Manteo kaleko auzokidea

Donostiako Manteo auzoaren egoera

Juan M. Sansinenea Makatzaga
2025eko apirilaren 6a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Egun hauetan Donostiako eta orokorki Euskal Herriko mass-medietara, Manteo auzoak lehenengo lerroetara jauzi egin du, inguru honetan legez kanpoko asentamendu baten eraistea gertatu delako.

Historia labur bat egiten, Manteo auzoa edo ingurua 60ko hamarkadan eraikia izan zen, eta betidanik izan da leku lasaia eta atsegina bizitzeko. Etxeak ez dira, noski, azken modelokoak, baina trukean badituzte aldeko aspektu ukaezinak: Gros auzoarekin eta Zurriola hondartzarekin gertutasuna, Ulia mendiarekin gertutasuna, kasu askotan kotxeak aparkatzeko inguru pribatuak, hegoalderako orientabidea… Eta, batez ere, lasaitasuna, trafikoaren eskastasuna, bere kokapen bereziak eraginda.

Hori guztia esanda, egia da ere azkenaldian auzoak degradazio edo endekatze prozesu bat sufritu duela: azpiegiturak ez dira behar bezala mantenduak izan, udalak ez die auzoaren beharrei behar zuen arreta eman, Basque Culinary Center-en eraikuntzak auzoari kendu dio honek erabiltzen zuen lasaialdiko eremu bat… degradazio horren beste faktoreen artean. 

Testuinguru honetan, orain dela zazpi hilabete-edo legez kanpoko asentamendu baten lehenengo zantzuak hasi genituen antzematen Manteoko auzokideek. Hori egiteko asentamendu honen sustatzaileek erabili zuten zuhaizpean dagoen eta sastraka erruz duen inguru bat. Baina hau garrantzitsua da eta azpimarratua izan behar da: inguru hori oso gertu dago Manteo kaleko etxeetatik, horrek suposatzen dituen arrisku guztiekin.

Hasieratik auzoa mobilizatu zen asentamendu horren aurka, Donostiako Udalarekin ipini zen harremanetan, salaketak jarri zituen… Eta arauz kontrako egoera hau lehenago konpondu ez bazen, izan zen udalaren erantzun berantiarragatik. Eta, azkenik, asentamendu horren eraistea gertatu denean etorri da kalapita, auzoaren arazoak ezagutzen eta partekatzen ez zituztenen ahotsak eta deiadarrak: arrazakeria, giza eskubideen aurkako neurriak… Justu gure arazoak ezagutzeko hurbiltzeko ere gai izan ez direnen ahotsak. 

Eta egoera honen aurrean, fermuki azaldu behar dira puntu batzuk: 1) Manteo auzoan gertaturikoa ez da inola ere izan arrazakeriaren agerpen bat. 2) PPko zinegotzi baten sare sozialetako mezuek ez dute eraistea eragin, ziur gaude horiekin edo horiek gabe egoera jasanezin hau berdin bukatuko zela. 3) Eraistearen atzean auzokideen bultzada eta hauen aurrez aurreko aurkakotasun izan dira. 4) Auzokideek berdin erantzungo zuketen asentamenduko pertsonek euskal herritartasuna izan balute eta bakoitzak zortzi abizen euskaldun izan balitu.

Azken finean, auzoko jendeak bilatzen zuena eta duena zer zen? Legez kontrako asentamenduak sortzen zituen arriskuetatik libre bizi, egoera tamalgarrian bizitzen ziren pertsonen arazoa azaldu eta arazo hau modu eraginkorrez mahaigaineratu, egoera larri hau konpon dezaketenek arazoari hel diezaioten. Eta hemen diogun hau ez da inola ere erretorika-ariketa bat. Pentsatu al du inork zer arrisku eragiten dituzten butano botilak eta suak kontrolik gabe, jendea bizi den etxeen ondoan eta landarez betetako eremuetan manipulatzen dituzten pertsonek? Orain dela gutxi Basaurin gertaturiko hondamena ahaztu al zaie batzuei? Pentsatu al du inork osasun-zerbitzurik gabe bizitzen ziren hamaika pertsonek sortzen zuten zikinkerian? 

Eta puntu honetara iritsita, legitimoa da galdetzea: zergatik asentamendu hauek antolatzen dituztenek ez dituzte inoiz aukeratzen Donostian dauden bi edo hiru miloi euroko etxeen urbanizazioak? Edo Gipuzkoa edo Katalunia plazak? Edo Alderdi Eder? Gutxienez aipatzen ditugun leku horietan eraiki izan balituzte, legez kontrako asentamendu hauek sortzen dituzten arazoak eta eragozpenak donostiar guztiek edo behintzat gehiagok partekatuko lituzkete, eta ez, orain arte bezala, gutxi batzuen bizkarrean utziz.  

Legez kontrako asentamenduetan bizitzen diren pertsonen arazoa ezin da konpondu Manteo auzoan eta beste tokietan ikusi ditugun prozedurekin, Donostia hiriaren kasuan aginteen eta aurrekontu publikoen parte-hartzearekin baizik, eta ziur aski parte-hartze hori ez da nahikoa izango fenomeno hau globala dela eta ez lokala kontuan hartzen badugu. Etortzen diren pertsona horiei zerbait duina eskaini behar zaie, eta ez txabolismoan oinarritutako sistema bat. Eta, hori bai, duintasun hori Donostiak dituen baliabideen mugen barnean, ez dezagun ahaztu azken finean baliabide horiek gure zergen bitartez ordaintzen direla. 

Manteo kaleko inguruak zituen arazoak ez dira amaitu izan berria den eraistearekin. Baditugu oraindik irtenbidearen zain zorro bete bat, eta helburu horrekin harremanetan gaude Donostiako alderdi politikoekin eta Alkatetzarekin. Gure itxaropena da elkarrizketa horretatik, auzoaren arazo guztien irtenbidea aurkitzea ez bada posible, gehienena aurkitzea gutxienez bai. Itxaropen bera ipintzen dugu urrutitik eta oso baldintza latzetan gure hirira etortzen diren pertsonen beharren konponketan. 

Artikulua Manteo kaleko auzokide hauek ere sinatzen dute: Javier Castroviejo Quintana, Eugenia Soret Iradi, Laly Zatarain Uriarte eta Ana M. Aizpurua Galdeano (Donostia).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.