Donostiako Udaleko LAB

Donostiako udaltzainen kontratuak eta euskara

Joseba Alvarez eta Javier Lombide
2024ko abenduaren 20a
05:00
Entzun

Joan den astean jakin genuen, Pertsona, Ekonomia eta Aurrekontu kudeaketarako zinegotzia den Kerman Orbegozok igorritako ebazpena jasotzean, Donostiako Udalak Udaltzaingoaren zerbitzua indartzeko sorturiko programa 2025eko martxoaren 15a arte luzatzea onartu duela. Gauzak horrela, Donostiako Udalak aurtengoan hirugarren aldiz kontratatu ditu euskararik ez dakiten udaltzainak, asko eta asko erdaldun elebakarrak baitira, Udaltzainen kontrataziorako oinarrietan jasotako baldintzen artean Hizkuntza Eskakizunaren jabe izatea badago ere. Hori horrela, Donostiako Udaleko LABeko Sail Sindikalak Euskara Zerbitzuari erabaki horren inguruko informe juridikoa egin dezala eskatu dio, udalaren jarduera legezkoa den ala ez jakiteko.

Gaia ez da berria. Urteak joan urteak etorri, uda iristen den bakoitzean Donostiako Udalak, dagoeneko beste udal askok egiten duen moduan, udako udaltzainak kontratatzeko bere oinarriekin, bere deialdi publikoa egin eta bere lan poltsak osatu beharrean, Arkautiko Polizia Akademiari udaltzainak bidal diezazkion eskatzen dio, eta, modu horretan, urtero-urtero euskararik ez dakien udaltzain elebakar erdaldun mordoa kontratatzen du Donostiako Udalak, oinarrietan jasota dagoen hizkuntza eskakizunik ez izan arren. Egoera hau bereziki larria da oldarraldi juridiko baten erdian gertatzen dela kontuan hartzen badugu.

Okerrena zera da, teorian udarako hartzen diren udaltzain erdaldun elebakar horiei uda pasatu ondoren ere kontratua luzatzen zaiela, Donostiako Udalaren Udaltzaingoaren berezko plantilla ez baita gai behar guztiei behar den bezala erantzuteko. Aurtengoan, adibidez, udal programa osatzeko 100 bitarteko funtzionari diren udaltzainak eskatu zizkion Donostiako Udalak Arkautiko akademiari. Programa hori bi zatitan banatua zegoen. Bata, urriaren 24a arte, eta bestea, azaroaren 21a arte. Baina beharrak premiatuta, urriaren 24an programa bukatzen zitzaien udaltzainei azaroaren 21a arte lan kontratua luzatzea eskaini zitzaien. Agenteetatik erdiek lanean jarraitzea erabaki zuten. Nahikoa ez eta, azaroaren 4an, udaltzain horiei kontratua 2025eko martxoaren 15a arte luzatzea onartu berri du Donostiako Udalak. Beraz, ia hamar hilabete hauetan udaltzain elebakar erdaldun mordo hori gure kaleetan ibili da herritar euskaldunen hizkuntza eskubideak etengabe bortxatzen, Donostiako Udalaren baimenarekin.

Jokabide larri horrek hiru gauza azpimarratzen ditu. Lehena, Donostiako Udalak gaur duen Udaltzaingoa ez dela esku artean dituen beharrei behar den moduan erantzuteko gai. Kontrataziorako aukera zabaldu behar da, beraz, Donostiako Udalak udaltzain gehiago izan ditzan. Bigarrena, Donostiako Udalak, beste hainbat udalek egin duten moduan, udaltzain euskaldunak kontratatzeko, bere Lan Eskaintza Publikoa egin beharko duela, Arkautiko bidea baztertuz, azken horrek ez baititu udaltzain euskaldunak bidaltzen. Eta, hirugarrena, udalak beharrak dituenean, programa bidez kontratuak egiteko gai dela. Hori bai, Udaltzaingorako ikusten denez, ez dago horretarako ia mugarik. Ez da gauza bera gertatzen, adibidez, Donostiako Udalak eskaintzen dituen beste hainbat zerbitzutan, Gizarte Ongizatean, adibidez, bertan ere langile premia gorria den arren. Kasualitatez, berriz ere sektore feminizatuetan dago kontratazio eta balorazio falta nabarmena Donostiako Udalean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.