DSBEaren malda irristakorra

2017ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Madrilgo gobernuak ezagutarazi egin du, oraintsu, 2012ko banku-erreskatean gastaturiko diruen %80 galdutzat ematen dituela, hau da, 60.000 milioi euro galdutzat ematen dituela. Bere garaian Rajoy jaunak aspertu arte esan zigun banku-erreskateak ez ziela inolako kalterik ekarriko diru publikoei, ez zela euro publiko bat bera ere horretan gastatuko. Bost urteren buruan, begi bistan dago gobernuak jakinaren gainean gezurra esan zuela, edo kudeatzaile ezgai batzuen aurrean gaudela. Dena dela, karguak utzi beharko lituzkete eta jende ondraduago edo gaitasun handiagoko pertsonei bidea eman.

Egunkarietako zenbat azal bete ditu gai honek azken egunotan? Zenbat iritzi-zutabe izenpetu dira? Zenbat parlamentu edo gobernu ekimen iragarri dira lapurrreta maila honi mugak jartzeko? Eskarmentatutako irakurlearentzat erantzuna begi bistakoa da: hedabide handiak hanka-puntetan pasa dira gai honen gainetik.

Isiltasun mediatiko nabarmena alderatzen badugu EAEko DSBEaren iruzur itzela agerian jartzeko erabili diren tertulia orduak eta gastatu den tintarekin. Eusko Jaurlaritzak berak %0,23an kuantifikatu du iruzur hau, 500 milioi euroko urteko aurrekontu batean. Hots, 1,4 milioiez ari gara 100.000 pertsonatik gora jasotzen duten prestazio batean, banku-erreskatean galdutako 60.000 milioien aurrean (guztiaren %80, %0,23 baten aurrean) edo euskal foru-ogasunei urtero egiten zaizkien 2.230 milioiko zerga-iruzurraren aurrean. Zerga-iruzurrak edo banku-erreskateek bakan batzuen ondasunaren pilaketa indartzea baino ez dute eragiten.

Gaia esparru kuantitatiboan kokaturik, zergatik izango ote da kasu biei ematen zaien tratamendu mediatiko eta ekimen politiko maila desberdin hori. Zergatik zerga-iruzurra edo erreskatearekin galdutako diruari eman eta ematen zaien tratamendua eta gure jendarteko pobre eta prekarioak babesten dituzten prestazioen iruzurrari ematen zaionaren arteko tamainako desproportzioa. Geure buruei galdetu behar diegu ea zer ezkutatzen den honen guztiaren atzeko aldean.

Zergatik jotzen dugu normaltzat aberats eta ugazabek sistemari iruzurra barra-barra egitea eta zergatik gara hain zorrotzak pobreen iruzurrarekin? Zergatik jotzen dugu normaltzat Gobernu batek biztanleriari gezurra esatea bankuei milioika milioi emateko, eta zergatik jartzen ditugu kolokan pobrezia eta bazterketa egoera larrienak arintzeko erabiltzen diren baliabide ekonomiko horiek? Ez da izango Erdi Aroan bezala, jauntxoek nahi zutena eta nahi zutenean egiteko eskubidea zutela, eta egun jende aberats eta boteretsuak eskura dituzten bitarteko guztiak (legalak edo ilegalak, etikoak eta ez hain etikoak) erabiltzeko eskubidea dutela etekin korporatiboak areagotzeko, nahiz eta honetarako Ongizate Estatu urria eta diru publikoak biziki eta sistematikoki ustiatu behar dituzten.

Sistema demokratiko batean publikoaren suntsiketak aurrera egin dezan gehiengo sozialen konplizitatea beharrezkoa da. Gehiengoak kontrolatzeko, diskurtso sozial hegemoniko bat eraiki behar da. Diskurtso horrek geure buruetan funtzionatzen du errealitatea atzemateko mekanismo bezala; normaltzat zer hartzen den ezartzen du mekanismo horrek.

Diskurtsoa eraikitzerako aritze-eremu honetan alderdi handien (PP, PSOE, PNV, PdCAT...) asmoak kontrolatzen dituen kapital handiak berak (bankuak, elektrizitate eta telekomunikazio-enpresak...) komunikabide hegemonikoen akziodunak eta administrazio-kontseiluak bere egiten ditu. Honela, eta itxuraz aldi berean, alderdi hauen diskurtso eta ekimen politikoek eta komunikabideen ildo editorialek errealitatea eraikitzen dute, beren interesen aldeko jendartearen babesa suspertzen duten eremu kontzeptualak sortuz.

EAEn bizi izan dugun DSBEaren aurkako diskurtsoaren borrokan, ikusi dugu ustelkeria, finantza-eskandaluak eta kudeaketa publiko txarra leuntzen saiatzen diren komunikabide horiek nola kolaboratu duten PP eta EAJrekin 1991tik herritarren eskubide subjektiboaren legezko maila duen prestazio sozial honen jasotzaileen aurkako susmo-sarea eratzen.

Bataila hau eman den esparru kontzeptualak ezartzen du jende aberats eta boteretsuak, dirua eta boterea izate hutsagatik, nahi dutena eta nahi dutenean egiteko eskubide dutela, eta aitzitik, jende pobre eta baztertuak egoera horretan izateko zerbait egin dutela. Hau dela-eta, errealitateari so egiteko era normal-ak dio pertsona pobreak behe-mailako traza morala duela; eta alfer, xahutzaile, bizimodu lasakadun, era guztietako bizioak eta abar izateko joera duela. Hau normala bada, era berean, normala izango da pentsatzea pobreak ezin direla hornitu gainontzeko herritarrak dituzten eskubideekin (gu eta haiek, prestazio sozialen zirkuituan izatearen ala ez izatearen baitan definitzen dira). Pentsa dezagun zenbat mezu komunikatibo eta kultural jaso ditugun pobreziaren esparru kontzeptual horri eusteko.

Esparru kontzeptual honek hain zuzen, errealitatea ulertzeko era honek, pentsarazten digu ematen dizkiegun laguntzak kalean delituak egiten egon ez daitezen (denok jakin badakigu hori dela duten beste joeretako bat) kontrol sistema bati lotu behar direla eta eskubide kontzeptutik ahalik eta urrutien izango duen kudeaketa bat izan behar dutela. Kontrola eta eskubidearen ordezkapena prestazio asistentzial (karitatekoa) baten truke, horiek dira, hain zuzen, duela aste batzuk Artolazabal andere doilorrak Diru Sarrerak Bermatzeko Legearen erreformarako aurkeztutako oinarriak.

Jende aberats eta pobreen inguruko ikuskera moral desberdin ulertzeak, eta EAEn pobreziaren aurkako politiken inguruan erabili eta erabiltzen ari diren bitarteko politiko-mediatikoak ulertzeak lagun gaitzake etorkizunari hobeto aurre egiten. Eta pentsatzen hasten bagara, gerta daiteke, gerta bakarrik, hau guztia izatea EAJk (bere mandako leial sozialista-rekin batera) euskal herritarren eskubide sozialak irristarazteko malda irristakorraren hasiera baino ez izatea, alderdia sortu, sostengatu eta jabe den ugazaberiaren mesedetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.