Gaur, martxoak 12, Antiguos Astilleros de Murueta ontziolak Arteaga barkua aterako du uretara. 2023ko uztailean, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak (Miteco) sinatutako hitzarmenean, ontziola hau iraganeko kontua dela erakutsi nahi izan ziguten; eta, halere, hor dago bere jardueraren azken emaitza. Busturialdekoontzat albiste hori ez da berria, egunez egun ikusi baititugu Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren bihotz-bihotzean, haren eremurik zaurgarrienean, egin diren lanak.
Agerikoa denez, hemen jarraitzen du azken asteotan EAJko ordezkariek «txatar» eta «irain ekologiko» bezala deskribatu duten ontziolak, nahiz eta Francoren gobernuak 1943an emandako kontzesioa 2018an iraungi zitzaion. Orduko hartan 75 urteko kontzesioa eskuratu zuen, lor zitekeen gehienezkoa, baldintza argi batekin: ontziola bati dagozkion jarduerak baino ezin zituen egin. Legez zegokion epea gaindituta, ontziolak lanean jarraitu du, eta ez hori bakarrik: ezelango baimenik gabe, espazio zabalagoa hartu du, eta dragatze-lanak ere egin ditu. Halere, 5/1989 Biosfera Erreserbaren Babes eta Antolaketa legea ezartzeko ardura zutenak gor, itsu eta mutu egon dira urte hauetan guztietan, eta orain, egun batetik bestera, den-denak ingurumen-aditu bilakatu zaizkigu, eta, aurrez diagnostikorik egin barik, biosfera-erreserba salbatzeko ekintzak inposatu nahi dizkigute.
Padurak zauriak ditu, egoera kaskarrean dago. Eta, diotenez, proiektu honek (ez beste ezeinek) ingurune horretako hainbat hektarea leheneratzeko aukera emango du. Baina, esaldi horretan, zer da agintarientzat garrantzitsuena, leheneratzea ala proiektua? Otsailaren 27an, Europako Batasunak Natura Leheneratzeko Araudia ezarri zuen indarrean, baina, hara non, EAJko ordezkari Izaskun Bilbaok horren kontrako botoa eman zuen; beraz, argi dago: proiektua da garrantzitsuena. Eta, izan ere, hori da hasiera-hasieratik buruan izan duten helburu nagusia. Biosfera Erreserba leheneratzea, ostera, proiektua egin ahal izateko tramite bat besterik ez da, museo pribatu baten nahia edo beharra asetzeko egin beharreko urrats bat.
Indarrean jarritako araudi horren helburua da kaltetutako lurreko eta itsasoko ekosistemen %20 berreskuratzea 2030erako eta %90 2050erako; izan ere, bada garaia naturari zor zaiona bueltatzeko. Bai, naturari diogu, eremu hori itsasoko eta lurreko jabari publikoa baita. Hori horrela izanik, zelan uler daiteke Aldundiak publikoki adieraztea ontziola erosteko ahaleginean dabilela? Zer da erosi nahi dutena? Lur horiek Espainiako Estatuarenak dira, eta, beraz, haien balio katastrala zero eurokoa da. Eremu horretan, bi gauza baino ez dira ontziolarenak: eraikinak eta, jakina, urte hauetan guztietan eragindako kutsadura. Baina kalte horren ardurarik ez du sekula hartu, eta, bestalde, administrazio publikoek ere ez diote ezer exijitu.
BFAk eta Mitecok adostutako hitzarmenaren arabera, diru publikoa erabiliko da bai ontziola eraisteko bai hark eragindako kutsadura garbitzeko. Astakeria hori nahikoa ez, eta orain beste maila bat gorago egin dugu: publikoak diren lurrak erosi eta kutsadura pribatua salmentaren prezioan sartu. Horren guztiaren aurrean, guri zalantza bat sortu zaigu: legezkoa ote da hitzarmen batean bigarren ekintza gisa zehaztutako —eta, beraz, diruz lagundutako— lan baten inguruan negoziatzen ibiltzea? Zelan eragingo lioke horrek hitzarmenari?
Ahaldun nagusi Etxanobek esan zigun ontziolak borondatez utzi behar zituela Muruetako instalazioak, eta Erandiora joan; bestela, Guggenheim Urdaibai proiektua blokeatuta geldituko zen, eta, beraz, ez zen leheneratze lanik egingo; berriro ere, Biosfera Erreserbaren leheneratzea proiektuaren menpe jarri zuen.
Gure ustez, hitz horiek helburu zehatza dute: justifikatzea zer dela-eta xahutuko den horrenbeste diru publiko ontziola erosteko. Berandu baino lehen, komunikabideen bidez adieraziko digute txatarra Urdaibaitik ateratzea lortu dutela eta eurak direla biosfera-erreserbaz arduratzen diren bakarrak, baina, jakina, hori egitearen truke prezio bat ordaindu behar izan dutela. Adi esandakoari! Izan ere, ez da hori gertatzen den lehen aldia. Hor dugu Lemoizko zentralaren kasua. Madrilek 2019ko azaroan eman zizkion Armintzako lurrak Eusko Jaurlaritzari, eta agintariek euskal administrazioaren lorpen handi bezala saldu ziguten lagapen hura, lurrak leheneratzeko eta arrain-haztegi ederra eraikitzeko asmoa lau haizeetara zabalduz. Egiaz, baina, diru publikoaren erabilera desegokia besterik ez zen izan, barkatu egin baitzitzaion Iberdrolari instalazioak eraitsi eta ingurua garbitzeko ardura.
Argi izan: oraindik ere Astilleros de Murueta ontziola hor badago, hor egoten utzi diotelako da, agintariek ez dutelako erakutsi legea betearazteko eta herritarren eskubideak defendatzeko borondaterik. Horren aurrean, Guggenheim Urdaibai Stop plataformak ontziolaren kontzesioa iraungiarazteko eskaera tramitatu du horretarako eskumena duten administrazioetan. Hortik aurrera, denborak erakutsiko digu zer urrats egiten duten agintariek, zein den haien benetako borondatea.