Diskriminazio positiboa behar da, derrigorrez

2021eko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Diskriminazio positiboa behar dute estaturik gabeko nazio txikiek, hizkuntza minorizatu eta txikituek, genero aldetiko bigarren mailakoek, enpresa munduko oinarri sozial ahulenek ere bai...

Euskal Herriak autodeterminazio eskubidea izan dezan bere borroka moldean giza eskubideak urratu dituztenak sadismoa eta mendekua sufritzen ari dira urruneko kartzeletan, botereak giza eskubideak berdin zapalduta, ikertu ere egin ez direnean (torturatuak, estatuen morroiek hilak, urte luzez kartzela urrunetara joaten ari direnak guztiak errugabe izanda, poliziek kontroletan hildakoak edo sanferminetan, edo martxoaren 3an, edo...), mundu honetako pobrezia beldurgarria pairatzen dutenak... Bai, ahul horiek guztiek merezi eta behar dute diskriminazio positiboa berdintasunerantz eta justiziarantz hurbiltzen hastekotan.

Herri honen autodeterminazioaren alde borroka armatua praktikatu duen erakundeak zapaldutako giza eskubideak ez ditudala aipatzen aurpegiratu didate bateon batzuk; alde bakarrekoa aipatzen dudala beti. Arrazoi dute, arrazoi galanta. Hona nire arrazoiak egiten dudana egiteko:

— ETAz, «banda terrorista» esateaz gain, zer esan daiteke kartzelara joateko aukera handiak izan gabe? Adierazpen askatasunik gabe, nola hitz egin daiteke horretaz? Hori egiteko eskatzea, egoera bidegabe honetan, tranpa egitea da. Kartzelara sartzeko edo beste bidegabekeriaren bat egiteko aukerarik ez duenean botere judizial espainiarrak, horretaz ere hitz egiteko esatearekin ados nengoke, baina horrela inondik inora ez dugu aukerarik izango libre hitz egiteko estatu autoritario honetan; Melitón Manzanas torturatzaile sadikoa edota Carrero Blanco antidemokrata frankista biktima izendatutako estatu batean ezinezkoa izango da, arriskurik gabe, ETAz hitz egitea. Oker banengo, hobe!

— ETAren ekintzen berri komunikabide guztietan azaldu da etenik gabe bere urte luzeetako jardun osoan, botereak egindako giza eskubideen urraketen aldean mila aldiz gehiago, eta ez da esajerazioa! Noiz erakutsi digute komunikabide handi ahalguztidunek tortura saio bat, sakabanaketa zer zen? BBCk eman zuen ETBk baino lehenago erreportajea; eta ikaragarri berandu, hamabost urte bazeramatzanean urrunketak. Hortik atera kontuak!

— ETAk, egindako guztia hartu du bere gain. Inork esan al du inoiz torturatu duenik, erreibindikatu al du biolentzia bortitz eta zital hori inoiz? PSOEk, PPk, frankismoak... torturatu dutenean ezer egin al dute bere gain hartzeko giza eskubideen urraketa lazgarria? EAJk esan al die bazkide izateko biolentzia hori kondenatzeko? Ez. Inork ez du oraindik, 2021. urtean egonik, duintasunik eta ausardiarik izan bere bortxa erreibindikatzeko. Eta indarkeria hori guztia ez da ikertu, eta ez da ikertuko. «Ezerk ez du bidegabekeriaren antz gehiago justizia berantiarrak baino» (Seneka).

ETAren indarkeria amaitu zen duela hamar urte. Armak entregatu zituen Lapurdin. Ertzaintza eta Foru Polizia baditugu Hego Euskal Herrian, baina Espainiako indar armatuek hemen darraite, 1.000 biztanleko zazpi polizia izan ditzagun ahalbidetzen batetik (3-4 polizia da normala Europan), eta, bestetik, herri okupatua garela gogoraraziz egunero. Egiturazko indarkeriak jarraitzen du eta inork ez du bortxa hori salatzen, kondenatzen... Hortaz, edo denok bortxa guztien aurka jartzen gara, edo ni bakarraren aurka soilik hitz egin daitekeen toki honetan isilik egongo naiz duintasunagatik, ahul eta txikiaren aurka soilik hitz egin ahal izatea txerrikeria handi samarra delako. ETAkideak eta ETAkideak ez diren milaka euskal herritar izan delako torturatua, eta kartzelan milaka urte eman dituztelako denen artean. Tortura herri honen aurkako gerra tresna etenik gabea, egoki antolatua eta sistematikoa izan delako, Paco Etxeberria doktorearen txostenak argi uzten duen moduan.GALekoen eta torturatzaileen kartzelaldi motz askoa saritua izan zen karguekin eta soldata eta estra ederrekin Espainiako fondo erreserbatuen bidez. «Justizia indartsuenaren komenentzia besterik ez da» (Platon).

Hasieran aipatutako gaiekin berdin, denekin erabili behar da diskriminazio positiboa, ahulenak direlako; eta ahulak lagundu behar dira beren onera itzul daitezen, egoera duin batera, diskriminaziorik gabekora. Eta horretarako diskriminazio positiboa behar da ahularen alde: legeria bidez, laguntza bereziak emanez, komunikabide handietan ere leku eta denbora egokia emanda. Izan ere, egia osoa da elkarbizitza zintzo baterako lehen osagarria, egiak berezkoa baitu duintasuna eta gardentasuna. Horixe da herri honek lehenik eta behin behar duena, egia osoa alde guztien partetik aitortua eta komunikabide handietan ongi adierazia. ETAk egin du; besteek, noiz? «Albistea jendeak jakin behar duen guztia da, herritar kontzientziadun eta aktibo moduan jarduteko» (Mariano Ferrer).

Ahulen aldeko diskriminazio positiborik gabe statu quo-aren aldeko memoria gezurtia inposatuko du botere instituzional, ekonomiko eta komunikatiboak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.