Dokumental baten lekukotasuna Europan barna

2021eko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian estreinatu berri den Apaiz kartzela dokumentala Europan barna zabalduko da aurki: Katalunian, Galizian, Madrilen eta Bruselan, baita zenbait zinemalditan ere. Franco eta Vatikanoaren artean itunduriko Zamorako espetxe berezi hura hartzen du gaitzat. Hango borroka antifrankista eta anti-vatikanista, ihes saioa... eta abar.

Egia da hainbat kartzelatako ihes saio eta bizipen hunkigarriago izan direla, baina zineak Segoviako ihesa jaso zuen. Hego Ameriketan ere hainbat kontu izan dira, seguru, baina hango mito antologikoa Gabriel Garcia Marquezen Cien años de soledad eleberriaren arteak (Buendia, inurriak, amama…) bihurtu zuen memoria kolektibo. Era bertsuan, Maluta Films-en arteak, Giza Eskubideen Zinemaldiak hautatu izanaren zoriak... eta beste hainbat ausa eta kausaren zoriak (agian asturuak egokiro lerrokatzeak barne) bihurtu du gurea oroimen kolektibo. Eskerrak Ritxi Lizartza eta taldearen lanari, Kote Kamatxoren marrazki bizidunei... eta guzti horri. Eta ez da soilik lehenaldiko memoria kolektiboa piztu duela. Oraindik garrantzitsuena, seguru, gaur egungo egoera eta etorkizun hurbila ulertu ahal izateko erremintak ematen dizkigula. Ez da inola ere hanpatua zera erraitea: gure planeta mailako zibilizazio-bidegurutze bat bizi dugula oraintxe bertan. Noam Chomsky jaunak are gehiago dio: belaunaldi honek erabakiko duela planetako espezieen biziraupena, giza espeziearena barne. Izan ere, politika aldetik, elite plutokrata boteretsu batek hartu du trailan gure gizartea. Mundu-krisi global honetan —baliabideen agortzea eta populazio hazkunde orokorra— jendea bera mehazteko prest dagoen elite ankerra daukagu agintean.

Ekonomia aldetik, kapital eredu berri bat jarri da abian, langileria are esklaboago bihurtzeko zioa begien bistan ageri duela. Beraiek diote ezin argiago: «mundu hau birdiseinatu beharra dago», «ekonomia reseteatu beharra». Kapitalismo liberalaren eredua ahitu egin zaienez, orain kapitalismo oligarkiaren fasea inposatuko zaigu. Hots, lauzpabost inperiotan eratutako kapitalismoa, zeinek enpresa txiki eta erdi-mailakoak irentsiko dituen kapitalismoberdearen izenean (larru lodia behar da, gero, hori esateko). Komeni zaien guztia esan dezakete orain, ia den-dena irensten duen gizarte bezatuan. Gu bezatzen, domestikatzen ari baitira, bai, sekula munduan gertatu ez den esperimentu antropologikoan. Lehen pauso gisa, panikoa darabilte, eta bide batez mafioso ezagunen aberastasuna gizentzen: armak eta farmakoak, farmakoak eta armak... gehi hedabide salduenak... epaile aizunak...

Aldous Huxleyen Brave New Man itzuli zuen Xabier Amurizak (Bai Mundu Berria): dena diseinatuta dagoen mundua (gure bihotza eta burua barne), ia den-dena irensten dugun «gizarte zoriontsuan». Errealitate honen kontrara, batzuk behintzat —Maluta Films-ek eta 60ko hamarkadakook— inoiz baino jarrera kritikoagoz aurkatuko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.