Euskal Herriko Bilgune Feminista

Dimentsio guztiak

Ekhiñe Petriati, Elene Lopetegi eta Ainhoa Olaso
2024ko martxoaren 8a
05:00
Entzun

Euskal Herrian zaintza ereduaz hitz egiten ari gara. Sistema publiko baten beharra aldarrikatuz pribatizazioa salatzen jarraitzen dugu. Sistema arrazista erauzteko aliantzak ehuntzen ari gara. Gobernantza ereduak kuestionatu eta bestelako ereduak exijitzen ari gara. Proposamenak, sareak, mugimenduak eta lorpenak artikulatzeko aukera bizi dugu. Borroka dimentsio ugaritan zabaltzen ari gara.

Zaintza sistema publikoaren aldeko blokea eratzen ari garela esateko ausardia dugu. Horrekin batera, Mugimendu Feministaren agentzia politikoa indartzen ari gara, gainera. Zaintza lanen beharrezkotasuna aintzat hartuta, zaintza eskubide kolektiboaren aldeko prozesua martxan jarri du Mugimendu Feministak. Finean, bizitza bizigarrien aldeko estrategia komunak marrazteko apustua jarri du mahai gainean.

Euskal Gobernuetatik egiten ari den kudeaketa penagarria da. Zaintza langileen lan baldintzak hobetzeko ez da inolako neurririk hartzen. Sistema publikoa indartu beharrean, pribatizazioan sakontzen jarraitzen dute. Lurraldeen arteko desorekarekin ez ikusiarena egiten dute. Zerrenda luzea osa genezake aldarrikatzen dugunaren kontrako norabidean hartzen dituzten neurriekin.

Zaintzaren problematikak borroka feminista dimentsio ugarietara zabaltzeko aukera eman digu. Ardatz ezberdinetan zapaltzen gaituen sistemari, beste sistema baten proposamenarekin erantzun diogu. Aspaldi ikasi genuen arazo sistemikoei erantzun sistemikoekin erantzun behar zaiela.

Sistema heteropatriarkal kapitalista eta arrazista honetan, emakume* langileok gara kolpatuen. Soldata arrakalaren datuak ikustea besterik ez dago hori baieztatzeko. Emakumeok ditugu lan prekarioenak. Lan erregimen orokorretik kanpo dauden lanen gehiengoa ere emakumeon gain dago, eta ordaindu gabeko lanaren gehiengoa ere bai, azken horiek zaintza lanei estuki lotutakoak. Horregatik guztiagatik diogu sistema hau jasanezina dela eta berau iraultzeko neurriak hartzea urgentea dela, emakume langileon bizitzak daude jokoan.

Proposamen integralak egiteko espazio eta denborak partekatu behar ditugu. Ezin dugu desiratzen dugun herria eraiki gaurtik hartu beharreko urratsetan pentsatu gabe. Bizi dugun sistema heteropatriarkala suntsitu eta bizi eredu eraldatzaileak eraikitzera goaz gaurdanik, eta trantsizio horretan urgentziazko neurriak adostu, exijitu eta hartu behar ditugu.

Mugimendu Feministan aspaldi erabaki genuen zain ez egotea, eta azken urte luzeetan emandako pausoak egindako lanaren ondorio izan dira. Aipatutako guztia ez litzake posible izango militantziarik eta antolakuntzarik gabe. Norbanakotik hasita, marko eta plano ezberdinetan antolatzea ezinbestekoa da; begirada eta borroka ezberdinetatik transbertsalitatea jostea. Dimentsioak zabaltzea. Auzoetan, herrietan, herrialdeka nahiz marko nazionaletan.

Hori guztia egiteko ezinbestekoa zaigu dimentsio ezberdinetan egongo diren agenteak aktibatzea eta Mugimendu Feministatik nahiz herri mugimenduetatik erantzun artikulatu bat eratzea. Historiak erakutsi baitu gauzak lortzeko ez dagoela antolakuntzaren bitartez borrokatzea besterik.

Orain arteko bide beretik jarraitu behar dugu, herriz herri eta auzoz auzo. Mugimendu Feminista indartsu eta osasuntsu bat eratzen jarraitu behar dugu etorkizunean ditugun erronkei oinarri sendoa jartzeko. Merezi du mugimendu honen parte izateak, mundua aldatzen ari da eta gu mundua aldatzeko ari gara!

Gora borroka feminista! Gora Euskal Herria Feminista! Gora Bilgune Feminista!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.