkarbizitza hori ere bada.
Erronka eta aukera, esan gabe doa, bertako sortzaile eta artisten proposamenak aintzat hartzeko, eta nola ez, euskaraz sortzearren merezitako aitortza izateko. Horren ildotik, aspaldi agortuta dagoen eredua, euskal kulturaren kontzeptua, ikuspegi, zabaltze eta kontsumo hain lokalista bati lotuta egon dena, behingoz gainditzeko aukera izatea. Sorkuntza lokala izateaz gain, unibertsala ere baden heinean, euskarazko lanek nazioartean bestelako esferetara heltzea lortu, eta are gehiago, presentzia izan eta espazio berriak bereganatu.
Erronka eta aukera, emakumeek rol aktiboa izateko (eta emateko). Aurkezpen bideo bateko parekotasun kuoten harira sortu ahal den eztabaidaz gain, emakumea benetako agente aktiboa izatea eta, erronkarik garrantzitsuenetarikoa ere, ezbairik gabe, gure eskubideak aldarrikatzeko parada izatea.
Azken finean, erronka eta aukera, munduan benetako oihartzuna izateko eta benetako kultur eredua bilakatzeko. Ereduaz ari garelarik, zein izango da azkenean eratuko den marka? Beste hainbat hirietako makroproiektuekin gertatu izan den legez, estrategia merkantilista batek eraginda turismo erasotzaile batean oinarritutako hiri eredua? Edo talde sozialen eta herritarren ekimenez, eta instituzio eta erakundeen lankidetzaren ondorioz bultzatu daitekeen marka propioa?
Eta, nola ez, erronka eta aukera, geldituko den ondareaz hausnartzeko. Egitura administratiboaz, lan- taldeaz eta egitarau zabalaz gain, gure herriaren kultur ondarearen benetako aukera eta erronka hauxe litzateke: proiektuak eztabaidatzeko, elkarbizitza sustatzeko eta lan egiteko beste era batzuk finkatzeko katalizatzaile bihurtu dela DSS2016 egiaztatzea. Ezbairik gabe.
Kantak gogorarazten digunez, amodio kontuetan bezalaxe, galderak eta ezbaiak izatea ekidin ezina suertatzen da: bizitza horixe omen da eta, eta duda, duda lagun bezala erabili, ez oztopo bat bezala... Hori baita bizitza. Iritsi da eguna. Elkarrekin bizitzeko kulturaren aro berria. Murgil gaitezen, bada, DSS2016k eskaintzen dizkigun aukera eta proposamenetan.
DSS2016:ezkon aurreko ezbaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu