Sindikatuek hezkuntzako greba hauetan hartu duten rolarekin tematuta ageri banaiz, neure arrazoiak ditudala adierazi nahiko nuke; izan ere, sindikatuek diseinatuak izatearen ondorioak ez dira gutxi, eta banan-banan aztertu nahiko nituzke:
1.- Sindikatuek mobilizazioa, por defecto eta inongo eztabaidarik gabe, grebarekin lotu dute. Greba, dirudienez, protestarako bide bakarra da eta ematen du kasik bere horretan helburua dela, eta ez helburu jakin bat lortzeko tresna posiblea. Esango nuke, ostera, greba helburu edo aldarrikapen batzuk lortzeko erabili daitekeen tresna bat besterik ez dela eta, horrela izanik, gerta liteke tresna hori aukeratzea ala beste bat, helburu hori lortzeko duen egokitasunaren arabera. Ostera, helburu bat baldin bada bere horretan, ez dago kuestionatzerik, eta grebarekin ados agertzen ez diren jarrerak zuzenean —eta era dikotomikoan— protestaren aurkako jarrera gisa hartuak izango dira.
Baina errealitatea ez da dikotomikoa, eta kontua da irakasle asko garela protestarako arrazoiak egon badaudela ikusten dugunak, baina grebaren aldarrikapenekin eta metodologiarekin ados ez gaudenak.
Bide batez, planteamendu dikotomikoek egun duten hedapen beldurgarriaz ohartarazi nahiko nuke: honen alde zaude ala baztertua izango zara. Hainbat arlotan izaten den planteamendu manikeoa da hau. Are harrigarriagoa hau gurean gertatzea; ematen du ahaztu dugula herrialde honetan planteamendu dikotomikoak luzaroan izan direla erabiliak edozein eztabaida sakon aldez aurretik zapuzteko eta antzutzeko… Edo ahaztuta daukagu jada demokratak ala terroristak dikotomiaren ezarpenak ekarri zuena? Diskurtso dikotomikoan markoa aldez aurretik erabakita dago eta bertan bi aukera daude soilik; marko polarizatu horretatik kanpo ezereza ei dago. Planteamendu dikotomikoek, zalantzarako aukerak uxatzeaz gain, jendea banatzeko ere balio dute. Ez dezagun irakasleria banatzen utzi.
2.- Sindikatuek planteatutako greba formatua jatorrian enpresa eta fabriketan aurrera eraman izan den formatua da, baina eskola ez da enpresa, Jaurlaritzak aspalditik hezkuntza modu merkantilistan ulertu nahi izan badu ere. Hezkuntza gizartearen oinarrietariko bat da, ezin da irabazien edo galera ekonomikoen eztabaidan sartu. Horregatik izan behar du publikoa, mundu guztiarentzakoa eta gizartearen zerbitzura jarria. Eta badakit gu irakasleok langileak ere bagarela, baina greba bat planteatzen badugu, ezin dugu enpresaren formatuan planteatu, gure ikasleak ez direlako produktuak, familiak ez direlako bezeroak eta zuzendaritzakoak ez direlako enkargatuak, gure kideak baizik. Kideak, ikasleak eta familiak gure komunitatearen parte dira, hezkuntza gurekin batera osatzen dutenak. Ezin dugu Eusko Jaurlaritzaren planteamendu merkantilista salatu eta, ondoren, geuk ere logika berberari jarraituz, gure greba enpresa formatuan planteatu.
Alde horretatik, gure greba aurrera eramateko familiak eta ikasleak kaltetzearen ideia zentzugabekeria erraldoia iruditzen zait; oinez ibiltzeko saiakeran geure buruari hankan tiro bat ematea bezain zentzuduna. Grebaren aldarrikapenetan esango nuke ikasleak eta familiak apenas agertzen direla, eta hori pena handia da, jakinda gainera ikasleak ere beren aldetik protestetan dabiltzala. Hezkuntzaren gabeziak kolektibo honen partaide garen guztiok sufritzen ditugulako. Eta, aldarrikapenetan ageri denaren kontra, esango nuke hezkuntzaren gabeziak eta akatsak ez direla hainbeste kuantitatiboak, kualitatiboak baizik. Bestela, ordutegi hobea eta soldata altuagoa edukita arazorik ez dela eta gauzak berdin egiten jarraitzeko prest gaudela ulertzera emango dugu.
Horrez gain, aldarrikapenak, beste edozein enpresatako langileek egin dezaketen moduan, baldintza kuantitatiboetan zentratzen baldin baditugu, beste sektoreetan askoz baldintza okerragoetan dauden (eta agian, bide batez, gure eskoletako grebetan kaltetutako gurasoak diren) langile horien gorrotoa eta deskreditoa besterik ez dugu irabaziko. Alde horretatik ere, beste tiro bat geure buruari hanketan.
3.- Sindikatuek irakasleria erabiltzen dute presio-gailu gisa, gerrarako erabiliko den peoi-armada gisa, eta mobilizatzeko eskatzen diote, baina irakasleriak ez dauka inongo esku-hartzerik, ez ahotsik, aldarrikapenen proposamenetan, ezta gatazkaren akordioetan ere. Akordiorako elkarrizketak sindikatuen eta Eusko Jaurlaritzaren artean dira; biek eztabaidatuko eta adostuko dute zer den egokiena eta onargarria guretzat, irakasleontzat, eta, bide batez, ikasleentzat ere. Horrela, sindikatu eta Hezkuntza arduradunak bilera supergarrantzitsuetan biltzen direnean, irakasleok publiko mutu bezala itxoin beharko dugu, ordu txikiak arte beharrezkoa bada, hurrengo egunean 500 euro (guri, ez beraiei) kostatuko zaigun grebarekin hasi behar dugun ala ez jakiteko.
Astelehen arratsaldean sindikatuek Eusko Jaurlaritzakoekin akordioa lortu izan balute bat-batean, hainbeste denboraz irakasleak grebarako xaxatu eta gero, azkenengo momentuan «ez, ez, jada ez dago greba egiteko arrazoirik, bihar denok normaltasunez lanera» esango ziguketen, eta guk amen, eta txintxo-txintxo lanera. Hezkuntza organoetatik datozkigun erabaki autoritarioak kritikatzen ditugu baina desobedientzian ere obedienteak gara.
Nire ustetan, argia da sindikatuek bestelako interesei jarraitzen dietela. Norbaitek ikusi zuen akaso sindikaturik curridigiaren bulldozerra agertu zenean? Entzun dudanez, curridigiaren kontua ez omen zen sindikatuen lehentasunetariko bat. Argi dago, bai.
4.- Honetan guztian suma daitekeen beste dikotomia bat ere jarri nahiko nuke agerian, sindikatuen funtzionamenduaren erroan dagoena, eta ez soilik sindikatuenean, baizik eta Euskal Herriko kulturaren —eta are gehiago militantzia arloaren— erroan dagoena: egitea versus ez-egitea. Horren arabera, egitea akzioa litzateke eta kasu guztietan ez-egitea baino hobea izango litzateke, azken hau pasibitatearekin eta etsipenarekin lotuta legokeelako. Dikotomia hori berau eta egitearen aldeko apustu irmoa euskal izaeraren euskarri bat izan direla esatea ez da ezer berria.
Baina, ekialdeko tradizio askori esker, besteak beste, badakigu ez-egitearen bideak ere botere handia izan dezakeela eta ez dagoela zertan beti etsipenarekin lotu… Nik, behinik behin, egin nahikoa gauza eta sobera egiten ditugula deritzot, eta agian orain momentuan dagokiguna ez-egiten ikastea da. Goitik behera datozkigun produktu eta agindu prefabrikatuen aurrean, curridigi zein greba, eta Melvilleren ipuinean agertzen zen Bartleby pertsonaiaren jarrera aztoragarri hura gogoratuz… akaso ez litzateke interesgarriago ez-egitearen bidea hartzea? Alegia, egiteko gauzez gainezka gaudelarik (horietariko asko absurdoak; beste gutxi batzuk, berriz, funtsezkoak) eta gure gaitasunak mugatuak direlarik, saihetsezina da aukeratu beharra. Geuk aukeratzen ez badugu, patuak, prisak edo instantzia gorenek aukeratuko dute zer egin eta zer alboratu.
Aldarte horretan, hobe genuke gure lehentasunak zeintzuk diren argi izan eta zentzugabekoak —eta are kaltegarriak ere— diren egiteko horiei zuzenean uko egin. Baina hori banakako zentroetan kolektiboki adostea funtsezkoa da, noski, eta egun batzuetako greba baino luzeagoa den prozesu baten beharra dauka.
Hau guztia esanda, beste behin ere aldarrikatu nahiko nuke hezkuntza komunitateak berak, eta ez sindikatuek, determinatu behar dituztela hezkuntzaren beharrak, bai eta horiek lortzeko beharrezkoak diren borroka, aldarrikapen edo estrategiak ere.
Garaiotan marko berri bat zabaltzen ari da (ez bakarrik hezkuntzan), eta grebek historikoki eskubide sozialak irabazteko balio izan badute ere, orain errealitatea ulertzeko eta izendatzeko kategoria berriak, hitz berriak eta, zergatik ez, borroka tresna berriak ere behar ditugu... Marko eta parametro historikoak zaharkituta daude, edo hobeto esanda, botereak asimilatuta. Hannah Arendt-en esamolde famatu bat gogora ekarriz bukatu nahiko nuke: Denken ohne Geländer; mugarririk edo bidea markatuko digun barandarik gabe pentsatu behar dugu orain, aurreko gida ziren mugarriek jada ez dutelako balio. Izango al ditugu hori egiteko beharrezkoak diren irudimena eta autokonfiantza?