Dozenaka lagun batu ziren Egian, Donostian, gose direnei afaltzen ematea galarazteko helburuarekin. Alde batean, boluntarioei esker egunean otordu bakarra egiten duten asko, eta, bestean, askotariko jendea –baita PPko zinegotziak ere–, baimenik gabeko deialdi batean. 78.000 eta 48.000 euro jasotzen dituzte urtean diru publikotik, baina kexu dira ezer ez dutenei afaria doan ematen zaielako. Bi aldeen artean, boluntarioak babestera gerturatuak zirenak eta baita haiei oldartu zitzaizkien poliziak ere.
Ondoren datorren sekuentzia ere kezkatzekoa da: Eneko Goia alkateak debekatu egin du Egian afari solidarioak ematea segurtasunaren izenean, protesta-deialdia balitz bezala, eta mezu baikorra bidali die gorroto mezuak eta ekintzak zabaltzen ari direnei; horien artean, bide batez, faxista eta neonazi deklaratuak daude: fruituak ematen ditu kalera ateratzeak eta komunitate bati jazartzeak.
Segurtasunaren izenean magrebtarren aurkako gorroto-diskurtsoa zabaltzen ari da Donostian, eta alderdi eskuindarrak eta medioak kontzienteki ari dira horretan, ingurua pozoitzeko helburuarekin. Zenbait lapurreta eta istilu aitzakia hartuta, komunitate oso bat estigmatizatzeko eta kriminalizatzeko joera nagusitzen ari da. Bigarren mailako herritarren diskurtsoa ari da sortzen, gainontzekoen eskubideak eta bizi baldintzak merezi ez dituztela sinetsarazi nahi diguna, eta magrebtarren deshumanizazioari bidea ireki diona. Non amaituko den ez dakigun bidea da hori, baina ez dauka aurrekari onik historia liburuetan, eta aukera ematen du sortzeko proiektu politiko autoritarioak, baztertzaileak eta erreakzionarioak. Oraingoz, seinalatzera iritsi dira batzuk, baina baita haien aurkako jipoiak antolatzera ere, beste batzuk.
Donostiako testuingurua ez da bakarra munduan, krisian dagoen kapitalismoaren emaitza sozial eta kultural orokorragoa da. Burgesiarentzat gainpopulazioa dakar krisiak, ez baita gai langile klasearen zati handi bati lana emateko eta, horrekin, bizi-baliabideetarako sarbidea. Langileriarentzat krisia, funtsean, pobreziaren areagotzea da. Horregatik, ikuspuntu kapitalista batetik, sobera dago gaur egun langile klasearen zati handi bat Mendebaldeko herrialdeetan, eta hor dute erroa migranteak arazo gisa aurkezten dituzten diskurtsoek: soilik lan-indar merke modura onartzen dira, gainontzeko forma guztietan sobera daude.
Pobreziaren areagotzeak, halaber, bizi baldintzen kaskartzea dakar langile klasearentzat, baita mota askotako bizikidetza arazoen areagotzea ere; sarri, mendekotasunek zeharkatuta, gainera. Badakigu hori Euskal Herrian; edo ahaztu egin al zaigu 80ko hamarkadan, krisi ekonomiko betean, nolakoa zen kaleko egoera? Oraingo delinkuentzia eta kriminalitate-tasek ez dute garai hartakoekin zer ikusirik.
Estatuek ez dute indarrez zapaltzea ez den beste alternatibarik miseria gorrian dauden horientzat. Ezta Donostiako Udalak ere. Autoritarismorako eta austeritaterako joera da Europar Batasunetik eta estatuetatik datorrena. Konponbiderik ez, eta langileriaren bizitzak are bortitzagoak bihurtzea baino ez du ekarriko horrek, lege gogorragoak, polizia gehiago, kontrol handiagoa... Eta zer esanik ez etorkinen kasuan, Giorgia Melonik Albanian egin duen kontzentrazio-esparrua ikusi besterik ez dago. Miseria eta borrak dira eskaintza.
Bada euskal gizartean ere, Europan zehar bezala, munduaren ikuspuntu berekoi, ultranazionalista eta erreakzionarioa duenik. Badira krisiagatik haien estatusa zalantzan ikusten dutenak, eta proposatzen dutenak atzera-buelta moduko bat, zeina ongizate estatuaren eta ertain klasearen defentsa irmoan oinarritzen den. Hori, funtsean, euskal enpresek munduko periferiako langile eta herriengan duten menderatze-harremanean oinarritzen bada ere. Nahiz eta horrek esan nahi duen langileriaren miseria, lehengaien arpilaketa, gerra, eta abar, eta abar.
Unibertsaltasunaren ikuspuntutik, norabidea ezin da izan ez langile klasearen barneko gatazketan sakontzea, ez horiek justifikatzea; ezta etsaitasunak areagotzea ere, are gehiago bakantzea dakarrelako eta arazoaren erroa desbideratzea. Donostiako Udalak baliabideak jarri behar lituzke pobreziari aurre egiteko. Elkartasuna eta baliabideak antolatzea baita erroari begira jartzea, helburu duena langileria batzea, haren nazio, jatorri edo erlijioa edozein izanda ere, guztiok eskubide eta bizi baldintza berdinak izateko xedearekin. Eta hori, halabeharrez, burgesiaren baliabideak eta irabaziak jopuntuan jartzetik hasten da, gehiengo sozialaren zerbitzura bideratzeko. Pobreziaren kontra egiteaz ari naiz, pobreen kontra egin beharrean. Hor baitago migraziora behartzen duen arrazoi nagusietako bat, baita bizikidetza arazoen funtsetako bat ere; Donostian eta handik kanpo.