Diruaren bidezidorrak

2014ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Europa mailan eginiko ikerketa baten arabera, argi ikusten da ustelkeriaren inguruko pertzepzioa erabat orokortua dagoela Europako herritarrengan, batez ere herrialde periferikoetan. Horren ondorioz, esan daiteke ustelkeria jarduera erabat normalizatua dela eta jardun politikoa degradatu dela; kasu askotan, patrikak betetzeko praktika eta helburu soil bilakatu da dimentsio ezezagunetan komunitatearen arazoen kudeaketarako bitarteko zena. Ustelkeriak ezaugarri ugari ditu, eta, beraz, ondorio desberdinak ateratzeko aukera ematen digu.

Batetik, azpimarratu behar da enpresarien aldetik oinarrizkoa dela alderdietan eta administrazioetan kokatzen diren funtzionario publikoekin harreman komertzialak izatea, haien enpresa proiektuek arrakasta izan dezaten. Praktika horien erabilerak bertan behera uzten ditu kapitalismoan aberastasuna eskuratzeko hainbeste goraipatzen eta gomendatzen diren balioak; hau da, ahalegina, berrikuntza, inbertsioa eta berrinbertsioa, dinamismoa, sormena, produktibitatea eta abar. Azken finean, behin eta berriz azpimarratzen da ekintzaileen balioa eta garrantzia ekonomiaren garapenerako, baina praktikan argi ikusten da aberastasuna ez dela inoiz legezko bideetatik eta apaltasunez lortzen, baizik botere politikoarekin aurrera eraman ohi diren kontaktu eta trikimailu ezkutuen bitartez batez ere.

Europa hegoaldeko herrialdeetan (Espainian, kasurako), enpresarik arrakastatsuenek modu jakin batean handitu dute haien negozio bolumena; hau da, administrazio desberdinek egindako esleipen publikoetatik eta diru publikoaren transferentzia erraldoietatik aurrera eramandako kontzesio administratibo puztu eta garestienen bitartez. Hor daude errentagarritasun sozialik ez eta erabilera urria duten azpiegitura zentzugabeak; esaterako, denok dakigunez, Espainiako Estatuan martxan dauden abiadura handiko tren lineak, munduan bigarren potentzia izanik kilometro aldetik, edota autobide eta aireportu defizitario guztiak. Ondoren, noski, zergapekoen diruarekin estali eta berregituratzen direnak.

Bestetik ere, azpimarratzekoa da Espainiako Estatuan izaniko higiezinen booma. Apartamentuak, hotelak, etxebizitza erraldoiak, urbanizazio faraonikoak dira erakusgarri adierazgarrienak. Urbanismo espantsionista horrek aurrean eraman ditu kostaldeak, basoak eta erabilera anitz zituzten lurrak, eta oro har adreiluz josi ondare eta terreno publiko asko. Lurra aberastasuna sortzeko erabili beharrean, dirua erraz eta irregularki eskuratzeko baliatu izan da beti erakunde publikoen lagapen eta esleipen errentagarriekin.

Eta nola ez aipatu argindar konpainiak. Pribatizatuak eta enkantean prezio barregarrian salduak, guztiak inolako argudio logiko eta teknikorik gabe, guztiek zekitelarik irabaziak ematen zituztela eta errentagarritasunik ez zitzaiela falta. Gaur egunean, urtero etekin handienak ateratzen dituzten enpresa handienen artean daude, eta guztientzat ulertezina den merkatu ilun eta opakuenetako bat da. Emaitza: munduko preziorik garestienak eta hornidura falta dira XXI. mendeko gizarte ustez moderno eta aurreratu batean gertatzen diren egoerak, ustezko tarifa defizit iruzurti eta faltsu baten aitzakiapean. Merkatu horietan ez dago ez lehiarik ez askatasunik, bost pertsonak kontrolatzen duten oligopolio bat baizik. Oligopolio horiek ez dute inongo irizpide sozialik, soilik herritarren poltsikoak espoliatzen dituzte zerga inperio baten antzera herritarrak haien esklabo bilakatzeraino.

Horrek guztiak erakusten digu negozioen munduan arrakasta izateko lukurreria, espekulazioa eta rentismoa direla praktika esanguratsuenak eta etika kalbinistaren goraipamena gustu txarreko broma bat besterik ez dela praktika horiek aurrera eramaten dituztenen aldetik.

Horrek guztiak dakarrena, beste alde batetik, praktika horien ikusezintasun erabatekoa da. Botere faktiko batzuek alderdi politikoak bahitu eta haien interesen mende instrumentalizatzen dituzte era ezkutu eta ezezagun batean, non inor gutxik jakin dezakeen zeintzuk diren elite politikoaren eta ekonomikoaren artean egiten diren truke eta faboreak. Esan daiteke gaur egun benetako boterea kontrolatzen dutenak inoiz baino anonimoagoak eta sekretupekoagoak direla, eta jendeak ez daukala eguneroko gobernantzan egiten diren gehiegikerien inguruko inolako informaziorik, ezjakintasunaren eta nahasmenaren mende egonik, non zapaltzaile lauso baten figuraren antzekoa eraiki den horien hautematea eta identifikazioa ia ezinezko bihurtuz, ez bada hedabideen interbentzioaren bidez. Baina hedabideetan beretan ere horien finantzaketa botere faktiko berberek kontrolatzen dute, beren informazio lehentasunak guztiz determinatuz. Soilik eskandaluak ateratzen dira horren truke errendimendu politiko eta ekonomikoak jokoan daudenean eta arerio politikoa ahuldu nahi denean. Beraz, isiltasunaren ituna guztiz orokortua dago, eta inpunitatea da emaitzarik nabariena.

Funtsean, plutokrazia ezkutu batek menderatzen ditu herritarren ustezko ordezkaritza betetzen duten bitarteko politikoak, praktika desberdinen bitartez, izan alderdiak finantzatzeko erabiltzen diren diru beltzezko kontabilitateak edota ate birakariaren prozedura, non egindako mesedeak eskertzeko politikariak saritu diren eta negozioen munduan kokatuak diren magnate bilakatu diren.

Azken finean, horrek erakusten digu estatuaren eta merkatuaren arteko hartu-emana oinarrizkoa eta beharrezkoa dela, eta batak eta besteak elkar elikatzen dutela haien helburuak ase ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.