Edozeinek pentsa lezake banku batean kontua ireki nahi duenak ez duela behar nortasun agiria eta kontuan sartzeko diru apur bat besterik. Bada, ez da hala. Bankuak kontua irekitzeko aukera ukatzen ari zaizkie bizileku txartelik ez duten migratzaileei.
Benetan zaila eta izugarria da bizileku txartela eta lana lortzeko bidea—eta, horiei esker, nork bere egoera erregularizatu eta «legezko» bihurtzekoa—; hainbeste non migratzaileak automatikoki uzten baititu legez kanpoko egoeran, hau da, eskubiderik gabe. Izan ere, Atzerritarren Legeak ezartzen ditu jokoaren arauak, hots, arrazakeria instituzionalaren tresna doilorrenak, eta, haren arabera, migratzaile guztiek hiru urte igaro behar dituzte legez kanpo, AIZ atzerritarren identifikazio zenbakia eskuratzeko aukera izateko bakarrik. Baldin eta gai bada hemen hiru urtez klandestinoki gelditzeko, eta hori frogatzeko erroldatze ziurtagiria badauka; CIE edo deliturik egin ez dutenentzako kartzela batean sar ez dezaten lortzen badu, eta legez kanpo deporta dezaten galarazten badu, orduantxe izango du migratzaile batek atzerritarren identifikazio zenbakia eskuratzeko aukeraren bat edo beste.
Garrantzitsua da ulertzea migratzaileak legearen mugetan bizi direla gutxienez hiru urtez. Hori dela eta, inpunitate osoz diskriminatzen dituzte zenbait arlotan: besteak beste, bankuan kontu bat irekitzea galarazten diete.
Bankuen betebeharra da migratzaile guztiei, identifikazio zenbakirik ez badaukate ere, oinarrizko ordainketa kontu bat irekitzea —kontu horien bitartez, hainbat gauza arrunt egin daitezke; esate baterako, dirua sartu daiteke, eta seme-alaben jangelaren ordainketa helbideratu—. Betebehar hori ez dugu guk asmatu: halaxe agintzen du Espainiako estatuko azaroaren 24ko 19/2017 Legeak, 2014an Europako Batasunak ezarritako direktiba bati jarraikiz. Direktiba horren arabera, banku guztiek eskaini behar dituzte, nahitaez, oinarrizko ordainketa kontuak. Arartekoak ere hainbat aholku eman ditu kontsumitzaile guztiek oinarrizko ordainketa kontu bat edukitzeko eskubideari buruz. Nolanahi ere, badakigu bankuak halako kontuak irekitzeko eskubidea ukatzen ari direla, baita, jaun-andreok, banku etikoak ere; ez dakit haientzat etikoa zer ote den.
Bankuko kontu bat edukitzeko eskubidea ukatzen ari zaizkio jendeari. Beraz, mostradorean dagoen langilearen jardunbide egokiak baldintzatuko du dena, edo, bestela, eskaera egitean erakutsitako setak eta irmotasunak; eskaera egitera gizarte mugimenduetako militante zuriekin joanez gero, baliteke itxaropen izpiren bat agertu eta aukera txikiren bat edukitzea.
Hori onartezina da. Zeken jokatzea da, legez ezarritako eskubide bat ukatzen ari baitira. Hauxe dioten sukurtsal zuzendariekin egin dugu topo: «halako jendea ez da errentagarria, ezta interesgarria ere»; baita, kapitala zuritzea eragozteko ez dakit zelako barne politikarengatik, oinarrizko ordainketa kontuak blokeatzen dituzten bankuekin ere.
Hortaz, legearen arabera, migratzaileek gutxienez hiru urtez egon behar dute hemen legez kanpo, paperik gabe eta kontraturik gabe lanean, estatuak ez duelako haien egoera erregularizatu nahi. Baina bankuan dirua sartzen badute, kapitala zuritu izana leporatzen diegu. Zeharo zinikoa eta zentzugabea da. Beraz, kontraturik gabe lan egitera behartzen dituzte, gaizki ordaindutako lanetan, eskubiderik ez duten lekuetan: batu dezatela fruta eta zain ditzatela gure aitaita-amamak, eta, zerbait irabaziz gero, gorde dezatela koltxoiaren azpian; zorakeria hutsa da.
Eta ez ditzagun aipatu bankuek oinarrizko ordainketa kontu hori irekitzeko eskatzen dituzten dokumentuak. Besteak beste, «kanporatuko ez zaituztela frogatzeko dokumentu» moduko bat eskatzen dute. Halakorik ez dago! Lagun batek dioen moduan, medikuari bizirik gaudela frogatzeko agiri bat eskatzearen parekoa da hori.
Guztiz lotsagarria da. Eta, gero, noski, bankuen azerikeria dago —azerikeria diot, hitz zakarragorik ez erabiltzeagatik—. Bankuek ez diete ez oinarrizko ordainketa konturik ez kontu korronterik irekitzen atzerritarren identifikazio zenbakirik ez dutenei, baldin eta ez badute, erdi engainatuta, bizi aseguru bat sinatzen, eta, hala, 30 euro osten dizkiete hilabetean. Azal lodia behar da, gero.
Badakigu Espainiako Bankuari dagokiola halako jarrera diskriminatzaileak arautzea, baina euskal instituzioei gogorarazi nahi genieke badaukatela aukera diskriminazio horren konplize ez izateko.
Adibidez, Bilboko Udalak neurriak hartu ditu gizarte larrialdietarako laguntzen ordainketaren inguruan. Paperik gabe bankuko kontu bat irekitzea zein zaila den jakinda, ordainketa beste norbaiten bidez jasotzeko aukera ematen die udalak konturik ez daukatenei. Eta zera pentsa genezake: «Ba, begira zein ondo. Ez badaukate konturik, jar dezatela beste norbaitena, eta kobra dezatela hartatik». Praktikoa irudi dezakeen arren, neurri hori adabaki bat baino ez da, eta, azken batean, migratzaileak nagusikeriaz tratatzeko modu sotil bat.
Gaur, arrazakeria instituzionalaren ageriko erakusleetako bat salatu nahi dugu. Haren ondorioz, beste arlo ugaritan gertatzen den moduan, milaka pertsona baztertu eta eskubiderik gabe uzten dira.
Gaur, bankuak egiten ari direna salatu nahi dugu; inpunitate osoz eta instituzioen konplizitatearekin jokatzen ari dira, gainera: instituzioek, eskumenik ez dutela esan eta eskurik ez hartzeaz gainera, bankuen jokabidea legitimatu egiten dute; izan ere, adabakien pareko baldintza eta neurriek ez dute balio eskubide urraketak bere horretan irauteko baino. Bihar, apirilaren 29arekin, 11:00etan, kalera aterako gara bankuek migratzaileak diskriminatzearen aurka gaudela esateko. Konturik gabe, ez baitzaituzte kontuan hartzen.
(Erredakzioan itzulia)
Dirua, koltxoi azpian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu