Donostia Antitaurina Orain plataformak horrela proposatuta, Irabazi Donostia eta EH Bilduk zezenketen aurkako mozio bat aurkeztu genuen Donostiako azken udalbatzan.
Mozio horretan dei egiten genuen udal instalazioetan animaliek tratu txarrak jasotzen dituzten edozein ikuskizunen kontra azaltzera, animaliei tratu zuzen eta etikoa emateko kontzientziazio kanpainak sustatzera eta Donostia zezenketen aurkako hiri deklaratzera.
Tamalez, mozio hori ez zen aurrera atera EAJ, PSE-EE eta PPren kontrako botoei esker. Kontrako botoa azaltzeko hainbat argudio erabili zuten, bata bestea baino kaskarragoa: jarrera orokor bezala «debekuen kontra egotea», jendeari gustatzen zaizkion tradizioak errespetatzea, alderdi politiko proposatzaileen jarrera ezberdinak herri batzuetan eta besteetan, zezenketen aktibitatearen legezkotasuna...
Hori guztia entzunda, neure buruari galdetzen diot: tradizio guztiak errespetagarriak al dira? Alderdi politiko batzuen koherentziarik eza argudio bezala erabili al daiteke? Debekuak saihestu behar al ditugu? Legezkotasuna eta etika eskutik joan al dira beti?
Tradizio askok gizarteak erreferente gisa dauzkan balioen kontra talka egiten dute nabarmenki: gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, laikotasuna edo eliza eta estatuaren arteko banaketan ere bai eta animalienganako tratu etikoan, kasurako.
Bestetik, gai batzuen inguruko alderdi politikoen jarrera inkoherenteak ez lirateke inola ere aitzakia bezala erabili behar tradizio atzerakoi hori justifikatzeko. Eta azkenik, ziur nago denok ados gaudela debekuak eta arauak guztiz beharrezkoak direla. Izan ere, legeak eta debekuek gure hirian elkarbizitzeko aproposak diren tokiak izatea ahalbidetzen dute, hiritarren arteko harremanak erregulatuz eta onartezinak diren jokaerak debekatuz. Hori dela eta, ikuskizun umiliagarriak debekatu beharko lirateke, edo aurrera eramatea saihestu, behintzat.
Hamabost urte baino gehiago igaro dira Donostia Arena zezen plaza eraiki zenetik, donostiarron iritzia kontuan hartu gabe, orduko gobernuak erreferendum bat egitea agindu arren. Garai hartan, operazio hori donostiarroi zentimo bat ere ez zitzaigula kostako esan ziguten. Gaur, ordea, badakigu donostiarrok guztira 29 milioi euro ordaindu behar izan ditugula.
Bi urteko etenaldiaren ostean, zezenketen ikuskizun krudela berriro iritsiko da gure hirira; Aste Nagusiko egitarauaren barruan, gainera. Aste Nagusi honetan Illunben zezenketak egitea aurreikusita zegoela argitaratu zenetik, hamabi mila sinadura baino gehiago bildu dira, alkateari eskatzeko praktika zaharkitu eta krudel hori gure hirian berriro ez gauzatzeko.
Hausnarketa hau bidaltzea gustatuko litzaidake: nolako hiria bultzatu nahi dugu? Kultura edo artea al dira animalienganako tratu txarrak? 2016ko hiriburutza dela-eta kanpotik etorriko den hainbat eta hainbat jenderi hau al da erakutsi nahi diogun hiria? Europari erakutsi nahi dioguna?
Irabazi Donostiaren iritziz, animaliek mina eta sufrimendu fisiko nahiz psikikoa sentitzen dituzten izakiak izanik, beren ezaugarri psikologikoekin bat bizitzekoeskubide naturala dute eta gizarteak, oro har, eta erakundeek, batez ere, defendatu eta babestu egin behar dituzte.
Donostia bezalako hiri aurrerakoi batek, bere biztanleen ongizateaz arduratzen denak, ezin du animalien sufrimendua sustatzen duten ikuskizunik eskaini haien sufrimendu psikiko eta fisikoari ez ikusiarena eginez. Bartzelonaren ereduari jarraituz, nahitaezkoa da Donostia zezenketen kontrako hiri izendatzea.
Bestalde, erabat onartezina da azkeneko egunotan entzun dugun bezala, zezenketen kontrako hamabi mila sinadurak aurkeztu dituzten hiritarren egitasmoa postureotzat jotzea. Hainbat politikarik iritzi horiek izateak garbi azaltzen du herritarrenganako duten mespretxua.
Gure ustez, eta zorionez, zezenketaketa animaliei tratu txar bat suposatzen duten eginkizunak desagertzen joango dira apurka-apurka gure herrietako festetatik, geroz eta onarpen eskasagoa baitute gure gizartean, eta bereziki gazteengan. Baina aurrerapausoak ematea ezinbestekoa da. Horregatik, alderdi politikoei errealitate ukaezin hau aintzat hartzera, ausartak izatera eta aurrerapauso bat ematera gonbidatzen ditugu hertsatuki, Donostia zezenketen aurkako hiri izendatuz, guztiok gure festekin harro-harro senti gaitezen.
Zezenketa gehiagorik ez; ez hemen ezta inon ere.
Donostia, Europako kultur hiriburu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu