Haurtzarotik, negua, eguberria eta besta honen inguruko giroa gorrotatzen ditut. Alta, orain buraso naizela –alaba bat badut eta nire kronikaren segidarentzat detaile honek garrantzia ukango du–, erronka berri batzuei aurre egin behar diet. Alabak, noski, Olentzero eta beste Bizar Zuri miresten ditu eta haien opariak izai azpian ezin egonez itxaroten ditu. Amatxik alabari zein opari nahi duen galdetu diolarik, umeak bere zerrenda luzea berezka aipatu dio: printzesa mozorro bat, panpina batzuk, makillajea… Eta ni aho zabalik.
Nola demontre posible ote da, buraso hain eredugarria ukanez (ironia, noski), alabak horrelako gustu estereotipatuak ukatea? Nire egoak kolpe bat hartu ondotik, neure buruari galdetu diot kontserbadoreek arrazoi dutenetz: sortzetik gure burumuinean, zainetan, geneetan, hormonetan, mutikoak eta neskak hain desberdinak ote gara? Aitortu behar ote dugu nesken interesa panpinentzat, etxeko ardurentzat eta edertasunarentzat naturalak direla? Ez dut onartzen! Nire haurrak hain gustu zaharkituak baldin baditu, jendarteak buruan zerbait sartu diolako da.
Goazen orduan jostailuen komertzioa ikertzera, zehazki 50eko hamarkadako marketin talde baten bulego batera. Estatu Batuetan gara, Washingtonen:
—John, plastikoaren orokortzearekin eta erdi mailako klaseen sortzearekin, masa berri bati behar ez dituen gauzak salduko dizkiogu diru gehiago irabazteko bere bizkar.
—Hum… arrazoi duzu, John-John —erantzuten dio Johnek zigarroa ahoan, urrutira begiratuz—. Zergatik ez genituzke jostailu gehiago salduko haurrei?
John-Johnek bere whiski xurrupa edaten du liluraturik:
—Jenio bat zara, John! Gainera, gure balio atzerakoiak inposatzeko [ez da ahantzi behar bi gerla izan direla eta emazteek gizonen tokia hartu dutela plaza publikoan guduan zirelarik; orain etxera itzuli behar dira] eta bi aldiz gehiago saltzeko, neskei eta mutikoei joko ezberdinak inposatuko dizkiegu komunikazio kanpaina agresibo batzuei esker. Horrela, etxe batean, mutikoek eta neskek ez dituzte haien tresnak partekatuko!
—Zein ideia ona, John-John! Neskak etxeko eremuan mugatuko ditugu. Gero, mutikoei jendartea, mundua, espazioaren konkista [bai, gerla hotzaren garaia da] haien esku dela ustearaziko diegu haien agresibitatea berotzeko eta justifikatzeko!
Istorioak dio elkarrizketa eder honen bukaeran John eta John-John malkoetaraino hunkituak besarkatu zirela Strip Club batetik pasatu aitzin. Azkenik, mozkor, etxean oheratu ziren emazteak egindako errekia jan gabe.
Zein ondorio ukan ote du gertakari honek?
Lehenik, ekonomikoki marketinak bere apustua irabazi du: jostailuak Europan eta Estatu Batuetan 36 miliar dolar irabazi ekartzen ditu enpresei urte guziz. Komertzio hori diru asko eskuratzeko aukera paregabea denez, umeak sortzetik kontsumitzaile hutsak baizik ez dira.
Ondotik, jostailu sexistek irabazi dutela dirudi: mutikoei, borroka, estrategia jokoak eskaintzen zaizkie. Kanpo espazioaren kudeaketa, indar fisikoa, lehiaren inguruko konpetentziak garatzen dituzte. Neskei, aldiz, ahal bezain goiz, intimitatea, sentimenduak, segurtasun beharra eta ahozko komunikazioa erakasten zaizkie. Ezaugarri horiek handitzean barnatuko dituzte.
Alta, jostailuak tresna bikainak dira esperimentatzeko, irudimena garatzeko eta sozializatzeko. Haien muga bakarra izan behar da txikien adina eta honi lotuak diren gaitasun kognitiboak. Generoak eta sexuak ez dute ezer ikustekorik hemen. Jokoek gure umeak mugatzen dituzte haien gogoetan, ahalmenetan eta jendartea ulertzeko.
Orain, nola esplikatuko ote dut nire alabari bere nahiak bideratuak direla eta rol batean mugatzen dutela? Barbieak eta Supermanak sutara botaz? Nire ustez, haurrei maite dituzten jostailuak utzi behar zaizkie eta haien izpiritu kritikoa garatzeko konfiantza egiten ahal diegu. Baina, heldu bezala, gure arduraz kontzienteak izan behar gara: haurrak sexismoaren eta marketinaren inguruan gogoetatzen lagundu behar ditugu. Tresna gutxiago eta anitzagoak eskainiz eta haiekin jostatuz, estereotipoak deseraikitzeko esperantza ukan dezakegu.