Gerrarik Ez plataforma

Diskurtso belizistek hil egiten dute

Mirari Ullibarri eta Juanjo Celorio
2025eko apirilaren 9a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Europako Batzordeak gastu militarra handitzearen aldeko jarrera hartu du argi eta garbi. Erabaki horrek estatu kide gehienen babesa du, eta iritzi publikoan sendotzen ari da, kanpaina mediatiko zein politiko bizi baten bidez gauzatzen ari baita.

Diskurtso belizistaren hutsalkeriaren eta ezkutatzen diren interes geopolitiko zein ekonomikoen gorakadaren aurrean, Gerrarik Ez plataformako kideok beharrezkoa ikusten dugu erabiltzen ari diren estrategia diskurtsiboak aztertzea.

Lehenik eta behin, gastu militarra justifikatzeko, etsaiaren mitoaren eraikuntza. Lehen Mundu Gerra baino lehen ikusi genuen bezala, berrarmatzea balio nazionalen defentsarako berebizikoa dela sustatzen ari da. Narratiba horrek armamentuaren ekoizpen masiboa bultzatu zuen, eta potentzia ezberdinetako gerra-industriei mesede egin zien. Gogoan izan behar dugu: lobby armamentistikoek beldurra eta segurtasunik eza erabili izan dute haien hedapen ekonomikorako. Garai batean Krupp Alemanian edota Vicker Erresuma Batuan izan zirenak gaur egun Rheinmentall edo Airbus Defense bilakatu dira.

Bigarrena, estrategia ideologiko-politikoaren eraikuntza. Estrategia horretan, gastu militarra eztabaidaezina bilakatzen da, eta estrategia horrek hiru alderdi ezberdin ditu. Hasteko, arrisku oldarkorraren sorkuntza: berehalako mehatxu baten pertzepzioa sortzen da eta horrek berrarmatzearen justifikazioa dakar. Jarraitzeko, premia larriaren diskurtsoaren eraketa: «ez dago alternatibarik» logikan oinarritzen da; komunikabideek funtsezko zeregina dute diskurtsoaren hedapenean, eta horrela etengabeko alarma-sentsazioa sustatzen dute. Bigarren estrategia horren bidez, halaber, armagintzarako gastu publikoa bideratzea legitimatzen da. Azkenik, derrigorrezko aukera estrategikoaren eraikuntza: armamentu-industriaren hedapena enplegu-iturri bilakatzen da, eta garapen teknologiko zein prestigio geopolitikoaren aukera agertzen dira.

Azken argudio horretan, armamentuaren sorkuntza ekoizpenaren hazkunde-motor, enplegu-sortzaile eta berrikuntza teknologikoaren dinamizatzaile gisa aurkezten da. Diskurtso hori bereziki bizia da oinarri industrial handia duten eskualdeetan —Hego Euskal Herrian, adibidez—, beraz, ez da kasualitatea azken hilabeteetan gehien errepikatu direnetako bat izatea. Zedarriak taldearekin ikusi genuen, eta gure ordezkari politikoen ahotan ere entzun ahal izan dugu. Dena den, gogoan izan behar dugu Euskal Herriak NATOri Ez esan ziola, eta industria militarrak heriotza, suntsipena eta langile klasearentzako austeritate politikak besterik ez duela ekartzen.

Zertan ari dira gure ordezkari politikoak? Zertan ari dira komunikabideak?

Armagintzan inbertitutako euro bakoitza osasun edo hezkuntza publikoa indartzeko erabiltzen ez den euro bat da, armagintzan inbertitutako euro bakoitza langile klasearen hilketan inbertitutako euro bat da. Argi izan behar dugu gerrak hemen hasten direla, baina hegoaldeko herrialdeak direla militarismoaren gorakada gehien pairatzen dutenak, eta aberatsak edota burgesak direla langileak frontera eramaten dituztenak.

Era berean, azpimarratu behar da armaden maskulinizazioa aurrera eramaten den arren, eta armadetako kide gehienak gizonak izan arren, emakumeak, emakumeen gorputzak eta beraz emakumeen eskubideak helburu militar bihurtu direla.

Beraz, hori guztiagatik, Gerrarik Ez plataformatik honako hau esan nahi dugu: hiltzen gaituen gerrari ez, eta zapaltzen gaituen bakeari ere ez. Benetako segurtasuna ezin da armen metatzean oinarritu, gizarte bidezkoagoak eta justuak eraikitzean baizik. Gastu militarra, gastu sozialerako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.