Amaia Nausia Pimoulier.

Diziplinatze soziala edo 'non dago bolatxoa?'

2020ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
COVID-19aren krisia hasi zenetik, elite politikoek eta komunikabideek gerra hizkuntza erabili zuten, heroikoa. Herritarrok, egunero, gure balkoietatik, osasun-langileei zuzendutako txaloak erritualizatu genituen, ia-ia sakralizatu ere egin genuen 20:00etako ariketa hori. Pentsa genezake, beraz, hilabete horietan guztietan osasun publikoaren balioa handitu egin zela. Hau da, hamarkadetan zehar osasun publikoaren merkantilizazioa eta pribatizazioa burutu ondoren, gaia behingoz politikarien lehentasunetan kokatuko zela. Pentsa genezake, halaber, gizartea bere indibidualismoaren ametsetik esnatuko zela eta arduradun politikoei kontuak eskatzen ibiliko zela. Horrenbestez, logikoa litzateke pentsatzea honezkero agintariak hasiko zirela osasun publikoa desmerkantilizatzen eta indartzen.

Baina logikak ez du, antza, guztien buruan agintzen, ez behintzat nire logikak, eta inposatzen ari zaigun kontakizuna oso bestelakoa ari da izaten: jokabide publiko eta pribatuen kriminalizazioa. Tamalez, benetan mahai gainean jartzen ari den gai bakarra diziplina soziala da. Indibidualki kontuak eskatzen zaizkigun bitartean, gure interakzio sozialak eta mugikortasuna mugatzea da administrazio publikoak COVID-19aren kutsatzeari aurre egiteko ematen ari diren erantzun bakarra. Bestela, arren, nire ezjakintasunetik atera nazazue eta esan, zer beste neurri ez punitibo mahaigaineratu dituzte?

Errealitateak erakutsi digu gure sistema publikoa hamarkadetan zehar ahuldu dugula —batez ere Europako beste herrialde batzuekin alderatzen badugu—. Baina hilabete hauetan ez zaio erremediorik jarri horri. Sistema hondatzeko prozesua joan den mendeko 90eko hamarkadan hasi zen, osasun publikoa pribatizatzeko prozesuekin. Jakina, osasun publikoaren desegite-maila desberdina izan da Estatuko erkidego bakoitzean. Baina badirudi ezein komunitatek ezinen lukeela burua harrotasun gehiegirekin altxatu egungo egoeraren aurrean.

Nahiz eta osasun adierazle onenak dituzten autonomia erkidegoak EAE eta Nafarroa izan —Asturiasekin batera—, pribatizazio prozesu gutxiago baitituzte Madrilekin edo Kataluniarekin alderatuz gero, ez dugu ikusten hemen ere baliabide handirik mobilizatu dutenik gure sistema publikoa indartzeko. Horrek, 2008ko krisian administrazioak sektore publikoari ezarri zizkion doikuntza ekonomikoekin batera, koktel perfektua eman digute osasun krisi honi aurre egiteko.

Beraz, sistemak eztanda egin izana ez da kasualitatea, eta, oro har, ez da kasualitatea gobernu eta komunikabide nagusiek herritarren ardura indibidualari buruz hitz egitea osasun publikoaren egoeraz hitz egin beharrean. Badakigu zenbat interes ekonomiko dauden osasunaren inguruan, eta osasun-sistema publikoaren pribatizazio maila ikaragarria ere hor dago.

Esan bezala, neurririk erabiliena orain arte ez da izan osasun publikoa eta zerbitzu publikoak indartzea, gizarte-diziplinamendua baizik. Berriz ere esaten zaigu ZIUak kolapsoaren atarian daudela, osasun-langileak berriz ere leher eginda daudela. Eta esaten zaigu ere horren guztiaren errudun gu garela, gure jokaera publiko eta pribatuetan dagoela arazoa, guk dugula pandemia hau gelditzeko gakoa eta ardura guztia. Eta askotan tranpa horretan erortzen gara, ezta? Bueltaka eta bueltaka banakakoen arduraren inguruan. Eskerrak emanez oraindik ez gaituztelako gure etxeetan guztiz itxi, martxoan bezala, eta hori noiz iritsiko den beldurrez. Aztiaren trikimailua egin digute: non dago bolatxoa?

Diziplina sozialaren mekanismoa ez da berria, mendeak atzera begiratuz gero garai guztietan erabili izan den tresna dela ikusiko genuke. Diziplinatze-mekanismo on gisa, berehala zigortzen da artaldetik irteten dena. Poliziak kaleetan duen presentzia areagotzea, araua hausten duten portaerak auzokideen artean kontrolatzea eta salatzea, edo neurri hertsatzaileak zalantzan jartzera ausartzen denarentzako epai morala gupidagabea izaten ari da. Baina horren aurretik badago martxan jartzen den beste pauso bat: gizartearen doktrinamendua. Hau da, herritarrak inposatu nahi zaizkien balioetan heziz.

Pentsa genezake gaur egungo balio horiek —hedabideetatik eta erakundeetatik hain errepikatuak— elkartasuna eta ahalegin kolektiboa direla; harremanak eta gure mugikortasuna sakrifikatuz ahulenak babesten ari garela. Baina herritarroi eskatzen zaigun ustezko elkartasun horren aurrean, non geratu da osasun-sistemarekiko elkartasun ekonomikoa? Sorpresa! Dirudienez, osasun sistema ez da indartzen balkoietatik arratsaldeko zortzietan txalo egite hutsarekin. Dirua behar du osasun publikoak, baliabideak, langileak kontratatzea, ez keinu sinbolikoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.