Aski ezaguna da orain bost urte The Washington Post-ek eginiko esperimentua: Joshua Bell biolin birtuoso ospetsua hiriko metroan jotzeko kontratatu zuen jendearen erreakzioetan erreparatzeko. Urtarrilaren 12an, goizeko zortzietarako hamar minutu falta zirenean hasi zen bere kontzertua. L'Enfant-eko geltokia jende-txindurritegia zen lanerako bidean. Emanaldia Bach-en bigarren Partitarekin eta Schubert-en Ave Maria eta gisako piezez osatu zen. Bell 1713ko Stradivarius batekin ari zen, 3 miloi eta erditan baloratua, eta iraun zuen 43 minutuetan 1.097 lagun igaro omen ziren bere aurretik. Izan zen une batez geratu eta aditu ziotenik: mila horretatik 75-100 bat. Haren estutxean txanponen bat bota zuenik ere izan zen: 32'17 $ guztira. Gauza da bi egun lehenago Boston Symphony Hall-ean jo zuenean betekada izan zela eta bertako eserleku arrunt batengatik100 $etik gora ordaindu behar zela. Bell-ek Avery Fisher sari ospetsua jaso zuen handik egun gutxira.
Uztail honetan Eusko Jaurlaritzak Bilbon antolaturiko jardunaldi batzuetan parte hartu zuen batek —Baricco idazle ezagunak— liburu bat argitaratu zuen orain hamasei urte: Hegel-en arima eta Wisconsin-go behiak. Gogoeta bat musika kultuaz eta modernitateazizenekoa. Modu honetan abiatzen zen bere gogoeta: «Antzinako hainbat inperiotan bezalatsu, musika kultuaren mugak zerbait hipotetikoa eta, aldi berean, ziurra dute beregan… Erromantizismoaz geroztik, ordura arte guztiz laikoa zena —komertziala ez esatearren— sakralizatu egiten da». Boterean finkatzen ari zen burgesiak «nolabaiteko nobleziaren gogo-itxura» lortzeko eginiko operazio zabal baten barruan, ordura arte ofizioa zena, Artearen estatusa lortu zuen, eta arte horren erabiltzaileak noblezia berri horretaz hornitzeko baliatzen gara, geroztik.
Sekulako aldaketak suertatu ziren musikaren sozializazioan XX. mendean, eta, horien artean, hasiera batean afro-amerikarren taberna zuloetan egiten zen musika/zarata zikin hura Europako hiri-kosmopolitismo fin baten ezaugarrietako bar bihurtu da dagoeneko. Jazz musikaz ari naiz, noski.
Ezin ditut saihestu modu honetako gogoetak uztailean Jazz Euskadi zigilupean gure lurraldea zeharkatzen duten jaialdietan pentsatzerakoan. Donostiakoaren esperientzia baino ez dut, eta ederra da kaleak jendez gainezka ikustea, musikaz gozatzeko hainbeste aukera zabalik, egun batzuetarako baino ez bada ere. Baina noizbait burutu zait beste mota bateko gogoeta eta galderarik: aipatu Jazz musikaren gaurkotasun eta funtzioaz orobat eta, zehatzago, Europan zehar uda oro antolatzen den jazz-zirkuitu horren barnean gertatzen diren «gure» jazzaldietaz.
Pare bat kontu baino ez ditut seinalatuko. Lehena: Jazz musikak duen ospe inkonformista, jator eta kosmopolita horren barnean, zein neurritan hauspotzen dira jarrera berritzaileak? Zaila behar du eskaintzea gehiengoen belarriek entzuteko prest dauden horretatik haratago doakeena, inoizko berritasuna erabat normalizatu den esparru batera ekarri denean.
Bigarrena: nola kudeatzen da jazzak dagoeneko horren berea duen bertako tendentziak jaso eta bere arragoan mundu osokoekin birsortuz emateko gaitasun hori? Edo, posible al da zaintzea bertako eta kanpoko sortzaileen arteko tentsio hori islatuko duen programazio bat Jazz Euskadi moduko zirkuituetan? Zein litzateke modu horretako festen «herrikoitasuna»?
Jazz Euskadi izenpeko jaialdiak Europan zehar antolatzen den zirkuitu erraldoi baten atal bat baino ez dira. Baina bada beste zirkuiturik, Jazz musika egungo zentzu zabalean hartuta oso kontuan hartzea merezi duenik, beren zabalkuntza eta izena modu murritzago batean ezagutzen baldin bada ere —beren antolakuntza eta komertzializazio-aparatuaren araberakoa, betiere; inola ere ez beren kalitate edo maila artistikoa ezagutza horren araberakoa delarik—. Frantzian, adibidez, bada Pariseko bazter-auzoetan hedatua den Banliéues Bleues Bobignyko jaialdia, udaberrian bere gaina izaten duena, baina urte osoan hainbat proiektu pedagogiko eta sozial burutzen dituena bertako eskola nahiz herri-instituzioetan, La Dinamo bere egoitza iraunkorretik. Parisen ere, neguko Sons d'Hiver dago, eta maiatzeko La Voix est Libre, Les Bouffes du Nord antzokikoa. Iparrerago jota, Vandoeuvre les Nancy-ko Musique Action dugu; eta guregandik hurbilago, Tarbes ondoko Festival des Voix Hautes eta Luz-Saint Sauver-ko Jazz à Luz festibalak.
Mota horretako jaialdiek badute berezitasunik. «Tematikoagoak» izaten dira normalean: ahots inprobisazioan edo abangoardiazko musika dute ardatz batzuek; «antzinako musika herrikoia» besteek… Sortzaile baten inguruan sortutako dinamika batek bultzatuak izaten dira maiz —nabarmentzekoa Bernard Lubat-en kasua, Paris utzi eta Landetako Uzeste herrian gazteentzako sortu duen eskola eta dinamika, Hestejada de las Arts jaialdia barne—, eta gurean Beñat Achiaryk sustatutako Errobikoa (aurtengoa 17.a). Ez da harritzekoa jaialdi hauetan belaunaldi ezberdinetako artisten arteko harremanak bizi eta emankorragoak izatea eta lekuan-lekuko bizkarri bezala funtzionatzea. Aipatu gabe sorkuntza zentzu zabalean lantzen dela, musika, dantza, antzerkia edota literaturarekin uztartuz.
Kasualitatea da, kasualitaterik balego, Bidasoko mugaren bi aldeetara, eta 50 kilometroko distantzia horren aldean, aipatu bi mota horietako jaialdi bana ospatzea egun bertsuetan. Beste hainbat gaietan bezala, kilometro apur horiek erruz handitzen dira jaialdi bi horien arteko ezaugarriak tarteko. Suertatu zait Donostiako Trinitate enparantzan egotea egun batean eta Itsasuko Atharriko pilotalekuko agertoki aurrean hurrengoan. Materia bereko gaiaz disfrutatzen banuen ere —musikari bikain batzuen indar eta trebeziaz—, bada distantzia horretan lehenago aipatu kontuetako saihestezinezko ezaugarriak. Eta galdetu egiten diot neure buruari zer gertatuko litzatekeen Michel Portal, Ramon Lopez eta gisako erraldoiak —aurtengo Errobiko jaialdiko kartelekoak— gure hiri-kale bazter batean entzutea suertatuko balitzaiguke. Niretzat ez da zalantzarik Itsasuko txikitasunak areagotu egiten duela bertan sumatzerik dugun benetakotasun eta ikusmen artistikoa…
Pentsatzen jarrita, ez da horren harrigarria Portal edo Keravec-ekin eta Wassié edo Gizavo afrikarrekin batera, gure arteko Achiary edo Etxekopar aurkitzea Pilotarhitza ikuskizuna edo Hiri Pastoral baten inguruko ekimenak erakutsi eta bultzatzen, gauza xumeen handitasunez.
Donostiatik Itsasura, Jazz jaialdia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu