Osasun publikoarekin lotutako bi krisi larri ari gara sufritzen momentu honetan, Zaldibarko zabortegiaren luiziarena, batetik, eta koronabirusaren hedapena, bestetik. Euskal Herriko sindikatu nagusiko arduradun bezala, nire buruari galdetu nahi izan diot zein izan behar den nire papera horrelako egoera batean. Eusko Jaurlaritzak ELAren aurka daraman kanpaina autoritarioaren eta antidemokratikoaren baitan, ezin dut ukatu bi krisiak gobernua jipoitzeko elementu gisa erabiltzeko tentazioa dudala, eta ez zait gustatu neure burua hala ikustea.
Tentazio horri uko egin behar diogula iruditzen zait. Gizarte eragileok oso exijenteak izan behar dugu gobernuekiko, eta bermatu behar dugu denaren gainetik gizarte osoaren, gure kasuan langileen, mesedetan ari direla, interes partidista eta pertsonalak alboratuz. Gobernuen aurka kritika edonola erabiliko bagenu, ziurrenik gobernuek gizartearen beharrak aztertu aurretik beren posizio politikoa babestea lehenetsiko dute. Adibidez, koronabirusaren kudeaketan etorkizunean prebentzio neurri nahikorik hartu ez izana inork ez aurpegiratzeko, beharrezkoak ez diren neurriak hartu ditzakete, horrek gizartea beste modu batean kaltetu arren. Italian koronabirusari aurre egiteko neurriak ikusita, gerta liteke edozein neurri ez-nahikotzat hartzea, agian teknikoki egokiagoak izan arren, baina kritika soziala ekiditeko politikariek neurrigabeko ekinbide horiek hartzea.
Nire buruari eta, kolektiboan, nire organizazioari gauza bat exijituko diot: krisi honen bukaeran gaur egun eskatu ez dugun neurririk ez diogu Eusko Jaurlaritzari ondoren aurpegiratuko, errazegia baita arazoak gertatu ondoren kritika merkea egitea. Espero dut gobernuak ere bere lana gehiegi ez kritikatzeko aukerak ematea, eta, horretarako, krisi honen garapenean hiru gauza exijitu nahi nizkioke: gardentasuna, koherentzia eta langileen osasuna axola zaiela sentiaraztea.
Gobernuak ezin gaitu eragileok etsai moduan tratatu. Eragile sozialok, orokorrean, eta sindikatuok lan munduan, errespetua merezi dugu, eta gure lana egin ahal izateko informazioa. Krisi hauetan ELAren lehentasuna langileen osasuna bermatzea izango da, eta, hori behar bezala egiteko, informazioa ezinbestekoa da. Zaldibarko krisian gobernuak gure sindikatuari informazio guztia ukatu dio, biltzeari berari uko egin dio. Koronabirusarekin ere ez zaizkigu ematen ari eskatzen dugun informazioa. Gardentasun eta informaziorik gabe, espekulaziorako eta kritikarako aukera bakarrik ematen digute.
Koherentzia ere ezinbestekoa da. Ez da posible Osakidetzak langileen artean banatu duen protokoloan formazio saio guztiak bertan behera geratzen direla esatea edo bileretan langileen arteko metro eta erdiko distantzia mantendu behar dela eskatzea eta, era berean, informazio hori transmititzeko langile guztiak formazio masiboetara deitzea. Ni bizi naizen eskualdean, Uribe Kostan, Osakidetzako langile guztiak Urdulizko ospitalera deitu dituzte formazioa jasotzera; ehunka langile pilatu dituzte ospitale txiki bateko espazio itxi batean. Protokolo bat martxan jarriz gero, bere jarraibideetan sinisten dutela ikusi behar dugu, bestela pentsatu beharko dugu protokoloaren ezarpenaren helburu bakarra arduradunek beren burua zuritzea dela.
Eta langileen osasuna axola zaiela ikusi behar dugu. Urdulizko bilera horretan larrialdietako administrari batek galdera sinple bat egin zuen. Gaixoekin lehen harremana berak du; bere lanpostuaren ezaugarriengatik, ezin du gaixoekiko ezarritako gutxieneko distantzia bete, eta ez diote babes neurririk eman. Konponbidea eskatu zuen. Osakidetzak langile horren eskuetan utzi zuen konponbidea eta ez zion inolako neurririk eskaini. Era berean, onartezina da mediku batek birusa duelako zalantzak azaltzea eta lau egunez ezer ez egitea. Protokoloa bete arren, argi dago langilearekiko eta bere lankideekiko kezka ez zela lehentasun izan.
Ez dugu neurriz kanpoko neurririk hartzerik nahi. Nire agendan hurrengo asteetan lehentasuna da sindikatuan bilerak egin ahal izatea prekaritatearen aurkako estrategian asmatzeko, enpresetan euskalduntze planak martxan jartzeko edo lan osasunean pairatzen ari garen heriotzen aurrean eraginkorragoak izateko, eta ez dut nahi koronabirusaren psikosiak hori egitea ekiditea. Era berean, ez nuke nahi koronabirusaren eztabaida publikoak gizartearentzat ezinbestekoak diren beste eztabaida publiko batzuk ezkutatzea, egun gertatzen ari den bezala. Gure kritika neurrikoa izatea nahiko nuke, baina neurri hori gobernuaren gardentasunak, koherentziak eta langileekiko jarrerak ezarriko du. Ea denok hartzen diogun neurria krisiek eragiten dituzten erronkei.
Dosiak neurrian, mesedez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu